Fronte judizialean katigatuta

Auzitegi Gorenak bi absoluzio epai atzera bota ditu bi egunean. Iparragirrek eta Albisuk uko egin diote deklaratzeari. Izko abokatuak salatu du zabaltzen ari diren prozedurak «larriak» direla

Mikel Albisu, iazko abenduan, Donostiako auzitegira iristen. Orduan ere deklaratzera deitu zuten, Gregorio Ordoñezen hilketaren harira. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Gurutze Izagirre Intxauspe - Jon O. Urain
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
ETAk jarduera armatua eten eta 11 urtera, gatazkaren ondorioen konponbidean kontrako eragile da oraindik ere Espainiako judikatura. Azken hilabeteetan, ETAren zenbait atentatu berraztertzen ari da, ETAren zuzendaritzek zer erantzukizun izan zuten argitzeko, eta, azken bi egunetan, beste joera bat batu zaio horri: Auzitegi Gorenak atzera bota ditu bi absoluzio epai.

Ikusi gehiago: Esnal eta Parot askatzearen kontra egin du fiskaltzak

Atzo, Carmen Gisasola, Oscar Abad eta Jose Ramon Martinez absolbitu zituen epai bat baliogabetu zuten. 1990ean Ignacio Perez Alvarez Espainiako polizia hil izana egotzita epaitu zituzten. Zigorra ezarri zieten, baina, bigarren instantzian, auzia preskribatuta zegoela ebatzi, eta hirurak absolbitu zituzten. Goreneko fiskalak, ordea, errekurtsoa jarri zion erabaki horri, eta Manuel Marchena buru duen epaimahaiak epaiketa berriz egin dadila agindu du. Gorenaren arabera, «preskripzioa ezartzean erratu egin zen auzitegia, aurrez auzitegi horrek ebatzitako zigorra aldatzeko justifikazio erabat ahulak emanda».

Herenegun, berriz, Auzitegi Gorenak berak baliorik gabe utzi zuen Auzitegi Nazionalak iaz Marixol Iparragirre euskal presoaz emandako epai bat. Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zuen Iparragirre, baina Gorenak uste du froga bat baztertu zela «argudio ez-arrazionalak» erabilita.

Hain justu, Iparragirre atzo zen deklaratzekoa Auzitegi Nazionalean, Mikel Albisurekin batera. Manuel Garcia Castellon epailea Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia zenaren hilketa ikertzen ari da; auzia epaitua dagoen arren, Blanco hil zuten garaian —1997ko uztailean— ETAren zuzendaritzan kokatzen dituztenek erantzukizunik baduten ikertzen ari da epailea. Albisuk eta Iparragirrek uko egin zioten deklaratzeari.

Saio amaieran, Auzitegi Nazionala zabaltzen ari den prozeduren «larritasuna» salatu zuen Amaia Izko abokatuak, «prozedurak irekitzen ari direlako ETA erakundean arduraren bat izan duten horien kontra». Auzi horiek ez dute «inongo oinarririk, ez legerian, ez jurisprudentzian», Izkoren esanetan. Abokatuaren arabera, horrek gogora dakar «ingeniaritza juridikoa delakoaren garairik okerrena, non frogak artifizialki asmatzen, inputazioak artifizialki sortzen eta lege guztiak bihurritzen baitziren, eta, ondorioz, eskubideak birrintzen». «Mendekuagatik edo kontakizunaren bataila Auzitegi Nazionalean irabazteagatik» jardutea egotzi zien epaileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.