COVID-19aren aurkako txertoa umeei jartzeari ekin zioten atzo Hego Euskal Herrian. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 9 eta 11 urte arteko haurrak izan ziren aurreneko ziztada hartzen lehenak haiek txertatu ahala adin txikiagokoak deituko dituzte. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun agintariek emandako datuen arabera, atzo arte 30.000 txanda eman zituzten 9 eta 11 urte bitarteko haurrak txertatzeko. Ipar Euskal Herrian, 5 eta 11 urte arteko ume «zaurgarrienek» ere aukera dute txertatzeko, atzotik. Espero da datozen egunetan orokortuko dutela haur guztientzat: baimenaren zain dira.
Pfizer konpainiaren txertoaren 78.000 dosi jaso zituzten astelehenean Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta nagusiago direnekin abiatu dute haurren txertaketa. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haurrak atzo arratsaldean hasi ziren txertatzen osasun zentroetan; denera, 2.475 haurri jarri zieten lehen dosia. Osakidetzak lehen arretako guneetan ardaztu du 11 urte bitarteko haurrak txertatzeko prozesua, eta, zehazki, osasun zentroak eta erdibideko txertoguneak prestatu ditu horretarako. Osasun Sailak ohar bidez gogoratu zuen Osakidetzaren webgunea lehenetsiko dela ordua hartzeko, baina arazorik izanez gero osasun zentrora deituta ere hartu ahal izango dela txanda. Halaber, jakinarazi zuen oraingoz ez zaiela txertoa jarriko infekzio aktiboa duten edo azken bi hilabeteetan koronabirusa izan duten adin txikikoei 5.600 ume inguru daude egoera horretan.
Nafarroan, berriz, landa eremuko udalerrietako osasun etxeetan ekin zioten haurrak txertatzeari; zehazki, Tafallan eta Donezteben jarri zizkieten lehen ziztak 9 eta 11 urte bitarteko haurrei. Gaurtik aitzinera, berriz, Iruñerrira zabalduko dute txertaketa. Iruñeko seminarioa atondu dute horretarako. Atzo arte, 9 eta 11 urte bitarteko 8.000 haurrek eskatua zuten txertoa jartzeko ordua, hau da, adin tarte horretako umeen %37k.
Pozik azaldu zen Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilaria haurren txertaketa kanpainaren erantzunarekin, eta ziurtatu zuen ez dela horniketa arazorik egongo umeen txertoekin. Jakinarazi zuenez, astelehenean jasotako 18.000 dosiez gain,urtarrilaren 3an beste 12.000 dosihelduko dira Nafarroara.
Ziurtagiria, iraungita
Espainiako Gobernuko lurralde arteko osasun batzordeak bilera egin zuen atzo Madrilen, eta oniritzia eman zion indartze dosia 50 urtetik gorako herritarrei ere jartzeari. Ipar Euskal Herrian, berriz, atzoz geroztik iraungia dute osasun ziurtagiria txertoaren indartze dosia jarri ez duten 65 urtetik gorako herritarrek. Izan ere, bigarren dosia hartu eta zazpi hilabeteko epea izan dute dosi gehigarria hartzeko. 65 urtetik beherakoek otsailera arte dute indartze dosia hartzeko aukera.
Europan, txertaketa kanpaina azkartzen ari dira zenbait herrialdetan, batez ere omikron aldaeraren zabalkundea ikusita. Haatik, ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak ohartarazi du txertoak «bakarrik» ez duela balio birusa hesitzeko, eta neurri «gogorragoak» eskatu ditu transmisioa eragozteko.
Koronabirusa
9 eta 11 urte bitarteko haurrei lehen dosia jartzen hasi dira Hegoaldean
30.000 haurri eman diete txanda Osakidetzak eta Osasunbideak orain arte. Nafarroan, gaur hasiko dira Iruñerriko haurrak ziztatzen. Madrilek oniritzia eman dio 50 urtetik gorakoen hirugarren dosiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu