Garesti atera diren maskarak

Esparzak (UPN) kontuak eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari, Sodenako buruaren kargugabetzea dela eta: «Icebergaren tontorra da». Txibitek, berriz, gobernuaren «gardentasuna» nabarmendu du

Elma Saiz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, eta Mikel Irujo, Garapen Ekonomikorako kontseilaria, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Pilar Irigoien Sodena sozietate publikoko zuzendariaren kargugabetzeak hautsak harrotu ditu Nafarroan. Auziaren erdian, hiru gako nagusi: pandemiaren hasieran CEN Nafarroako Enpresarien Elkargoarekin sinatutako hitzarmen bat, milioi bat euroren galerak eta diru publikoekin ordaindutako 1,7 milioi maskara, biltegi batean gordeta.

Osagai horiek guztiak baliatuta, UPNko presidente Javier Esparzak gogor jo du gobernuaren kontra. «Kontrolik eza, arduragabekeria eta ondare publikoari eginiko kaltea» nabarmendu ditu. Izan ere, Navarra Suma osatzen duten alderdien arteko harremanak okerrenean diren garaian, Esparzak ongi probestu du arreta mediatikoa gainetik kendu eta Maria Txibiteren gobernua estualdian jartzeko aukera.

Ikusi gehiago:Gakoak

UPNko buruaren esanetan, Nafarroako Gobernuaren ikuskaritzak atzemandako irregulartasunak «izozmendiaren tontorra» dira. Are: Pilar Irigoienen kargugabetzea aski ez, eta jopuntua gorago jarri du Esparzak, erantzukizun politikoa Ogasun kontseilari Elma Saizena dela iritzita: «Erantzukizun osoa gobernuarena da, baina Sodenako zuzendaria kargugabetu dute. Ziurrenik, pertsona horrek ez zituen gauzak behar bezala eginen, baina susmoa dut pagaburu gisa erabili dutela, Elma Saizen oniritziarekin egin baitzen dena».

Nafarroako Gobernuko eta Sodenako arduradunek, berriz, prozesu osoaren «gardentasuna» nabarmendu dute. «Gobernua ikuskatzeko eta fiskalizatzeko barne prozedurek behar bezala funtzionatu dute», esan du Maria Txibite lehendakariak: «Gobernuak berak atera du auzi hau argitara, erabateko gardentasunez, eta Kontuen Ganberaren esku jarri du txostena, administrazioa kontrolatzeko funtzioa bete dezan». Txibitek azaldu du gobernuak «beharrezko azalpen guztiak» emanen dituela Nafarroako Legebiltzarrean. Erabili gabe geratu diren 1,7 milioi maskarei dagokienez, berriz, lehendakariak esan du gobernua lanean dela material horri «erabilera bat emateko».

Garapen Ekonomikoko kontseilari Mikel Irujok ere prozesu osoaren «gardentasuna» izan du hizpide. «Nafarroako Gobernuaren ikuskatze txostenak ondorioztatu du Sodenak gobernuaren berariazko baimen bat behar zuela» maskarak erosteko, eta ez zuela halakorik eskatu. «Egoera horren argitara, Sodenaren administrazio kontseiluak erabaki zuen Pilar Irigoien kargutik kentzea». Izan ere, Irigoienek sinatu zuen kontratua.

Izurri garaiko erabakia

Irujok gogorarazi du maskara kirurgikoak inportatzeko operazioa «konfinamendu garaian» hartutako erabakia izan zela, eta «egoera kaotiko horren barruan» ulertu behar dela: «2020ko martxo-apiriletan ez genuen babes pertsonalerako materialik, eta apirilaren 7an, ikusita industriaren jarduera pixkanaka berpizten has zitekeela, enpresek materiala eskatu zuten, langileen osasuna bermatzeko». Hori dela eta, Sodenak «bi milioi euroko mailegua» egin zion Albyn Medical enpresari, Txinatik maskarak ekar zitzan. Kopuru horretatik, 1,2 milioi galduak ditu jada sozietate publikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.