Sexu bereizketa dela eta, bi zentroren ituna eteteko prest azaldu da Gimeno

Iruñeko Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxe erlijiosoek «LOMLOE legea urratu» dutela ebatzi du Hezkuntza Departamentuak. Zentro horiek ez dute ikasgela mistorik eskaintzen Batxilergoan

Miravalles-Redin itunpeko ikastetxea, Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun

Lehengo lepotik burua. Itunpeko ikastetxe erlijioso batzuek ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzte oraindik. Nafarroako Hezkuntza Departamentuko ikuskaritza zerbitzua izan da aspaldi jakina zen errealitate hori azaleratu duena: ikerketa egin du Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga itunpeko zentroetan, eta ondorioak zurian beltz helarazi dizkio Hezkuntzako zuzendaritza nagusiari: «Batxilergoari dagokionez, ikastetxe horiek ez dira betetzen ari LOMLOE legean ezarritakoa», laburbildu zuen atzo Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak. Izan ere, Espainiako hezkuntza legean ezarria dago ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeek ezin dutela diru publikorik jaso. 2020ko abenduan onartu zen araua, baina, praktikan, ez da ezer aldatu: Nafarroako bi eskola segregatzaileei ituna berritu diete urtero.

Ikusi gehiago:Analisia: 'Ikasturte hasierako gidoia'.

Lehen Hezkuntzan sexu bereizkeria «era mailakatuan» bukatzeko hitzarmena sinatu zuten gobernuak eta ikastetxe horietako zuzendaritzek, finantzaketa ituna berritzeko baldintza gisara. Lehen mailatik hasita, ikasleak «era progresiboan» nahasteko konpromisoa hartu zuten ikastetxeek: hala, iaz maila bakarrean eskaini zituzten ikasgela mistoak; aurten, berriz, bitan: LHko 1. eta 2. mailetan, hain zuzen. Hezkuntza Departamentuak 2026-2027ko ikasturtea jarria zuen epemugatzat, ikastetxe horietan sexu bereizketa erabat bukatzeko.

Batxilergoan, baina, egoera ezberdina da. Hezkuntza Departamentuak uste du ziklo horretan hezkuntza mistoa eskaini beharko litzatekeela ikastetxe guztietan, salbuespenik gabe. Ikuskaritza zerbitzuak ebatzi du gaur egun ez dela halakorik gertatzen Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxe pribatuetan, eta hori «ituna bertan behera uzteko motibo» izan daitekeela esan du Hezkuntza kontseilariak. Hala ere, hori ez da berehalakoan gertatuko. Aurretik, «prozedura administratibo argi bat adostu» behar dela esan du Gimenok, «segurtasun juridikoa» emate aldera: «Ikastetxeek aukera izanen dute alegazioak aurkezteko; eta, behin horiek jasota, departamentuak erabakiko du itunari eutsi edo hura bertan behera utzi».

Ezkerra: «PSN ez da serioa»

Ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeen itunak bertan behera uztearen alde azaldu da PSNko bozeramaile Ramon Alzorriz: «Legea urratu badute, eten diezaietela ituna. Argi eta garbi». Ezkerra taldeko Marisa de Simonek, berriz, gogor kritikatu du gobernu taldearen jarduna: «PSNrekin beti berdin: gauza bat esan eta beste bat egiten du. Ez da serioa sexu bereizkeria diruz laguntzen segitzea». Koalizioak auziaz galdetuko du ostegunean, parlamentuko osoko bilkuran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.