Koronabirusa

Adituentzat, «kutsakorrena» orain da birusa, baina ez «arriskutsuena»

Omikronaren BA.5 aldaera elgorriaren birusaren kutsakortasun mailan dago. Zehazteke dago oraindik nola eragiten duen. Gobernuek uste dute herritarrak «ahaldundu» eta informatu beharko lituzketela

Herritar batzuk maskararekin eta beste batzuk gabe, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Oihane Puertas ONA
2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun

Koronabirusaren intzidentziak gorantz jarraitzen du, eta horren adibide da, esaterako, azken hilabetean %42 egin dutela gora COVID-19agatik ospitaleratuek. Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak «zalantzarik gabe» dio zazpigarren olatua dela hau, eta 2022. urtea berrinfekzioen urtea dela. «Argi eta garbi» ikusten du hori: «Orain kutsatu zaitezke, baita hemendik hilabetera ere». Izan ere, adierazi du pandemia guztiko garairik «kutsakorrena» dela hau, baina ez «arriskutsuena».

Horrekin batera, gaur egungo egoera «delikatua» dela uste du Bengoak, herritarrek orokorrean barneratu dutelako birusa ez dela «oso arriskutsua». Omikronaren BA.4 eta BA.5 aldaerak dira azkenaldian hedatzen ari direnak. Bengoaren arabera, «oso kutsakorrak» dira, eta nabarmendu du batez ere BA.5 aldaera oso kutsakorra dela: «Elgorriaren birusa bezain kutsakorra da, eta hori da ezagutzen dugun birusik kutsakorrena».

Adrian Aginagalde epidemiologoak adierazi duenez, ordea, «zehazteke» dago oraindik aldaera horiek nola eragiten dieten herritarrei, hori neurtzeko «oso goiz» baita oraindik. Bide horretan, azaldu du ospitaleratzeetan oraingoz ez dutela desberdintasun «nabaririk» antzeman. Hala ere, «momentu honetan» ikusten ari direnez, batez ere 60 urtetik gorakoetan ari da intzidentzia tasa igotzen.

Horiek horrela, Bengoak ohartarazi du txertorik ez dutenak edo dosi gutxi jarriak dituztenak pauta guztia dutenak baino zaurgarriagoak direla. Horrekin, Aginagaldek indarrean dauden gomendioak betetzera deitu ditu herritarrak, baita sintoma edo esposizio «minimo» bat izan dutenak maskara espazio itxi guztietan erabiltzera bultzatu ere.

Aholkuei jarraitzeak ez du birusa desagerraraziko, baina «kontrolatu egingo da», azaldu du Bengoak. Horregatik, hain zuzen, uste du herritarrek nola jokatu behar duten jakin behar dutela. Bide horretan, adierazi du administrazioek eta gobernuek herritarrak «ahaldundu» beharko lituzketela, eta ziurtatu behar bezainbeste informazio dutela erabaki «egokiak» hartu ahal izateko.

Horrez gain, nabarmendu du enez, olatu bakoitzak osasun sistema «gero eta gehiago ahultzen» du, eta, Espainiako Gobernuak 67.000 osasun langile egonkortzeko lege dekretua onartu duen arren, «askoz gehiago» egin behar da sistema indartzeko.

Udazkena, «bero»

Bengoaren arabera, udazkena «bero» etorriko da, eta herritarrek horretarako prest egon behar dute. Koronabirusak, gripeak eta birus sintzitialak gora egingo dutela aurreikusten du, eta ohartarazi du gripearen aurrean gizartea «oso zaurgarri» dagoela: «Azken bi urteotan ez gara gripearekin kutsatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.