Aterpe berean, baina bereizita

Eusko Alkartasunako ildo ofizialistak zuzendaritzako kargu guztiak bereganatu ditu. Etenda geratu dira ildo kritikoko bost kideren afiliazioak, baina horiek ordezkatzeko talde eragile bat eratu dute

EAko zuzendaritza berria, Eba Blanco idazkari nagusia buru dutela, igandean, Europa jauregian. RAUL BOGAJO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Alkartasunaren XIII. Nazio Biltzarraren testuinguruan, barne zatiketaren irudi bilakatu da Gasteizko Europa jauregia. Eba Blancok idazkari nagusiaren karguan jarraituko du, eta haren ildoko kideek beteko dituzte exekutiba nazionaleko gainerako karguak. Hala, alderdiko eledun Iker Ruiz de Eginok BERRIAri adierazi dio «askatu» dela EAren etorkizunaren inguruko korapiloa. Aferak, baina, ertz gehiago ditu. Goi kargudunik izan ez arren, afiliazioa eten dieten alderdikideen erreleboa hartuko duen talde berri bat aurkeztu dute kritikoek. Dena, 2019ko primarioen auziko mamua atzetik dela.

BARNE ORGANOAK

«Biltzarrak erabaki ditu erabaki behar zituenak», adierazi du Ruiz de Eginok. EAko ildo ofizialistak helburu nagusi zuen zuzendaritzaren txosten politikoa onartzea, alderdiak EH Bildurekiko egun duen harremana behin betiko finkatzeko, eta lortu du. Hura da txostena eta kritikoek aurkeztutako osoko zuzenketa ezberdintzen dituen atal bakarra; «koalizio elektoral zehatzak» egitearen alde daude kritikoak.

Ofizialistek, ordea, urrats gehiago ere egin dituzte. Igandeko bozketen ostean, idazkaritza nagusia ez ezik alderdiko organo nagusietako kargu guztiak ere haien esku geratuko dira. Estitxu Martinez de Iturratek, Mikel Arreseigorrek eta Nerea Gartziak hartu dituzte, hurrenez hurren, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaile karguak. Hirurak ere kritikoen esku zeuden orain arte. Talde «prestatua» eta «ilusioz betea» dela azaldu du Ruiz de Eginok, Blancorekin bat egiten duena. «Demokratikoki eta estatutuek esaten duten moduan aukeratuak izan dira», gehitu du eledunak. Instituzioekiko Harremanetarako eta Erregimen Juridikorako idazkaritzak hartuko ditu hark.

AFILIAZIOAK ETENDA

Ruiz de Eginok adierazitako «ilusioaren» kontrakarrean, bestela hasi dute astea kritikoek. «28 urteren ostean, Eusko Alkartasunatik kanpo utzi naute. Prozesuan ezin izan dut neure burua defendatu. Autoritarismoaren aurrean, konpromisoa eta borroka beti», azaldu du kritikoen buru Maiorga Ramirezek. EAren Nazio Batzorde Eragilearen ebazpenari men eginda, atzo eten zioten afiliazioa hari, lau urtez, baita Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Esther Korres alderdikideei ere; Arabako, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iruñeko koordinatzaileak ziren orain arte. Gonenagaren hitzetan, «erbesteratu» egin dituzte.

Haiek kanporatzeko erabakia ez zen «erraza» izan zuzendaritzarentzat, Ruiz de Eginok azaldu duenez, baina gehitu du haien aurkako salaketak eta frogak aurkeztu ostean baieztatuta geratu zela hainbat arau hauste egin zituztela. «Euren bertsioa emateko aukera eman zitzaien, eta ez dituzte inoiz ezeztatu haien aurkako akusazioak», azaldu du.

Kritikoek emandako bertsioaren oso bestelakoa da zuzendaritzarena. Izan ere, Lopez de Aberasturik BERRIAri adierazi zion ez dutela balizko arau hausteen nondik norakoen berri izan. Hala, kritikoek erabakiaren aurka egiteko asmoa adierazi dute. 30 egun izango dituzte alderdiko Berme Batzordean helegitea aurkezteko; hura igandean berritu zuten, ildo ofizialistako kideekin. Halere, batzordeak exekutibaren erabakia berretsiko balu, auzitara jotzeko aukera ere mahai gainean jarri dute jada.

Afiliazioa eten izanak, ordea, ez du eraginik izango egun dituzten kargu instituzionalei dagokienez.Hala adierazi dute EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik eta koalizioak Nafarroako Parlamentuan duen eledun Adolfo Araizek: «EAn, bere alderdian izan dezakeen barne egoeratik haratago, [Maiorga Ramirezek] EH Bilduko hautetsi izaten jarraitzen du». Izan ere, Nafarroako Parlamentuko mahaikide da Ramirez. Lopez de Aberasturi eta Goenaga, berriz, zinegotziak dira, Gasteizen eta Zarautzen, hurrenez hurren.

Bi instantziak bereiztearekin bat dator Ruiz de Egino ere, «logikoa» dela iritzita. «Argi dugu EAk dituen kargu publiko guztiak EH Bildurenak direla. Ezarritako zigorrak EAri eginiko kalteengatik dira, ez euren karguetan egindakoengatik», azaldu du.

TALDE ERAGILE BERRIA

Kanporatutako bost kideek badute erreleboa alderdi barruan. Kritikoek eginiko biltzar paraleloan, Alderdiaren Demokratizaziorako Talde Eragilea aurkeztu zuten. Hamabost kidez osatua, Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Lurralde eta Ingurumen sailburu ohia izango du eledun, eta, haren esanetan, «EH Bilduren barruan independentzia handiagoa» izatearen aldeko mezua zabaltzea izango du helburuetako bat. Taldea osatzen duten kideek ez dute kargu organikorik alderdiaren zuzendaritzan, baina adierazi dute hura «demokratizatzeko» eta «ateak irekita» mantentzeko lan egingo dutela.

Ruiz de Eginok ez du taldea begi txarrez ikusi, «EAri laguntzeko edozein ideia ongi etorria» delakoan, baina kritikatu egin du proposamena biltzarretik kanpo aurkeztu izana. Haren esanetan, hura Nazio Biltzarraren testuinguruan eztabaidatzea litzateke egokiena: «Eurek jakingo dute zergatik ez duten parte hartu».

AFERA JUDIZIALA

Nazio Biltzarraren eragina auzitegiek erabakiko dute. Izan ere, alderdiaren 2019ko primarioen afera Espainiako Auzitegi Gorenean dago, eta hark boz haiek errepikatzearen alde egin lezake. Primario haietan parte hartzea galarazi zion alderdiko Hauteskunde Batzordeak Ramirezi, Ipar Euskal Herrian nahikoa abal lortu ez zituela argudiatuta. Kritikoek auzitara eraman zuten erabaki hura, eta Arabako Probintzia Auzitegiak primarioak berriz egitearen alde ebatzi zuen. Zuzendaritzaren helegitea dela medio, ordea, Gorenak izango du azken hitza.

Halere, larunbatean estatutuetan eginiko aldaketaren ostean,ikusteko dago ea, Ramirezen «eskubide politikoak urratu» zirela ebatziko balu ere, primarioak berriz egiteko beharra adieraziko ote lukeen auzitegiak. Estatutu berrien arabera, idazkaritza nagusia Nazio Biltzarrean hautatzea aurreikusten da, eta ez primarioen bidez. «2017an denon artean erabaki zen primarioak sartzea araudian, eta orain kontrakoa gertatu da. Historikoki egin den moduan, biltzarrean hautatuko da», azaldu du Ruiz de Eginok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.