Maia, datuek gezurtatua: delituen %0,3 dagozkie migratzaile adingabeei

Adingabeen Fiskaltzak 522 espediente ireki zituen iaz Nafarroan, eta soilik 99 izan ziren migratzaileei egotzitakoak. Iruñeko alkateak dioenaren kontrara, delitu horien ehunekoa apaldu egin da 2019tik

Maiaren adierazpenen aurkako protesta egin zuten ostegunean, SOS Arrazakeriak deituta. Irudian, manifestari bat, alkatearen aurkako afixa batekin. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Harresi baten kontra ari da Enrique Maia. Iruñeko alkateak jo-puntuan jarriak ditu bakarrik dauden migratzaile adingabeak, eta delituen ustezko igoera batekin lotu ditu azken egunetan.«Delituak egiten dituzten ia guztiak ez dira hemen jaiotakoak», esan zuen iragan astean. Aurretik, Navarra Sumako buruzagiak «kezka» adierazi zuen, Iruñean «segurtasun arazo bat» dagoelako, haren ustez, eta, daturik eman gabe ere, horren erantzule egin zituen Nafarroako Gobernuaren tutoretzapean diren adingabe migratzaileak.

Ordutik, asko izan dira alkatearen hitzak arbuiatu eta «arduragabe» jokatzea egotzi dioten eragile sozial eta politikoak. Alkateak, baina, tinko eutsi dio migratzaileen aurkako diskurtsoari, bere eginik eskuin muturraren ohiko estrategia komunikatiboa, eta «datuak badirela» esan du behin eta berriro. Eta datuak izan badira, baina haren tesiak gezurtatzen dituzte, oso-osorik.

Lehen gezurra: Migratzaile adingabeek egiten dituzte delitu gehienak. Nafarroako Adingabeen Fiskaltzaren eta Nafarroako instrukzio epaitegietako txostenei erreparatuta, ez da hala. 2021. urtean, adibidez, Adingabeen Fiskaltzak 522 erreforma espediente tramitatu zituen Nafarroan, eta horietatik 99 izan ziren migratzaileen aurkakoak. Erreforma espedienteak dira fiskaltzak zabaltzen dituen auzibideak, uste duenean adingabe batek delituren bat egin duen zantzuak daudela. Fiskaltzak iaz tramitatutako guztien artean, %19 soilik dagozkie migratzaileei.

Bigarren gezurra: migratzaile adingabeek segurtasunik eza areagotzen dute. Adingabeen Fiskaltzaren datuak aztertuta eta Nafarroako instrukzio epaitegietan iaz tramitatutako auzi guztiekin alderatuta, argi dago migratzaile adingabeei egotzitako delituen ehunekoa ia ezdeusa dela. Izan ere, 27.197 salaketa tramitatu ziren iaz Nafarroan, eta migratzaile adingabeen aurka zabaldutako 99 espedienteak auzi horien guztien %0,3 baino ez dira.

Hirugarren gezurra: segurtasun arazoa larriagotu egin da azken urteetan, migratzaileen eraginez. Datuen bilakaerak kontrakoa adierazten du. Adingabe migratzaileei egotzitako delituen ehunekoa beti izan da oso txikia, baina 2019tik, gainera, beheranzko betean da: %0,45ekoa izan zen urte hartan, %0,38koa 2020an, eta %0,36koa, berriz, 2021ean. Adingabeen aurkako salaketak soilik aintzat hartuta ere, bilakaera antzekoa da: 2019an, adingabeei egotzitako delituen %26 zegozkien migratzaileei; 2020an, %23 izan ziren; eta iaz, %19raino jaitsi zen ehunekoa.

Hurrengo osoko bilkuran, datu horien inguruko azalpenak eman beharko ditu Iruñeko alkateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.