Heldu den urriaren 17an hamar urte beteko dira Donostiako Aieteko jauregian Euskal Herriko Gatazka Konpontzeko Nazioarteko Konferentzia egin zutela, eta, urteurren «borobila» baliatuta, jardunaldiak antolatu dituzte Donostian eta Baionan. Urteurrena baino egun batzuk lehenago eginen dituzte solasaldiak: urriaren 14an eta 15ean Donostian, eta 16an Baionan. Aiete hamar urte. Irakaspenak eta erronkak jarri diote izenburua hitzaldi sortari, eta, hain justu, 2011ko konferentziak utzitako ondarea eta aitzinera begirakoak aztertuko dituzte hiru eguneko mintzaldietan.
Conciliation Resources-ek, Berghof fundazioak eta Lokarrik antolatu zuten orain hamar urteko konferentzia, eta lehen bi eragile nazioarteko horiek izanen dira urriko jardunaldien antolatzaileak, Bake Bidearekin eta Foro Sozial Iraunkorrarekin batera. Lau taldeetako kideek atzo aurkeztu zuten lehen bi egunetako egitaraua, Aieteko jauregian bertan egindako agerraldian —Berghof fundazioko eta Conciliation Resourceseko zuzendari Andrew Gilmorek eta Jonathan Cohenek bideokonferentziaz hartu zuten hitza—, eta iragarri zuten «goi mailako protagonistek» parte hartuko dutela solasaldietan. Halakoxea da hizlarien zerrenda: jardunaldietan arituko dira, bertzeak bertze, Brian Currin, Jonathan Powell, Teresa Witfield, Andy Carl, Veronique Dudouet, Sergio Jaramillo eta Caroline Guibet Lafaye, guztiak ere nazioarteko gatazketan aditu eta arituak.
Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako ordezkaritza batek ere parte hartuko du, hala nola Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiak, Paul Rios Lokarriko kide izandakoak eta Amalur Alvarez Gure Eskuko kideak, baita Quim Torra Generalitateko presidente ohiak eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko kideak ere.
Egitaraua aurkeztu ez ezik, adierazpen bat ere irakurri zuten atzo jardunaldien sustatzaile diren lau eragileek. Azaldu zutenez, Aieteko Konferentziak «Euskal Herrian bakea lortzeko jokaleku berri baterako bidea» ireki zuen, eta ordutik «gauza asko» gertatu dira Euskal Herrian eta munduan: «Konferentzia egin eta hilabete gutxira, Kolonbiako bake prozesua abiatu zen, isilpeko elkarrizketen bidez hasieran eta Habanako negoziazioetan gero. XX. mendeko gatazkarik zaharrenetako bik eraldatze bidea hartu zuten».
Pandemiaren eragin «larria»
Atzo ohartarazi zutenez, pandemiak «eragin larria» izan du «bakea bilatzeko ahalegin guztietan». Jardunaldien antolatzaileek uste dute, halaber, Aieteko Konferentziaren urteurrena «abagune egokia» dela azken hamarkadan Euskal Herrian lorturiko «aurrerapenak gogoratzeko eta ospatzeko», oraindik hainbat «oztopo eta erronka» daudela iritzi arren —Foro Sozialak horien artean kokatu ditu presoen egoera «normaltzea», biktima guztien eskubideak aitortzea eta «memoria kritiko inklusiboa» eraikitzea—. Jardunaldiekin, hala, «euskal bake prozesuaren irakaspenak» balioetsi, «bakea eraikitzeko prozesuari dagozkion oztopoak eta aukerak» aztertu, eta gatazkak konpontzeko «erronka globalez» hausnartu nahiko lukete.
Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaileak 2011tik hona izandako bilakaeraren «balorazio positiboa» egin zuen atzo: «Duela hamar urte baino askoz hobeto gaude, baita iaz baino hobeto ere».
Aieteko Konferentziak utzi «erronkak» aztertuko dituzte haren urteurrenean
Conciliation Resources-ek, Berghof fundazioak, Bake Bideak eta Foro Sozialak jardunaldiak antolatu dituzte. Hernan: «2011n baino askoz hobeto gaude»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu