Hordagoari men egin dio PSNk

Hezkuntzan ingelesa derrigorrezko hizkuntza eskakizuna izateko legea onartu da. Geroa Bairen ustez, «agerikoa da» akordioa dagoela sozialisten eta Navarra Sumaren artean

IñIGO URIZ / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Beste behin, Navarra Sumaren eskutik helduta geratu da PSN. Aurretik ere jakina zen gainerako taldeek kontra egingo ziotela PAI ingelesez ikasteko programako irakasleak «egonkortzeko» sozialistek aurkeztutako lege proposamenari. Hori ikusita, Navarra Sumak gobernua higatzeko baliatu du aukera, eta baldintzapeko prezioa jarri dio bere baiezkoari: konpromisoa hartzea PAI etorkizunean «hezkuntza eredu bihurtzeko». Atzo, osoko bilkurako bozketan, PSNk men egin zion hordagoari, bere bazkideen artean haserrea eraginez. Ondorioz, tentsioa koska bat igo da gobernu barruan.

Ikusi gehiago: Mailukada bat PAI iltzatzeko.

Atzoko emaitzak dimentsio politiko argia du. PSNk erakutsi nahi du gai dela ezker-eskuin adosteko, baina, azken hiru urteotako aliantza sendotu ordez, eskuinerantz jo du otsailaz geroztik. Agerian geratu zen hori lan erreformaren harira UPNk eta PSOEk onartutako akordioarekin, eta gerora ere Hitzarmen Ekonomikoaren erreformak egiaztatu du bi indarren harremana hobetu dela. Azken urratsa atzo egin zuten.

Navarra Sumak bere alde erabili du sozialisten joko politiko hori, bazkideen arteko mesfidantza handitu nahian. Izan ere, lege proposamenari hiru zuzenketa aurkeztu dizkio, eta, horien bitartez, PAI programaren garapena blindatu nahi izan du, hezkuntza ereduen estatusa emanez. Navarra Sumako Pedro Gonzalezen arabera, alderdi abertzaleen helburua PAI «hondoratzea» denez, hura sendotu nahi izan dute aldaketa horrekin.

Akordio programatikoa

Inma Jurio PSNko parlamentariaren arabera, legea aurrera atera izana «lorpen bat» da, PAI programan behin-behinean diharduten 350 irakasle ingururen egoera «egonkortuko» duelako. Hala, sozialistak ez dira deseroso agertu Navarra Sumak ezarritako baldintza horrekin, legealdi honetako akordio programatikoak bide hori garatzeko konpromisoa jasotzen duela argudiatuta.

Geroa Baik, haserre, bertsio hori gezurtatu du. «Sinetsarazi nahi izan diguzue akordioan jartzen duela orain hiru urte esatera ausartu ez zinetena, zeren eta benetan jarriko balu zuek orain diozuena, gaur ez legoke akordio hori sinatuta», adierazi zuen Solanak, irmo, gobernuko bi bazkide nagusien artean harremana gaiztotuta dagoen seinale —izan ere, akordio horren gain osatu zen egungo gobernua—. Solanaren arabera, agerikoa da Navarra Sumaren edo PSNren artean akordioa dagoela, eta bietako batek gezurra dioela: «Esparza jaunak dio aspalditik ari direla negoziatzen, eta PSNkoek kontrakoa diote. Pentsatu nahi dut gure bazkideek ez digutela gezurrik esaten. Beraz, uste dut gezurretan ari zarela, Esparza jauna», esan zuen, tonu ironikoan.

Legearen aurka bozkatu zuten alderdiek ez dute ulertzen nolatan erabili den hain prozedura berezia, PAIko irakasleen %10 ingururi eragingo dien neurria aplikatzeko eta behin-behinekotasunari aurre egiteko beste bide batzuk hartzeari muzin eginda. PSNk argudiatu zuen lan deialdiak aurkezteko epea ekainean amaituko delako tramitatu dutela legea orain. Haatik, haren bazkideek ez dute ulertzen zergatik egin den hain azkar, Nafarroako Kontseiluak —Nafarroako erakunde aholku-emaile gorenak— datorren asterako kaleratu beharreko txostenaren emaitzaren zain geratu gabe.

Horregatik, EH Bilduko Bakartxo Ruizek«arduragabekeriaz» jokatzea aurpegiratu zion gobernuari. Javier Remirez lehendakariorde lehenari eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariei zuzendu zitzaien: «Nafarroako Kontseiluak bermerik ez duela esaten badu, dimisioa emango duzue?».

Maria Solana Hezkuntza kontseilari izan zen iragan legealdian, eta, haren esanetan, departamenduko zerbitzu juridikoek betidanik auzitan jarri dute ingelesa derrigorrezko hizkuntza eskakizun gisa proposatzea: «Orain sudurra estalita egin behar izan dute urteetan ausarkeriatzat eta arduragabetzat jo duten proposamena».

Sindikatuen gaitzespena

Hezkuntzako sektoreko mahaiko sindikatuen gehiengoak ohartarazi du legeak ez duela segurtasun juridikorik, eta mehatxu egin dute auzitara joko dutela. Atzo, parlamentuaren kanpoaldean elkarretaratu ziren, eta «arduragabetzat» jo zuten neurria aurrera ateratzea sindikatuen adostasunik gabe.

Arratsaldean, Steilasek eta LABek salatu zuten «larria» dela PAI hezkuntza eredu bihurtzeko konpromisoa. «Xede bakarra da tresna juridiko bat edukitzea langileria aldatzeko eta interesatzen ez zaizkien irakasleak kaleratzeko», esan zuen Steilasek. LABen irudiko, «izugarria» da PAI Nafarroako hizkuntz eredu bilakatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.