Subijana progresista aukeratu dute EAEko Auzitegi Nagusiko presidente

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian hautatu dute, bigarren bozketan. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko burua izan da azkeneko hamar urteotan. Juan Luis Ibarra ordezkatuko du

Iñaki Subijana, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea, 2013an egindako argazki batean. JON URBE / FOKU.
Igor Susaeta - Jon Ordoñez Garmendia
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun

Iñaki Subijana magistratu progesista da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente berria. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren osoko bilkuran izendatu zuten, atzo, eta 2010etik iazko ekaina arte presidente izandakoa ordezkatuko du, Juan Luis Ibarra. Azken hamar urteotan Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko presidentea izan da, eta, besteak beste, Demokraziaren Aldeko Epaileak elkarteko bazkidea da.

Subijanaz gain, beste bost jurista ziren hautagaiak: Garbiñe Biurrun auzitegi bereko gizarte arloko presidentea —Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak berriro aukeratu zuen, atzo—, Ibarra erretiratua behin-behinean ordezkatu duena; Maria Mercedes Guerrero Arabako Probintzia Auzitegiko presidentea; Edorta Josu Etxarandio Nafarroako Probintzia Auzitegiko magistratua; Antonio Garcia EAEko Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor arloko salako epailea; eta Luis Angel Garrido EAEko administrazioarekiko auzien salako presidentea —COVID-19aren intzidentziarik handieneko tokietan ere ostalaritza irekitzeko ebazpena eman zuen, aurreko hilabetean—.

Gehiengo kalifikatua behar da EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea izendatzeko, eta Subijana bigarren bozketan izendatu zuten: haren hautagaitzaren alde bozkatu zuten Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren 21 kideetatik hamahiruk.

Organo horrek bi urte eta hiru hilabetean dihardu behin-behinean funtzionatzen, eta hura berritzeko asmoz PSOE eta PP egiten ari diren negoziazioak blokeatuta daude oraintxe. Iturri judizialak aipatuz Espainiako zenbait hedabidek kaleratutakoaren arabera, kontseilu nagusiko zenbait kideri iruditzen zaie ez dela zilegi behin-behineko egoeran izendapenak egiten jarraitzea. Gehiengo kontserbadorea du kontseiluak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.