EAJk eta PSEk oposizioaren zenbait zuzenketa partzial onartuko dituzte

30 milioi euroren balioa dute aurrera aterako diren proposamenek. EH Bilduk dio «errealitateak aurrean eraman» duela gobernua. EP-IUk «EAJren eredu politikoari» egin dio osoko zuzenketa

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea hitz egiten hasi aurretik, atzo. BERRIA.
xabier martin
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Ezusterik ez da izan Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzaren aurrekontuak itzultzeko oposizioaren eskaeraren inguruan: gobernukoak ez beste talde guztien osoko zuzenketak baztertu egin ditu ganberak, EAJren eta PSEren botoei esker. Baina osoko bilkurak utzi du berritasun bat: Jaurlaritza osatzen duten alderdiek oposizioko zenbait zuzenketa partzial onartuko dituzte, eta horiek 30 milioi euroren balioa dute, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak azaldu duenez. Azpiazuk ez du zehaztu zein zuzenketa diren onartuko dituztenak, baina «politika publikoak» hobetzen dituztela esan du, «Jaurlaritzaren proiektuarekin lerrokatzen direlako».

EH Bilduri eta Elkarrekin Podemos-IUri aurrekontuak negoziatzeko «benetako borondaterik» ez dutela izan aurpegiratu die Azpiazuk. Gobernua osatzen duten alderdien babesa handitu nahi zuela errepikatu du, «akordiorako jarrera»bazuela, oposizioak ikusi omen duenez.

EH Bilduri esan dio «harriturik» ikusi dituela koalizioak egin dituen eskaerak. Egungo egoera azaltzeko «sistema krisia, Osakidetzaren degradazioa» eta tankera bereko esamoldeak erabili izana ez du ulertu sailburuak. «Beste leku batzuetan ez dituzte guk ditugun antzeko arazoak?», galdetu du, betiere koalizio subiranistak Espainiako Gobernuarekin egindako aurtengo akordioari erreparatuz.

Horregatik, koalizioari esan dio ez duela «zintzotasunik» eduki negoziatzeko, «atea itxi» duela hasi bezain laster. Eta berriro Espainiako aurrekontuen onarpena aztertzen hasi da. «Hango gobernuak gehiengo absolutua izan balu, akordioa egingo zenuten harekin?», galdetu die koalizioko legebiltzarkideei. Eta Azpiazuk berak erantzun du haren «eskarmentu politikoa» aintzat hartuz: «Ez».

Elkarrekin Podemosentzat antzeko hitzak izan ditu Azpiazu sailburuak. «Koherentzia» eskatu dio, «ezin delako esan aurrekontu hauek kontserbadoreak direla». Hau da, Espainiako Gobernuak onartu dituenak baino kontserbadoreagoak ez direla uste du sailburuak, eta «errealismoa» eskatu dio EP-IUri.

Politika fiskalaren gaiari buruz ere aritu da sailburua. Gogoratu die ezkerreko parlamentariei Jaurlaritzak urte hasieran hausnarketa bat abiaraziko duela egungo fiskalitateari buruz; «baina ezin da hausnarketa horren emaitza jakin orain», ohartarazi du. Europan izaten ari diren aldaketa fiskalak aintzat hartuko ditu hausnarketa horrek, Azpiazuren arabera, baina, orain, «ezin da aurreratu gehiago».

EH Bilduren erantzuna

EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarenak erantzun dio Azpiazuri, esanez Jaurlaritza ez dela ulertzen ari «mundu mailako aro aldaketa», eta dagoeneko «zainketa paliatiboek» ez dutela balio gertatzen ari denari erantzuteko. Gobernua herritarrengandik «gero eta urrunago» dagoela ziurtatu du koalizioko kideak, Osakidetzaren krisian islatzen denez. «Osakidetza ZIUan dago», esan du Kortajarenak ozen ganberan. «Herritarrek ez dute ulertzen gobernu honen jarrera».

EH Bilduk «egiturazko aldaketak» proposatu dituela azaldu du Kortajarenak, «tiritek ez baitute balio», eta hitz horiek «tabua» direla Jaurlaritzarentzat. «Ez zarete errealitatea ongi irakurtzen ari», esan die EAJko legebiltzarkideei. «Errealitateak aurrekontuak gainditu ditu jada. Sailburuak neurri berriak aurkezten ari dira dagoeneko, aurrekontuez harago. PSEk berak esaten du tartea badela horretarako, eta Eneko Anduezak onartu du fiskalitatea aldatu behar dela». Kortajarenak esan du, umore zertzelada batekin, PSE-EE aurrekontuei «osoko zuzenketa jartzeko gogoz» geratu dela.

Azpiazuk EH Bilduk Madrilen akordioa egin izana gogoratu duela eta, Kortajarenak argitu du Madrilen eta Iruñean akordioak egin dituztela, eta Gasteizen ere bai, aurreko urteko aurrekontuei erreparatuz, eta hezkuntzaren alorrean dagoena gogoratuz. Gainera, Urkullu lehendakariak oposizioarekin lortutako adostasuna sarritan nabarmendu duela esan du: «Argumentu hori berritu behar duzue». EAJri akordio baten aldeko «plantak» egitea leporatu dio, eta koalizioak «zintzotasunez» jokatu duela ikustean ez zuela «inolako asmorik» akordio bat egiteko; «oposizio guztiak ikusi du hori».

Gauzak «errotik aldatzeko unea» dela helarazi du Kortajarenak, eta EAJk ez duela nahi izan «badauden bitartekoak» aprobetxatu horretarako. Horregatik eskatu duela koalizio abertzaleak aurrekontuak itzultzea.

EPren erantzuna

EP-IU taldean, Miren Gorrotxategi bozeramaileak hartu du hitza, Azpiazuri gogorarazteko PPrekin lotu zuela, «aurrekontu batzuen negoziazioan hain zuzen», azken erreforma fiskala, eta sozietate zergaren tasa apaltzen duela hark. Harentzat, «premiazkoa» da erreforma fiskala egitea, «langileen errentek eta BEZak» egiten dutelako ekarpen handiena bilketan.

«Bizitzaren garestitze izugarria» gertatu dela gogoratu du Gorrotxategik, eta hortik abiatu beharko luketela aurrekontuek. Industria politika, hezkuntza politika eta Osakidetzaren krisia gogor salatu ditu, eta argitu du haren taldeak aurkeztutako osoko zuzenketa ez dela 2023ko aurrekontuei egindakoa, «baizik eta eredu politiko oso bati» egina; edozein esparruri begiratuta ere, «borondate pribatizatzailea» erakusten baitu Jaurlaritzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.