Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, indarrean sartu zen atzo jokoa arautzen duen erregelamendu berria. Lege berriaren arabera, gutxienez 150 metro egon beharko dira apustu etxeen eta ikastetxeen artean, eta joko aretoen publizitatea eta lokal horietarako sarrera mugatzen dituzten neurriak ere ezartzen ditu, besteak beste.
Gainera, hurrengo hiru urteetan Eusko Jaurlaritzak ez du emango lizentzia gehiago mota horretako lokalak ezartzeko.
2016. urtekoa zen orain arte jokoa arautzen zuen legea, baina, Jaurlaritzak azaldu duenez, «gaur egungo egoera soziala eta ekonomikoa kontuan hartuta» egin dituzte aldaketak. Bazituzten kezkarako motiboak. Izan ere, 2020. urtean Jokoaren Euskal Behatokiak argitaratutako datuen arabera, urte horretan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %70,5ek parte hartu zuten joko edo apusturen batean. Gainera, urte horretan bertan egin zen galdeketa batean, emakumeen %1,4k eta gizonen %2,9k adierazi zuten arazoak izan zituztela jokoarekin bizitzako garairen batean.
Adinaren aldagaia ere oso kontuan hartzekoa da. Txostenean ageri denez, jokoarekin arazoak dituztenen kopuruak gora egiten du adinak behera egin ahala, eta, 18 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, 65 urte edo gehiagokoen artean baino bost aldiz handiagoa da —%4,5 eta %0,9, hurrenez hurren—.
Kezkarako motiboei erreparatuta —arazoak dituztenen kopuruaren gorakada eta gazteengan izandako zabalpena— horri begirakoak izan dira dekretuak proposatu dituen hainbat neurri. Gainera, jokoa arautzen duen legea berrikusi egingo dute hiru urtetik behin, eta, beharrezkoa bada, aldatu egingo dute.
DISTANTZIAK
Erregelamendu berriak zenbait eremu zorrotzago arautzen ditu aurreko legeak baino: besteak beste, 500 metroko distantzia egon beharko da joko aretoen, apustu etxeen eta bestelako joko establezimenduen artean lehen, 150 eta 600 metro artekoa zen, lokal motaren arabera. Lehen eta bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikastetxeekin izan beharreko distantzia ere ezarri dute arautegi berrian: 150 metro.
LOKAL KOPURUA
Jokoarekin lotutako lokalen kopuruak ere murriztuko dituzte neurri berrien bidez. Kasinoei dagokienez, hiru baimenduko dituzte: herrialde bakoitzeko bat —lizentzia lehiaketa bidez emango da—. Hipodromo bat bakarrik baimenduko dute, eta hamalau bingo. Gainera, bingo horietan ezin izango da lokalaren azaleraren %50 baino gehiago erabili joko makinak jartzeko. Apustu etxeak, berriz, 75etik 60ra murriztuko dira, eta joko aretoak 209tik 170era.
LIZENTZIAK
Ez dute emango lokal horiek martxan jartzeko lizentzia gehiagorik hurrengo hiru urteetan, jada martxan dauden lizentziek baja hartu arren.
Hala ere, murrizketek ez diete jokoarekin lotura zuzena daukaten aretoei soilik eragingo: hurrengo hiru urteetan, Eusko Jaurlaritzak ez du lizentziarik emango taberna eta ostatuetan jarri ohi diren makinetarako ere 8.025 daude gaur egun.
SARBIDEA
Joko establezimenduetan, sarbidea ere kontrolatu beharko da aurrerantzean, baita horietako ostalaritza eremuetakoa ere. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren jokorako sarrera debekatuen erregistrora konektatutako sistema informatikoak ezarri beharko dira lokaletan, eta jabeek bederatzi hilabete izango dituzte egokitzapen tekniko horiek egiteko. Sistema horrekin, Jaurlaritzak azaldu du lokalek ez dietela sartzen utzi behar adingabeei, ezta jokoarekin arazoren bat daukatenei edo ahalmenak mugatuta dauzkatenei ere. Beren buruari nahita sartzea debekatzeko joko galarazpen erregistroan inskribatuta daudenak ere ezin izango dira sartu.
Horrez gain, Jaurlaritzak jakinarazi du jada zabaldu dela «debekatuen erregistroan izena eman ahal izateko lekuen sarea». Orain arte, Osakidetzan eta errehabilitazioko elkarteetan eman behar zen izena, baina, orain, ertzain etxetara ez ezik, joko areto fisikoetara eta online erakoetara ere zabaldu dute horretarako aukera.
Hain zuzen, edozein pertsonak erregistro horretan izena ematen duenetik, ezingo da joko aretoetan sartu hurrengo sei hilabeteetan. Egun, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lokaletan sartzeko debekua izango du, baina Jaurlaritzak jakinarazi du beste erkidego batzuekin lanean dabilela debeku hori zabaltzeko.
PUBLIZITATEA
Lege berriak murrizketa gehiago jarri dizkio jokoaren inguruko publizitateari ere. Besteak beste, debekatu egin dute 06:00etatik 00:00etara komunikabideetan publizitate mota hori egitea; ezingo da «ospe publikoa duten pertsonekin» edo adingabeekin egindako iragarkirik argitaratu, eta publizitateak ezingo du iradoki «jokoa dirua azkar eta ahaleginik egin gabe lortzeko metodo erraza» dela. Kirol ekipamenduei dagokienez, jokoaren arloko establezimendu, enpresa eta operadoreek ezingo dituzte babestu.
Joko aretoek eskoletatik 150 metrora egon beharko dute gutxienez
Jokoa arautzen duen lege berria indarrean sartu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Mota honetako lokalen kopurua eta publizitatea murriztuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu