Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo berrekin zion agenda publikoari uztailaren 30az geroztik. Urkulluk Labi teknikoaren bilera aukeratu zuen oporraldi osteko jardunera itzultzeko, eta, azkenean prentsaurrekora irten ez bazen ere, baliteke Jaurlaritzak hastekoa den urte politikoan izango dituen lehentasunen erakusgarri bat izatea. Izan ere, Lehendakaritzako iturriek egunotan zabaldu dutenez, COVID-19aren izurria eta hura hainbat arlotan eragiten ari den ondorioak izango dira Urkulluk datozen hilabeteetako jardunean izango dituen lehentasun nagusiak, 2022. urterako aurrekontuak prestatzearekin batera.
Urteroko legez, Jaurlaritzak Donostiako Miramar jauregian egingo du urte politikoari ekiteko Gobernu Kontseilua. Abuztuaren 31n izango da hitzordua. Ordurako, premiazko lan batzuk aurreratuta izan beharko ditu: pandemiaren bilakaera kudeatzeaz gain, ikastetxeetarako itzulera nola egingo den zehaztu beharko du gobernuak. Irailean bertan izango da politika orokorreko eztabaida, Eusko Legebiltzarraren jardunari berrekingo diona.
Horiez gain, datozen hilabeteetan Urkulluren gobernuak galtzak bete lan izango ditu estatutuaren arloan. Batetik, urriaren 1etik aurrera bere esku geratuko delako espetxeen eskumena; beraz, hari egokituko zaio Zaballako (Araba), Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelak kudeatzea, eta, horrekin batera, 700 bat langileren eta 1.300 preso ingururen gaineko ardura izango du. Jaime Tapia epailea ari da espetxe eredu berria diseinatzen, eta haren taldeak zehaztuak ditu irizpide nagusiak: besteak beste, presoen %40k zigorra erregimen irekian betetzea.
Bestetik, ordea, Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak atzeratuta dituzte eskumenen transferentziei lotutako lanak; apirilean, bi gobernuek lau eskumenen inguruko akordioa itxi zuten, nahiz eta martxorako 11 ziren Jaurlaritzaren esku utzi beharreko eskumenak.
Gernikako Estatutua betetze aldera diseinatutako egutegiaren arabera, transferentzien hurrengo blokeak urrirako egon beharko luke itxita, eta multzo horretan sartuko dira, besteak beste, hidrokarburoak, estatuko sektore publikoa eta aireportuak. Erronken artean egongo da, halaber, bizitzeko gutxieneko diru sarreraren kudeaketa eskualdatzea.
Haatik, gauza bat da 1979ko estatutua betetzeko falta diren eskumenen transferentzia negoziatzea, eta beste bat Euskal Autonomia Erkidegoak izan beharko lukeen autogobernu ereduaz edo estatus politikoaz eztabaidatzea. Urkulluk bederatzi urte egingo ditu aurki Jaurlaritzako Lehendakaritzan, eta harrezkero mahai gainean dago estatus politikoaren gaia, hura nola definituko. Jaurlaritzak legealdirako gobernu programatik kanpo utzi zuen gai hori, baina espero da talde politikoek eztabaidari berrekitea udazkenean; izan ere, udaberrian Urkulluk berak behin baino gehiagotan adierazi zuen estatusari buruzko eztabaida atzera ere martxan jartzeko beharra.
2016-2020ko legealdian, bi dokumentu jorratu zituzten: estatus berriaren oinarri eta printzipioak, nagusiki EAJk eta EH Bilduk babestuta, eta bertsio diferenteak biltzen zituen testu artikulatu bat, EAJk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk proposatutako adituek jorratuta. Datozen hilabeteetan ikusi beharko da bi testuek zenbaterainoko lekua duten abiatzekoa den eztabaidan.
Aurrekontuak, bermatuta
Jaurlaritzaren beste egiteko nagusietako bat zera izango da, 2022rako aurrekontuak taxutzea. Oraingoan ere nahieran osatu ahal izango ditu, EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean daukaten gehiengoak bermatu egiten duelako aurrekontuak onartzea, baina ikusi beharko da legealdiko bigarren urte politikoan Jaurlaritza gai izango den oposizioko talde politikoren baten babesa erakartzeko.
2021erako, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuaren taldeak 12.442 milioi euroko aurrekontua prestatu zuen, eta Jaurlaritzak Elkarrekin Podemos-IUrekin izan zituen elkarrizketa gehien, baina ados jarri gabe amaitu zituzten negoziazioak. Harrezkero, Jaurlaritzak ezkerreko koalizioaren babesa izan du, adibidez, Pandemiaren aurkako Legea aurrera ateratzeko, eta baliteke legealdiko bigarren urteak zehaztea Elkarrekin Podemos-IUk zenbaterainoko sostengua ematen dion Jaurlaritzari, hark gobernabidea bermatua izan arren. Legealdiko lehen urtea igarota, pandemiari aurre egiteko legea eta aurrekontuena izan dira legebiltzarrak onartutako bi arauak, baina hastekoa den urte politikoan legebiltzarrera heldu beharko lukete Jaurlaritzak legealdirako iragarritako 36 lege proposamenetako batzuk.
Horrez gain, Urkulluk zeregin ekonomikoen zerrendan izango ditu Europako funtsen kudeaketa eta COVID-19aren izurriak ekonomikoki utzitako egoera suspertzea.
Urkulluk izurria eta aurrekontuak jarri ditu urte politikoko lehentasun
Jaurlaritzak abuztuaren 31n egingo du urte politikoa abiatzeko Gobernu Kontseilua, Donostiako Miramar jauregian. Gobernuak bere esku izango du espetxeen eskumena urriaren 1etik aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu