Akusatu baten poza eta beste seien gaineko mehatxua utzi zituen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako 13/13 epaiketaren auzi saioak. Poza Julen Zelarainentzat izan zen, Jose Perals fiskalak eta AVT eta Dignidad y Justicia taldeetako akusazio partikularrek erabaki baitzuten haren aurkako akusazioei uko egitea. Auzi saioa hasi eta berehala egin zuen fiskalak eskaera, eta, epaileak baimena emanda, akusatuen aulkitik altxatu zen Zelarain, gainerakoen babes keinu artean. Mehatxua, berriz, gainerako sei auzipetuei egin zieten: izan ere, haien aurkako akusazioak berretsi eta xeheki argudiatu zituzten hala fiskalak nola bi akusazio partikularrek. Eta akusazioak ez dira nolanahikoak: Arantza Zuluetari eta Jon Enparantzari ETAko «buru» izatea leporatu diete, baita lehergaiak edukitzea ere; Iker Sarriegiri eta Naia Zuriarraini, KT Koordinazio Taldearen bidez ETAko «kide» izatea; eta Saioa Agirreri eta Nerea Redondori, ETAren «laguntzaile» izatea. Zelaraini eskatzen zioten 11 urteko espetxe zigorra kenduta, beraz, guztira 66 urteko espetxe-zigor eskaerak izanen lituzkete sei auzipetuek —atzo ez zuten urte kopururik zehaztu—.
Perals fiskalak izan zuen hitza atzoko auzi saioak iraun zuen lau orduetatik minutu gehienetan, eta haren argudiatzeetan erabilitako solasek ere eman zuten atentzioa. Izan ere, ahoan bilorik gabe erran zuen ETAk oraindik indarrean segitzen duela: «ETA ez da desagertu; krimenak egiteari utzi dio, baina erakunde kriminala eta kideak oraindik hor daude, eta egitate horiek eztabaidaezinak dira». Mexikoko narkotrafikoarekin alderatu zuen afera: «Sinaloako kartelak erraten badu drogarekin trafikatzeari utzi diola, ez diogu hargatik haiei jazartzeari utziko».
Abokatuek hartu zuten hitza auzi saioaren hasieran, eta salatu zuten epaiketan zehar «behar ez bezalako luzapen oso kualifikatuak» gertatu direla. Auzipetuen atxiloketak 2010eko apirilaren 14an izan ziren, hain zuzen, eta hamar urte baino gehiago pasatuta hasi zen epaiketa, aurtengo uztailean. Eta, tartean, ETA desagertuta. Epaiketaren hasieran aurretiazko gai gisa plazaraturiko irregulartasunak ere gogorarazi zituzten abokatuek atzo: auzipetuak delitu beragatik bi aldiz epaitzen ari direla, errugabetasun presuntzioa urratu zaiela eta epaiketa justu bat izateko eskubiderik ez zaiela bermatu, bertzeak bertze. Horiek kontuan hartuta, auzipetu bakoitzari gehienez ere urte bat eta hilabete batzuetako zigorrak jartzeko eskatu zuten.
Eskaera eta argudio horiei guziei banan-banan eta kontra eginez erantzun zieten fiskalak eta akusazio partikularrek, ordea. CNI Espainiako zerbitzu sekretuek ikerketan parte hartzeari buruz, adibidez, fiskalak erran zuen haien laguntza «tangentziala» izan zela: frogen oinarri nagusia 2008an ETAri atzemandako dokumentu batzuk izanen lirateke, eta horrekin osatu izanen lukete (H)alboka txostena, zeina 13/13 auziaren oinarria baita. CNIko kideek «laguntza» ematea «normaltzat» jo zuen Peralsek, halere, haren lana «terrorismoa ikertzea» baita. Haren frogak ez zituen «ekintza judizialtzat» jo, eta, gainera, argudiatu zuen CNIko kideen deklarazioak ez direla «erabakigarriak» defentsarentzat. Asteon jakin da CNIk uko egin diola 13/13 auzian parte hartu zuten agenteak identifikatzeari, zerbitzu sekretuetako buruaren arabera, «legeak» ez diolako baimentzen. Defentsaren abokatuek, ordea, garrantzizkotzat zeukaten haiek deklaratzea.
Epaiketa hainbertze luzatu izanaren errua ere defentsari egotzi zion fiskalak; bertzeak bertze, idatzia berandu aurkeztu zutelako: «Badirudi abokatuek ez zutela nahi epaiketa egin zedila». Delitu beragatik bi aldiz epaitzeari buruz, Peralsek erran zuen auzipetuak kartzelan sartu izanak «eten» bat ekarri zuela. Haren ustez, beraz, «delitu bera berriro egitea» litzateke, eta ez delitu beragatik bi aldiz epaitzea.
Zulueta eta Enparantza
Epaiketa osoan egin duten bezala, fiskalak eta akusazio partikularrek tema berezia erakutsi zuten atzo Zulueta eta Enparantza auzipetuen aurka. Arantza Zuluetari buruz, Peralsek erran zuen ez zela «ETAko presoen abokatua», baizik eta «ETAko abokatua», zuzenean. Fiskalaren arabera, Zulueta ETAko «buru» ere izan zen, «iraultza zerga» kobratzen zuen, eta diru hori lekualdatzen ere parte hartzen zuen; baita ETAren «ituak» zehazten ere. Peralsek kontatu zuen, halaber, lehergai batzuen kokapenari buruzko mapa bat ere atzeman ziotela Zuluetari. Haren iritziz, mapa hori edukitzea «lehergaiak potentzialki edukitzea» litzateke.
Enparantzari buruz ere estilo berean mintzatu zen Perals, eta gaineratu zuen «ildo gogorreko militantea» zela, «hiltzen jarraitu nahi» zutenetako bat. Fiskalak zehaztu zuen hainbat epaile, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro ohia eta Iñigo Urkullu bera —orduan EBBko burua— proposatu zizkiola ETAri «helburu» gisa. ETArekin izandako ustezko bileren berri ere eman zuen.
Epaiketak heldu den astean segituko du Espainiako Auzitegi Nazionalean: azaroaren 3an eta 4an bukatzea espero da.
Fiskalak Zelarainen ez bertze guzien akusazioei eutsi die 13/13 epaiketan
Zulueta eta Enparantza ETAko «buru» jo ditu; Sarriegi eta Zuriarrain, «kide»; eta Redondori eta Agirreri «laguntzaile» izatea leporatu die. Haren ustez, «ETA ez da desagertu». Azaroaren 3an segituko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu