Koronabirusa

Beherako malda lautzen ari da

Beste 456 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Nafarroako eta Arabako intzidentzia tasek gora egin dute, azken hilabetean lehen aldiz. Ospitaleetako bilakaera onbidean da: 336 gaixo dira

Beherako malda lautzen ari da.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Gero eta argiago ikus daiteke beheranzko joeraren apaltzea. Izan ere, kutsatzeen gutxitzea ez da hain nabarmena izan azken egunotan; pandemiaren laugarren olatuaren beherako malda ez da hain malkartsua orain. Are gehiago, kutsatuen kurba lautzen hasia dela erakusten duten zantzuak suma daitezke Hego Euskal Herrian. Beste 456 COVID-19 kasu zenbatu dituzte gaitza atzemateko testetan; hala, kopurua bigarren egunez jarraian izan da 400 kasuren langatik goitikoa. Joan diren lau egunetan, egun bakarrean zenbatutako positiboek beti gainditu dute bezperako datua. Azken bi asteetako bilakaerari so, Hego Euskal Herrian eguneko 393 kasu positibo detektatu dituzte batez besteko.

Osakidetzak eta Osasunbideak herenegun atzemandako 456 kasuetatik, 194 Bizkaian diagnostikatu zituzten; Gipuzkoan 117 detektatu ziren; Nafarroan 93 izan ziren, eta Araban, berriz, 46. Test kopuruari dagokionez, guztira 10.387 diagnostiko proba egin ziren asteazkenean, eta, beraz, %4,4koa izan zen positiboen ehunekoa. Datua antzekoa izan zen Hegoaldeko bi osasun sistemetan: Osakidetzak egindako testen artean, %4,4 izan ziren positibo; Osasunbideak egindakoetan, %4,5.

Intzidentzia, koska bat gora

Azken lau asteetan, transmisioari buruzko grafikoetan aski argi ikus daiteke kutsatzeek lau herrialdeetan izandako beheranzko joera. Halere, intzidentzia tasa metatuari dagokionez, joera aldatu egin da Araban eta Nafarroan; tasak handitu egin dira, hil hasieratik aurreneko aldiz. Zehazki, Arabako tasa 124 da 100.000 biztanleko bezperan, 118. Nafarroan, aldea txikiagoa izan da: tasa 131 da; aurreko egunean, 130.

Ordea, Hegoaldeko beste lurraldeetan, hau da, Bizkaian eta Gipuzkoan, joerak beheranzkoa izaten jarraitu du oraindik ere: Bizkaian 100.000 biztanleko 238 pertsonari atzeman diete COVID-19a azken hamalau egunetan; Gipuzkoan, 204ri.

Birusaren transmisioari buruzkoetan ez bezala, erietxeetako presioarekin loturiko aldagai guztietan suma daiteke arintzea. Barealdia nabarmena da oraindik ere. Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, oraintxe guztira 336 lagun daude gaitzarekin ospitaleraturik Hego Euskal Herriko zentroetan. Abuztuaren hondarretik, inoiz ez da erregistratu hain kopuru apalik.

Halaber, osasun agintariek zehaztu dute erietxeetan direnen 118 ZIU zainketa intentsiboetan direla; 218, aldiz, gela arruntetan. ZIUetako okupazioari dagokionez, maiatz hasieran ia bikoitza zen unitate horietan birusarekin ospitaleraturik ziren pazienteen kopurua: 229 ziren, zehazki.

Asteazkenean 36 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagoturik; horiek guztiak Araban, Bizkaian, edo Gipuzkoan erietxeratu zituzten. Nafarroan ez zen izan erietxeratzerik. Horiek horrela, astebeteko epean, birusarekin loturiko ospitaleratzerik gabeko bigarren eguna izan da herrialdean.

Gainera, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak emandako datuen arabera, gaitzarekin eri zen 57 urteko gizon bat zendu zen asteazkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.