Ekainaren 1ean jarri zen martxan Eusko Jaurlaritzaren Berritze plana. Orduz geroztik, arreta psikosozialeko programak 602 pertsonari eman die arreta; horietatik 276, babes estatutua duten pertsona ukrainarrak, eta 326, harrera familietako pertsonak. Programan sartzen den pertsona bakoitzarekin prozesu erabat desberdinak izaten diren arren, hiru helburu nagusi lantzen dituzte erabiltzaile guztiekin: errealitate berrira egokitzea, atzean utzi dituzten pertsona eta ondasunek eragindako dolua gainditzea eta ziurgabetasunari aurre egitea. Horretarako, elkarri entzuteko guneak, orientatzeko eta aholkularitzako lekuak eta aisialdi terapeutikoko ekintzak sortu dituzte. Atzo, esaterako, Gasteizko Alde Zaharrean bisita gidatua egin zien Julen Diaz de Argotek.
Helduentzako zein adingabeentzako terapiak taldean egiten dituzte Berritzeko psikologoek. Oihane Garamendi eta Veronica Gallo arduratzen dira bereziki helduekin lan egiteaz, eta Anna Kotsegubova aritzen da, berriz, umeekin. Errusia da azken horren jaioterria, eta, programaren psikologo taldeko kidea izateaz gain, errefuxiatuei gaztelania irakasteko bi akademia ditu Bilbon. Berritzek antolatzen dituen ekintzetan itzultzaile lanetan jarduten du, errefuxiatuei gaztelerazko hitzak errusiarrera itzuliz. «Nik ez dakit ukraineraz hitz egiten, eta, haiekin errusieraz egin aurretik, familia errusiar-ukrainarrekoa naizela esan behar diet. Egia jakingo balute, gatazkak sortuko lirateke, eta nahiago dut haiek eragotzi».
Kotsegubovarentzat zaila da gerraren ostean bere nazionalitatea definitzea: «Nire familiak Errusiaren etsaia naizela uste du; gerra hasi zenetik, harremana asko hoztu da gure artean. Eta, noski, gainerako leku guztietan Ukrainaren etsaia naiz».
Berritze programa martxa onean badoa ere, instituzioen babes falta sentitzen dute familia guztiek. Esperanza Martinez eta Miguel Bermejo senar-emazteek bost errefuxiatu hartu dituzte: Karina Shestopal, haren senarra, bi seme-alabak eta ama. Gasteizko Abetxuko auzoan bizi dira zazpiak, duela bost hilabete bi pertsona bizi ziren etxe berean. Pozik zabaldu zizkieten ateak gasteiztarrek, baina instituzioen aldetik sumatu duten ardura faltak asko gogaitzen ditu. «Euskal Herrian ez dago laguntzarik; ez udalean, ez Eusko Jaurlaritzan. Espainian CEAR dago, baina harrera etxeetan bizi direnak baztertu egiten dituzte; sistematik kanpo geratzen dira», adierazi du Martinezek.
Shestopalek ondo gogoratzen du Ukrainatik Euskal Herrirako bidaia: Ukrainatik Poloniara amaierarik gabeko karabana; Krakoviatik Varsoviarako bidaia; eta, amaitzeko, Varsoviatik Bilborako hegazkina. Laguntzeko prest agertu omen ziren taxilari batzuek ekarri zituzten Gasteizera. Iritsi eta gutxira joan ziren Bermejo eta Martinezekin bizitzera. Hala ere, hasieran ez ziren amarekin bizi, «bera beste etxe batera bidali baitzuten»; baina, azkenean lortu zuen bostak —edo zazpiak— elkarrekin bizitzea. «Guretzat askoz errazagoa da horrela. Amak seme-alabak zaintzen ditu, eta senarra eta biok lan bila atera gaitezke».
Egunero ibiltzen da Shestopal jatetxeetara eta dendetara curriculumak bidaltzen, baina hizkuntza «hesi erraldoi bat» da harentzat. Hizkuntza oztopo izan arren, ikasle fina da ukrainarra. Bere kabuz ikasten du gaztelania, Interneten, badaki asko hobetu duela hona iritsi zenetik.
Alaba da etxeko txikiena —urte bat besterik ez du—, eta «asko zaintzen dute» haurtzaindegian. «Liburuak eta jolasak ematen dizkigute, harekin batera guk ere euskara ikas dezagun, baina zailegia da», esan du Shestopalek. Semeak, berriz, 11 urte ditu, eta aurten ikastolatik institutura pasatuko da; hain zuzen, Los Herran ikastetxera. Izan ere, Martinezek adierazi duenaren arabera, gaztelaniarik ez dakiten ikasleentzako «gela berezia» irekiko dute bertan: «Ume batentzat oso zaila izan daiteke soilik euskaraz edo gazteleraz egiten duten umeekin hitz egitea». Martinezek, ordea, uste du nahikoa dela gela horretan urte bat igarotzea: «oinarri bat izan arte», eta gero «gainerakoekin elkartu, segregazioa eta bazterketa eragozteko».
«Atzean uzten duguna»
Gasteizera iritsi zirenean, izu jasangaitza ematen zioten Forondako hegazkinek Shestopali: «Ukrainan, hegazkinaren ostean, beti dator bonba». Orain ere, albisteak ikusten dituenean negarrez hasten da. Izan ere, haren aita koronela da Ukrainako armadan, eta «oso zaila da bera han dagoela pentsatzea».
Hala ere, oztopo guztien gainetik, familia berri bat sortu dute Abetxukon, Martinez eta Bermejori esker. «Atzean uzten duguna asko bada ere, haiei esker pozik bizi gara; asko zor diegu».
Jaurlaritzaren Berritze programak 602 errefuxiaturi eman die arta
Errefuxiatuen eta harrera familien ustez, instituzioen laguntzarik eza oztopo larria da gizarteratzeko garaian. Uste dute Berritze programak eskaintzen dien laguntza psikosoziala ez dela nahikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu