Transen eskubideak murrizten dituzten zuzenketen aurkako adierazpena. Goiburu hori du Euskal Herriko LGTBI kolektibo batzuek ondutako manifestuak, eta Espainiako Kongresuan tramitatzen ari diren trans legea lehenbailehen onar dadila eskatzeko egin dute. Loratuz Lotu, Siendo Tu, Dekumas, Fenix, Lumagorri, Transkolore, Kattalingorri, EHGAM, Ozen! LGTB, Sare Lesbianista eta Safikak taldeek sinatu dute agiria, eta Espainiako Gorteetan ordezkaritza duten euskal diputatuei mintzatu zaizkie, zera galdegiteko: trans legearen onarpena bultzatu dezatela, «epeak gehiago luzatu gabe» eta «egoera premiazkoa dela kontuan hartuta».
Izan ere, lege proiektuaren tramitazioa gatazkatsua izaten ari da Espainiako Gorteetan, batez ere PSOEren barruan badirelako legearen kontrako ahotsak. Are: transen eskubideak mugatzen eta legearen oinarriak urardotzen saiatzen ari dira sozialistak zuzenketen bitartez. Besteak beste, genero autodeterminazioari jarri dizkio trabak PSOEk; zehazki, zuzenketa batean eskatu du 14 eta 16 urte artekoek baimen judiziala behar izatea sexu aipamenean aldaketa egiteko. Jatorrizko lege proposamenaren arabera, ordea, adin horretan daudenek ez dute epaile baten baimenik behar.
PSOEren jarrerak hautsak harrotu ditu Espainiako gobernu koalizioan, eta asaldura eragin du kolektibo feminista batzuetan eta LGTBI mugimenduan. Hain justu ere, manifestua sinatu duten Euskal Herriko LGTBI kolektiboek Hego Euskal Herriko diputatuei eskatu diete transen eskubideak zabaltzea helburu duten zuzenketak babesteko, eta, aldi berean, transen «eskubideak edo duintasuna» murrizten dituztenak baztertzeko. Legea bozkatzeko garaia iristen denerako, berriz, galdegin diete beren alderdiko boto diziplina haustea baldin eta beren botoarekin araua oztopatuko edo transen eskubideak murriztuko dituen zuzenketaren bat onartzekoak badira. Are, PSE-EEko eta PSNko diputatuei eta senatariei eskatu diete transen eskubideak «beste interes batzuen gainetik» defendatzeko eta eskaera horiei atxikitzeko.
Izan ere, agirian kolektiboek gogora ekarri dute trans legeak «oztopo asko» gainditu behar izan dituela Madrilgo Kongresuan. Deitoratu dute trans elkarteek 2021eko maiatzean proposatu zuten testuaren tramitazioa baztertu zela, eta, ondoren, Ministroen Kontseiluak landutako proposamen berriak « eskubideen murrizketa argia» jasotzen zuela. Halaber, salatu dutenez, Berdintasun Ministerioak lege proiektua premiaz tramitatu arren, Estatu Kontseiluak hilabeteak behar izan zituen txostena egiteko, eta, behin legebiltzarreko tramitazioa hasita, alderdi sozialistak «behin eta berriz» luzatu du prozesua, «eskuinaren eta ultraeskuinaren babesarekin».
«Indarkeria ugari»
LGTBI kolektiboek gogoratu dute ezen, legearen tramitazioa oztopatzen den bitartean, transek «indarkeria ugariri» aurre egin behar izaten dietela egunero. «Transfobia gure bizitza une oro zeharkatzen duen egiturazko indarkeria bat da; lanaren, eskolaren, osasunaren, erakundeen eta abarren esparruan». Horregatik, salatu dute legearen tramitazioa luzatzeak areagotu baino ez duela egin transen aurkako indarkeria: «Trans identitateak hizpide izaten dira, eta mundu guztiak du iritzia emateko eskubidea; hori gertatzen den bitartean, gure aurkako indarkeria giroa handituz doa». LGTBI kolektiboek uste dute «gezurrez betetako eztabaida bat» sortu dela, transak baztertzeko helburu argiarekin.
Horregatik, trans kolektiboa «eskubideen subjektu gisa» aitortzeko eskatu dute, «indarkeria giro horri amaiera emateko». Uste dute genero autodeterminazioaren eskubidea «inolako mugarik gabe» onartzea bermatu behar dela, eta gogora ekarri dute eskubide hori jasota dagoela jada EAEko eta Nafarroako legeetan. «Posible izan bazen hango legebiltzarretan gehiengo politikoak eskubide hori onartzea, orain zergatik ez?».
Trans legea «berehala» onartzeko eskatu dute zenbait LGTBI taldek
Espainian tramitatzen ari diren araua gehiago ez atzeratzeko eskatu diete Hego Euskal Herriko diputatuei. Boto diziplina haustea galdegin diete, transen eskubideak babesteko baldin bada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu