Estatu indarkeria ere kontuan hartuko du Gogora-ren erakustokiak

Eusko Jaurlaritzak memoria lantzeko erakustoki propio bat zabalduko du Gogora-ren Bilboko egoitzan, eta, besteak beste, ETAren indarkeria, 1936ko gerra eta diktadura landuko dituzte

Ezkerretik eskuinera, Aintzane Ezenarro, Federico Soriano, Beatriz Artolazabal eta Jose Antonio Rodriguez Ranz, atzo, egitasmoaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
«Gogoetak egiteko tokia, galderak egingo dizkigun tokia». Halaxe definitu zuen atzo Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Gogora institutuak Bilbon egingo duen erakustokia. Memoria historikoarekin lotutako egitasmoa aurkeztu zuten: gunea institutuaren egoitzako patioan jarriko dute, eta Federico Soriano arkitektoak garatu du proiektua. «Gure herriak pairatu dituen bortizkeria mota guztiak presente egongo dira», azaldu zuen sailburuak.

Erakustokiak biktimengan ipiniko du arreta, eta hainbat bortizkeria gogoratuko ditu. Sei atal izango dituela iragarri dute arduradunek. 1936ko gerrako eta Francisco Francoren diktadura sasoiko bortizkeriari buruzkoa izango da bat, ETAren biktimei eskainitakoa beste bat, eta, beste gune banatan, aintzat hartuko ditu talde ultraeskuindarren biktimak, baita polizia bortizkeriaren biktimak ere. «Erresistentzia demokratikoaren memoria» landuko du beste atal batek, eta «konpromiso zibikoaren memoriak» gune propioa izango du.

Lan hori egiteko, Artolazabalek esan du ikertu behar dela «zer gertatu zen eta zergatik gertatu zen, nork egin zuen eta nortzuk diren biktimak», eta erakustokiak «metodo historiografikoaren printzipioei» jarraituko diela gehitu du.

Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren sailburuordeak esan du Gogora-ren proiektua ez dela «erreakzio bat». Kazetariek Gasteizko Biktimen Oroimenezko Zentroa hizpide hartuta eman du iritzia; dioenez, institutuaren asmoa ez da «inolaz ere» Espainiako Gobernuak ekainean zabaldutako proiektua kritikatzea. Rodriguez Ranzek, hitzez hitz: «Konfrontaziorik ez, elkarlana baizik».

Memoria lantzen duten zenbait plataforma Biktimen Oroimenezko Zentroaren aurka agertu dira, frankismoaren eta estatuaren biktimak alde batera uzteagatik. Artolazabalek gehitu du gune bakoitzak bere nortasuna duela, eta bien lana uztargarria dela: «Ongi etorriak izan daitezela elkarbizitzarako memoria etiko, inklusibo eta kritikoa lantzen duten ekinaldi guztiak».

Gainera, sailburuak esan du erakustokia elkarlanean arituko dela Gogora institutuaren beste egitasmo batzuekin; besteak beste, «etorkizuneko» Gasteizko Martxoak 3 oroimenezkoarekin, eta Gernikako Bakearen Museoarekin, zeina berritu egingo den.

Eusko Jaurlaritzako ordezkarien hitzetan, erakustokiarekin «memoriaren pedagogiak» erreferentziazko leku berezi bat izango du Bilbon, eta, nahiz eta ez baieztatu ziurtasun osoz, 2023ko udaberrirako ikusleentzat zabalik egotea espero dute.

Erronka arkitektonikoa

Sei proiektu aurkeztu dira, guztira, institutuak abian jarritako lehiaketara, eta Federico Soriano arkitektoaren Gogoak hedatuz lana izan da garaile. Sorianok adierazi du erakustokia eraikinaren patioan txertatzea erronka arkitektoniko bat izango dela, egitura arin bat egin beharko dutelako eraikinaren ezaugarrietara moldatzeko.

Horrez gain, jada han dauden arbolak errespetatzea eta «diseinuan integratzea» dute helburu, eta han dagoen «artxibo historikoa babesteko neurriak» hartuko dituzte, ahalik eta gutxien eragiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.