Elkarrizketa saiakerak kontatu ditu Urrutikoetxeak epailearen aitzinean

Urrutikoetxeak Parisko Zigor Auzitegian erran du «Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren ordezkari» izan zela Osloko elkarrizketa saiakeretan, eta Norvegiako Gobernuaren babespean aritu zela

Josu Urrutikoetxea, Parisko auzitegi batetik ateratzen, aurreko epaiketa saio batean. YOAN VALAT / EFE.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Paris
2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun

2019ko maiatzean lehen aldiz atxilotu zutenetik, epailearen aitzinean hitza hartu du Josu Urrutikoetxeak, eta 2006tik 2019ra izandako ibilbideaz azalpenak eman ditu, argituz garai horretan ez zela ETAko kide izan. Atzo eta gaur ari dira bere kontrako epaiketa egiten Parisko Zigor Auzitegian. 2011 eta 2013 bitartean ETAko kide izan zelakoan, «helburu terrorista» zuen gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatzen dio Frantziako Justiziak. Kontatu zuen garai hartan Oslon (Norvegia) zegoela, Norvegiako Gobernuaren babespean, ETAren eta Espainiako Gobernuaren elkarrizketa saiakeretan, «Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko ordezkari gisa», azaldu zuenez. Gaur segituko dute deklaratzen. Defentsak eskatuta, Philippe Texier ohorezko magistratuak eta Michel Wievorka soziologoak parte hartuko dute. Defentsak bere alegatua aurkeztuko du gero, eta prokuradoreak, akusazioa.

 

Formari buruzko gorabeherekin hasi zen auzi saioa. Irregulartasunak argudiatuta, epaiketa atzeratzeko eskatu zuten defentsaren abokatuek. Veronique Dudouet Berghof fundazioko zuzendariak lekuko gisa deklaratzeko jasotako zitazioak sortu zuen eztabaida gehien. Terrorismoaren kontrako fiskaltzak adierazi zuen zitazioa bidali ziotela, eta hark jaso izana izenpetu zuela; baina, geroztik, Dudouetek ukatu egin du berak izenpetu zuela. «Faltsifikazio susmoak» aipatu zituzten. Laure Heinich abokatuak erran zuen sinadura horren inguruan dauden «alde ilunak» argitu behar zirela, epaiketa baldintza onetan iragan ahal izateko. Auzia gibelatzeko eskatu zion epaileari, erranez Dudouet lekuko giltzarri bat zela eta ezinbestekoa zela auzian lekukotasuna ematea bermatzea.

Eten baten ondotik, epaileak erran zuen abokatuen eskaera guzien erabakiak epaiketaren deliberoan txertatuko zituela, abokatuen haserrea eraginez. Abokatuen elkarteko buru lehenarengana jo zuten epaitegiaren partzialtasuna salatzeko, baina honen bitartekaritzak ere ez zuen bide eman adostasun batera iristeko, eta epaiketa formalki hastea erabaki zuen epaileak.

Norvegiaren babespean

2011 eta 2013 artean ETAren aparatu politikoko kidea izatea, ETAko kide izatea, klandestinitatean bizi izatea eta ETAko kideekin harremanak atxikitzea leporatzen diote Urrutikoetxeari. ETA zeneko kide historikoak argitu zuen 2006ko irailetik ez duela ETArekin harremanik. Erran zuen negoziazioei buruz zituen desadostasunengatik erakundearekin «hautsi» zuela, eta ordutik bizi normala egin zuela Ariegeko baserri batean, baratzezaintzan, kabalak zaintzen eta zurgin.

2011ko urritik 2013ko otsailera, Norvegiara joan zen, ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa saiakeretan parte hartzera; zehaztu zuen «Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren ordezkari gisa» parte hartu zuela. «Genevan dagoen Henri Dunant zentroak bitartekari lanak egin zituen 2005eko prozesuan. Ordutik, Espainiako Gobernuarekin harremanean zeuden. Bide orri bat egin zuten ETA eta Espainiako Gobernuaren artean, eta horren berri eman zidaten», kontatu zuen. «Tratua hau zen: Espainiako Gobernua prest zegoen Europako herrialde bat aurkitzeko ETAren ordezkaritzari harrera egitea bermatuko zuena. Jarduera armatua behin betiko bukatzean, ETAren ordezkaritza bat herrialde horretara joatekoa zen».

Urrutikoetxeak esplikatu zuen ez zela zuzeneko negoziazio bat, bitartekari bidezkoa baizik: «Negoziazioetan esperientzia nuen, Algerreko negoziazioetan egon nintzen 1989an, eta HD zentroak parte hartzeko eskatu zidan. ETA erakundeak ere galdetu zidan, ezker independentistaren bidez. Eta Espainiako Gobernuak ere egoki ikusten zuen esperientzia zuen norbaitek elkarrizketetan parte hartzea. Baldintza horiek beteak zirelako onartu nuen».

Ezker independentistaren bidez hitzordu bat eman zioten: Norvegiako bi polizia diplomatiko zain zituen aparkaleku batean, eta auto diplomatiko batean Parisera eraman zuten. Han lo egin, eta biharamunean Norvegiara joan zen haiekin, autoz. Han elkartu zen David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAko kideekin. 2013ko otsailera arte han egon zela erran zuen, «bilkurak egiten»: HD zentroarekin, Norvegiako atzerri ministerioko ordezkariekin... 2012ko azaroan, «zoritxarrez», gobernu aldaketa izan zen, eta PPren gobernuak ez zuen «deus jakin nahi izan» elkarrizketez. «HD zentroak bidaia anitz egin zituen Rajoyren gobernuarekin mintzatzeko». Vatikanoko ordezkari batekin ere egon ziren, Espainiako Barne Ministerioak eskatuta, «zehazteko ea negoziatzeko prest ginen», azaldu zuen. «Bazen urte bat han geundela zain!».

Urrutikoetxeak behin baino gehiagotan zehaztu zuen bera ez zegoela han ETAko ordezkari gisa. Bilkuretako aktak hartzea ETAko kideek egin zuten lana izan zen: «Haiek ziren erakundeko arduradunak; haiei zegokien lan hori egitea. Ni hor nengoen nire esperientzia ekartzeko».

Ariegen, Daniel Martin

2013ko uztailaren 15ean Espainiako zerbitzuek Frantziari jakinarazi zioten litekeena zela Urrutikoetxea Okzitaniako herri batean egotea, eta ETAko buruzagi gisa aurkeztu zuten. Biharamunean polizia operazioa egin zuten. Urrutikoetxearen emaztea eta haurra han zeuden, baita bere afera pertsonal andana ere; baina militante historikoa ez zuten aurkitu. Urrutikoetxeak azaldu zuen baserri hartan bizi izan zela 2006tik. Etxearen jabearen lekukotasuna ere aipatu zuen epaileak. Daniel Martin izenez ezagutzen zuen: historia irakaslea, diru iturririk gabea, bizkarreko zaku bat baizik ez zuena. Bi urtez Parisen tesia aurkezteko falta izan zela -2011-2013 artean-, ez zuela inolako konexiorik gizartearekin...

2018an ETAren desegitea iragartzeko agiria irakurri izanaz ere galdetu zion epaileak Urrutikoetxeari. Argitu zuen erakundeko «kide historikoa» izan delako jo zutela beregana.

2011 eta 2013 bitartean Urrutikoetxea ETAko kide izan zela: hori azpimarratzen saiatu zen prokuradorea. Baina epaileari emandako erantzun berak eman zizkion Urrutikoetxeak. Frantziako Poliziako ordezkari batek ere hitza hartu zuen, lekuko gisa, baina ez zuen elementu argirik eman 2006tik aitzinako kidetza hori frogatzeko. Zortzi ordu baino gehiagoren ondotik eten zuten saioa. Gaur segituko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.