«Ertzaintzak eginiko torturak» aitortzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Egiari Zor-ek nahi du Jaurlaritzak bere gain har dezala «erantzukizun politikoa», eta «autokritika» ez egitea egotzi dio. Polizia abusuen 30 biktima aitortzeko ekitaldi bat egingo du gobernuak gaur zortzi

Egiari Zor-ek egindako agerraldia, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jon olano
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
«Ertzaintzak eginiko torturetan erantzukizun politikoa» bere gain hartzeko eskatu dio Egiari Zor-ek Eusko Jaurlaritzari. Fundazioaren arabera, «etorkizuneko bizikidetzaren eraikuntza euskal gizartearen gehiengo handi batek bere gain hartu duen konpromisoa den honetan, aukera ezin hobea» izango litzateke Eusko Jaurlaritzak torturaren biktimei aitorpen publikoa espresuki egitea gaur zortzi, Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Egunean.

Eusko Jaurlaritzak ekitaldi bat egingo du datorren larunbatean, Poliziaren indarkeriaren 30 bat biktimari aitortza emateko. Bilboko Euskalduna jauregian izango da topaketa; Poliziaren indarkeriaren biktimak aitortzeko dekretuari jarraituz aurkeztu ziren eskabideak aztertzen ari da aditu batzorde bat, eta talde horrek ebatzitako —eta biktima gisa aitortutako— kasuak dira Euskalduna jauregiko ekitaldian aitortuko dituztenak.

Atzo, Egiari Zor-ek agerraldi bat egin zuen ekitaldi horren balorazio bat aurkezteko. Izan ere, fundazioak «oso positibotzat» dauka urrats hori: «Beharrezkoa da [Espainiako] Estatuak egindako indarkeriaren biktima horien aitorpen publiko eta ofiziala, tartean torturatuak ere badirelarik, eta erreparazio bidean jarriko baititu pertsona horiek jasandako giza eskubideen urraketak».

Haatik, kritiko azaldu zen fundazioa. Urtza Alkorta eta Oskar Fernandez Ertzaintzaren torturaren biktimek hartu zuten hitza, eta, gogorarazi zutenez, gaur zortziko saioa ez dator bat Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari 2019an emandako mandatuarekin: espresuki Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna ospatu dezala eta biktima horiek aitortu ditzala, «giza eskubideen urraketa larri horrek dakarren bidegabekeriagatik».

Torturaren eta estatuaren indarkeriaren biktimen aitortza nahastuta, Egiari Zor beldur da ez ote den «desitxuratuko» 2019ko mandatu hori, eta hori egitea «tamalgarria» iruditzen zaio.

336 kasu

1960tik 2014ra bitartean izandako tortura kasuei buruz Jaurlaritzak berak taxututako txostenaren arabera, torturaren 336 biktimaren kasuan Ertzaintza izan zen erantzulea. Horien «erantzukizun politikoa» bere gain hartzeko eskatu diote biktimek Jaurlaritzari: «Eusko Jaurlaritzak bere erantzukizuna saihestu du, bere hipokrisiari aurre ez egiteko: bere gain hartu nahi ez duena beste batzuei eskatzea».

Horren inguruan ez da «inolako autokritikarik» egin, Egiari Zor-en arabera: «Tortura posible izan bada, hari bide ematen zion estatu itun bat zegoelako da. Oso ondo diseinatutako engranaje bat, non zigorgabetasuna funtsezkoa zen legez kanpoko praktika hori hamarkadetan zehar indarrean egon zedin». Alkortaren eta Fernandezen esanetan, Eusko Jaurlaritzak «bere rola jokatu zuen engranaje horren barruan».

Biek nabarmendu zuten erakundeek tortura «ukatu» izan dutela eta horrek, «zigorgabetasuna ez ezik, krimena betikotzea ere ahalbidetu» duela. Era berean, gogoan izan zituzten Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren hitz batzuk, esanez Ertzaintza ez dutela sekula torturengatik zigortu. «336 kasu, txosten propio batek egiaztatzen dituenak, eta kondena bakar bat ere ez; horixe da zigorgabetasun nabarmen baten froga», azaldu zuten: «Horrek gutxienez lotsa eta autokritika eragin beharko lituzkeelakoan gaude ».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.