Irakaskuntza teknopedagogikorako jauzia egiteko plana aurkeztu dute

Eusko Jaurlaritzak 2022-2024 Aldirako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana aurkeztu du. Gaitasun digitalak sustatzea du xede, eta 202,6 milioi euroko inbertsioa egingo dute

Jokin Bildarratz, Begoña Pedrosa, Jorge Arevalo eta Adolfo Morais, atzo, hezkuntza planaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Berrikuntza pedagogikoan «palanka lana» egiteko asmoz aurkeztu zuten atzo 2022-2024 Aldirako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 202,6 milioi euroko inbertsioa egingo du proiektua gauzatzeko, eta ikasleen eta irakasleen gaitasun digitalak sustatzea izango du xede. Besteak beste, hezkuntza teknopedagogikorako jauzia egin nahi dute proiektuaren bitartez. Irakasleen gaitasun teknopedagogikoak landuko dira, eta ikasleak digitalki gaituak izatea lortu nahi dute.

Egitasmoak ikaslea jarriko du ikaskuntza prozesuaren erdigunean, eta, besteak beste, trebetasun digitalen garapena indartzea eta hezkuntza sistemaren teknologiak «eraginkortasunez eta modu optimoan» erabiltzea lortu nahi dute. Bildarratzen hitzetan, ikasleen eta irakasleen gaitasun digitalak sustatu nahi dira: «Oso proiektu interesgarria da; ikasleek mende honetako erronkei arrakastaz aurre egiteko balioko du». 202,6 milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta hezkuntza-sistema osoa aro digitalera egokitzea izango da lehentasuna. Bildarratzez gain, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea eta Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea izan ziren aurkezpenean.

Bildarratzek adierazi du Euskal Hezkuntza Sistemaren eraldaketa «erronka kolektibo» gisa hartu behar dela, eta, horretarako, helburu orokor batzuk zehaztu ditu: besteak beste, irakasleen eta ikasleen gaitasunak indartzea, hezkuntza sistemako eragile guztien arteko lankidetza sustatzea, azpiegiturak egokitzeko eta modernizatzeko bidea egitea eta teknologia digitalen erabilera arduratsua sustatzea.

Helburu horiek, baina, «oinarrizko» hiru dimentsiotatik jorratuko dira: hasteko, pertsonez arduratzen den dimentsioa osatu beharko da profesionalen eta ikasleen trebakuntza indartzeko; ikastetxeak azpiegituraz hornitu beharko dira kalitatezko prestakuntza prozesua errazteko; eta, azkenik, sistema osoa barne hartuko duen eraldaketa digitalaren plangintza zehaztu beharko da. «Haur hezkuntzatik hasi eta unibertsitatera arte, sare bat osatu behar da», dio Bildarratzek.

Ekonomia eta Gizarte Digitalen Indizearen 2020ko aldiak erakusten du Eraldaketa Digitalaren joera positiboa dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Europako batezbestekoa baino %10 gorago dago, eta ikasgeletan ordenagailu gehien dituen autonomia erkidegoa ere bada: azken bi urteotan, 160.000 ordenagailu berri eraman dituzte ikastetxeetara.

Euskarazko eduki gehiago

Haur eta Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan teknologia digitalek eragina izango dute ikastetxeetako irakaskuntzan, ikaskuntzan eta ebaluazio prozesuan. Pedrosak uste du planak «jauzi kualitatibo» bat ekarriko duela, eta irakasleen gaitasun teknopedagogikoak landuko ditu: «Teknologia bai, baina pedagogiaren ikuspegitik salto handia egingo da». Irakasleen prestakuntzan jarri du Pedrosak arreta nagusia, eta gehitu du euskarazko materialak sortzea dela orain erronkarik handiena: «Euskarazko kalitatezko material didaktikoak garatu behar ditugu».

Arevalok gaztelania hutsean kontatu du Lanbide Heziketaren kasuan eraldaketa digitalak «bestelako bilakaera bat» ekarriko duela, eta hark ere prestakuntzan jarri du arreta. Bestalde, enplegagarritasunak eskatzen dituen gaitasunak sortzeari emango zaio lehentasuna unibertsitate ekosisteman, eta, hori lortzeko, «ikerkuntza eta berrikuntza» aipatu ditu Moraisek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.