Neurria indarrean sartu zen atzo: Ipar Euskal Herriko osasun langileek derrigorrez txertatuak izan behar dute lanean segitu ahal izateko. Atzoko eguna izan zuten azken epea gutxienez dosi bat jartzeko. Agindua bete ez dutenek ezin dute lanik egin, lansaririk gabe geldituko dira, eta behin-behinean eten zaie lan kontratua. Lehen dosia baizik jarri ez dutenek, bestalde, urriaren 15era arte izanen dute txertoaren pauta osoa hartzeko.
Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak iragarri zuen neurria iragan uztailaren 12an, eta erreakzio soka luzea ekarri du. Baionako ospitalean bertan, derrigorrezko txertaketaren kontrako kolektibo bat osatu zuten. Haien erranetan, kolektiboak 120 kide biltzen ditu, eta salatu dute zuzendaritzak ez dituela kontuan hartu haien «kezkak». Baionako ospitaleko zuzendaritzaren arabera, berriz, erietxeko osasun langileen %1 bakarrik daude txertatu gabe. Segurtatu dute horrek ez duela zalantzan jartzen antolaketa orokorra, baina zenbait zerbitzutan «moldaketa» batzuk egin behar izan dituztela; besteak beste, geriatrian.
Eskualdeko Osasun Agentziak, bestalde, herenegun iragarri zuen kontrol zorrotzak eginen dituela baldintzak bete gabe lanean ari diren osasun langileak kontrolatzeko. Kontrol lan horietan 200 bat agente arituko direla segurtatu dute: isunak eta sei hilabeteko kartzela zigorra ere ezar diezazkiekete legez kanpo lanean ari direnei.
Egoera salatzeko, osasun langile talde batek protesta egin zuen atzo gauean Baionan.
Koronabirusa
Txertatu gabe, osasun langileek jada ezin dute lanik egin Iparraldean
Gutxienez lehen dosia jarri ez duten langileek ez dute eskuratuko lansaririk, eta, legea urratuz gero, zigortuak izateko arriskua dute. Osasun langileek protesta egin dute Baionan, neurriaren kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu