Kartzelan jarraituko du Cabezudok, jada jarriak dizkioten zigorren bidez

Behin-behineko zigorra gaur amaituko zaio, eta epaimahaiak ez du onartu luzatzea; beste zigor biren harira jarraituko du preso. Aurreratu dute zortzi urtetik gorako kondena ezarriko diotela sententzian

Kote Cabezudoren kontrako epaiketa ikusten pantaila batean, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz - Arantxa Iraola
2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Behin-behineko espetxealdian lau urte betetzeak ez dio askatasunik ekarriko Kote Cabezudori.Gaur iraungiko da Gipuzkoako Probintzia Auzitegian epaitu duten argazkilariaren kartzelaldia, lau urtekoa baita sententzia atera arte badaezpadako espetxealdian gehienez egin daitekeen denbora. Akusazioek egina zuten luzatzeko eskea, baina ez da aintzat hartu. Hala ere, epaimahaiak zehaztu du Cabezudok espetxean jarraituko duela aurrez ezarritako beste bi zigorren ondorioz: esan dute martxoan beste bi zigor betetzen hasi zela, bost eta zazpi hilabetekoak, eta horiek aski motibo direla akusatuak kartzelan jarraitzeko. Beraz, aurretik ezarritako zigorrei lotua da auzitegiaren erabakia, eta ez behin-behineko kartzelaldia luzatzeari lotua. Bitartean, epaia idazten ari dira. Ebazpenean aurreratu dute «frogatutzat» eman dituztela akusatuari egotzitako hainbat delitu, eta zortzi urte baino gehiagoko kartzela zigorra ezarriko diotela.

Argazkilari ezaguna izana da Cabezudo, eta haren modeloek jarritako salaketengatik epaitu dute. Iruzurra, intimitatearen aurkako delituak, haurrekin egindako pornografia eta sexu erasoak egotzi dizkiote, besteak beste. 2013an jarri zuten akusatuaren kontrako lehen kereila. Hedabideetan-eta isilpean gelditu ziren haren kontrako lehen salaketak, eta justiziak ez zuen neurririk hartu akusatuaren kontra. 2018ko udaberrian kasuari buruzko albisteak oihartzuna lortzen hasi ziren, eta, urte hartako maiatzean, preso sartu zuten; gaur beteko dira, hain justu, lau urte. Martuteneko espetxean dago ordutik, Donostian. Martxoaren 7an hasi zen auzibide nagusiko epaiketa. Hasieran, 121 urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak; 2.338koa akusazio partikularrak. Hilaren bukaeran, zigor eskea handitu zuen fiskalak, epaiketan delitu gehiagoren berri izan zuela argudiatuta: 250 urte eskatu zituen orduan, hasieran halako bi. Apirilaren 13an amaitu zen epaiketa. Defentsak beti argudiatu du argazkilariak modeloen baimenarekin jardun zuela, ez zuela deus okerrik egin. Hamazazpi andrek jarritako salaketak aztertu dituzte.

«Arrazoizko» epemuga

Salaketa guztien atzean «patroi» bera dagoela nabarmendu dute akusazioek epaiketan; argazkilaria bere sonaz baliatzen zen biktimak erakartzeko, eta nahieran erabiltzen zituen gero. Andreen argazkiak Interneten zabaltzen zituen, eta «mehatxu» egiten zien gero irudi horien zabalkundearekin. Moda argazkiekin-eta hasi zen lehenbizi Cabezudo, baina erotismora eta pornografiara egin zuen gero.

Behin-behineko espetxeratzea luzatzeko akusazioen eskaria ez onartzeko ebazpenean, epaimahaiak zera argudiatu du: akusatuak espetxeratze mota horretan jarraitzen badu, behin-behineko neurriak «arrazoizkotzat» har daitekeen epemuga gainditu dezake, eta hori ez da egokia. Akusazioek, kartzelaldi hori luzatzeko eskatu zutenean, adierazi zuten bi urte eta hiru hilabeteko beste zigor bat bazuela ordurako, eta lau urteko behin-behineko espetxealdiari zigor horri dagokion epealdia kenduta, zigorra luza zitekeela oraindik ere. Irmo azaldu zuten, gainera, akusatua libre uzteak ekar dezakeen «arriskua»: modeloen argazkiak gordeta dauzkala uste dute, oraindik «atzeman gabeko irudiak» direla, eta libre badago irudiak zabaltzen hasiko dela berriro. Defentsak, berriz, libre uzteko eskatu zuen.

Gero luza daiteke

Aintzat hartu behar da Cabezudok hainbat auzibide dauzkala irekita bere kontra; amaraun konplexu bat da haren egoera judiziala, kondena bat baino gehiago ditu, eta horregatik jarraituko du preso. Ebazpenean zehaztu dute aurrerago akaso aintzat hartu ahal izango dela behin-behineko espetxealdia luzatzeko eskea; gogora ekarri dute, behin sententzia batean ezarritako zigorra zein den jakinda, baitezpadako itxialdia luza daitekeela, epemuga batekin: ezarritako zigorraren erdia iraun dezake. «Baina oraingoa ez da horretarako jasotako egoera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.