Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak 46 biktima aitortzeko eskatu du

1961etik 1997ra bitartean jasan zituzten erasoak. Sei hil egin zituzten, eta 28 torturatu. Eskatu dute kalte ordainak zehazten dituen legea aldatzeko

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak urteko txostena aurkeztu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Oihane Puertas ONA
2022ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Poliziaren abusu kasuak «ez dira iraganeko kontuak», eta, Juana Balmaseda Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeko presidentearen arabera, biktimei eta haien «senideei eta maiteei» eragindako mina artatu egin «behar» da. Min hori sendatzeko pauso bat da biktima horiek aitortzea, eta, bide horretan, Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak polizia indarkeriaren beste 46 biktima aitortzeko eskatu zuen atzo Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordearen aurrean, urteko txostenaren aurkezpenean.

2021eko uztailetik 2022ko ekainera bitartean, guztira 573 espediente ebatzi dituzte, eta horietatik 46 kasutan biktimak aitortzeko eskatu dute (sei emakume eta berrogei gizon). Kasu horiek «askotarikoak eta oso larriak» direla adierazi zuen Balmasedak: sei kasutan, esaterako, biktima hil egin zuten; 28 pertsona tortura edo tratu txar «larrien» biktima izan ziren; bostek balen bidez eragindako lesioak zituzten; lauk, gomazko pilotak eragindako lesioak; bik, erasoek eragindako lesio larriak, eta bati osotasun morala eta psikikoa urratu zizkioten.

46 abusu horiek 1961etik 1997ra bitartean erregistratuta daude: gehienak (28 kasu) 1971tik 1980ra jazo ziren. 1997an, berriz, kasu bakarra dago erregistratuta. 21 lagunek 21 urte baino gutxiago zituzten erasoa jasan zutenean, hamalauk 25 eta 34 bitartean, zazpik 35 eta 49 bitartean, eta lauk 50 urtetik gora.

Erasotzaileei erreparatuta, hemezortzi kasutan Guardia Zibilak egin zuen eraso, hamabostetan Espainiako Poliziak, eta lautan aurreko biek, baina atxiloketa desberdinetan. Ertzaintza kasu batean izan zen erasotzailea, eta, beste zortzi kasutan, «kontrolatu gabeko talde edo talde parapolizial» bat izan zen erasoa egin zuena.

523 kasu, onartu gabe

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak egin duen bigarren txostena izan da —iaz egin zuen lehenengoa—. Aurten ebatzi dituzten 573 espedienteetatik 523 ez dituzte onartu, eta, horren harira, 86 errekurtso jaso ditu batzordeak, horietatik hamabost epez kanpo.

Balmasedaren arabera, espediente horiek atzera botatzeko arrazoiak dira alegatutako egitateak ez direla sartzen 12/2016 legearen barruan. Izan ere, «ez dira botere abusuak edo estatuaren indarkeriaren erabilera ez-legitimoak eragindako egitateak edo urraketak», eta ez dago loturarik botere publikoen eta estatuaren jarduerarekin. Horrela, Balmasedak azaldu zuen ez onartzeak ez duela esan nahi biktima horiek ez dutela errekonozimendurik merezi, baizik eta kasu horiek ez direla lege horren esparruan sartzen.

Onartu ez dituzten espedienteetatik 473 Segurtasun Indarrekaurkeztu zituzten. Horrekin batera, Balmasedak salatu zuen «oraindik ere» badaudela legearen garapenaren, biktimak babestearen eta egiaren eta erreparazioaren aurka egiten duten eragile eta kolektiboak. Horrela, batzordea «lan gehigarriarekin zigortzen» dutela nabarmendu zuen, eta, beraz, erantzun «azkarra» jasotzea espero duten biktimei arreta emateari uzten diotela.

Batzordearen gomendioak

Espedienteak ebaztearekin batera, gomendio batzuk egin zituen batzordeak, biktimen eskubideak «erabat» bermatzeko asmoz. Esate baterako, Jon Mirena Landa EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak azaldu zuen «beharrezkoa» dela legean aldaketak egitea, eta, besteak beste, 9. artikulua aldatzea, «bereziki, tratu txarren eta torturen kasuetan kalte ordainak emateko ezintasuna indargabetzea, eta kalte ordainak emateko aukerak aberastea eta malgutzea». Izan ere, azaldu zuen kasu batzuetan ezin dietela kalte ordainik eman biktimei, eta, beste kasu batzuetan, «oso-oso apalak» direla.

Horrez gain, Balmasedak nabarmendu zuen garrantzitsua dela aurrerantzean ere biktimak aitortzeko ekitaldi instituzionalak egitea: «Biktimek horrelako ekitaldiak balioesten dituzte». Gainera, Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten biktimak aitortzeko eta erreparatzeko orduan «proaktiboki» jokatzeko.

Erakunde publikoei eta «bereziki» alderdiei eta ordezkari politikoei eskatu zieten gaiaren inguruko eztabaida «demokratikoa» kontuan hartzeko, biktimak babesteko eta haiek berriro ere biktimizatzea eragozteko.

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak egiten duen lana «zabaltzeko» ere eskatu zuten, eta, horrekin batera, baliabideak eskatu: «Baliabideak behar ditugu. Legea oso zorrotza da, eta horrek arazo ikaragarriak sortzen dizkigu», adierazi zuen Landak. Haren arabera, egungo baliabideek atzerapenak eragiten dituzte espedienteak ebazteko orduan, eta «ezinezkoa» da urtean «behar beste» eskaera bideratzea. Horrekin batera, administrazioko langile gehiago eskatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.