Joan den astean irakurri genuen BERRIAko azalean Jaurlaritzak Irale programako ikastaroak murriztuko dituela. Irakasleen etengabeko prestakuntza erdiguneko gaia da ezbairik gabe. Sasoi bakoitzak behar ditu sasoiari egokituriko irakasleak, eta unibertsitatean garai baten jasotako hasierako prestakuntza hark ezin ase ditu ibilbide profesional luzean zehar irakasleak izango dituen beharrak.
Alabaina, etengabeko prestakuntza eredu guztiak ez dira berdinak, denek ez dute irakaslearengan garapen bera sustatzen, ez eta eskola mailako eragina bultzatzen ere. Prestakuntza batzuek bilatzen dute irakasleen ezagutza zientifiko eta didaktikoak gaurkotzea, irakasleari esaten zaio nola egin behar duen lan teorien arabera, baina entzuten duen zera teoriko hori bere eguneroko praktikara ekartzeko oztopoek prestakuntzaren eragina murrizten dute. Beste batzuetan, irakasleei beste leku batzuetako errezetak eskaintzen zaizkie, eta: «Han funtzionatu du; egin ezazu zeuk ere». Baina errezeta norberaren sukaldera ekartzerakoan gauzak ez dira horren errazak, eta testuinguruen ñabardurek irakasle asko hozten dituzte errezetak inplementatzeko garaian.
Askotan, irakasleen prestakuntza planteatzen da kanpotik, modu estandarizatuan eskola desberdinetarako, pilulak eskainiz, aldi berean hainbat gai jorratuz... eta horren aurrean Schönez geroztik bada korronte oso bat proposatzen duena irakasleak ahaldundu behar direla euren garapen profesionalean subjektu aktibo izateko. Ikuspegi honetan ikastetxea, lantokia jotzen da prestakuntzarako espazio pribilegiatu, eta gela gogoetarako eremu. Irakaslea eta irakasle taldea testuingurua behatzeko gaitzen bada, erronkak eta tentsioak non dauden identifikatzen baditu, praktika horretan iltzatuko den teoriaz janzten badu bere burua, egiteko modu berriak esperimentatzeko gai bada eta esperimentazio horien azterketatik erronka eta tentsio berriak biltzen baditu, irakasleen prestakuntzak ez du balioko bakarrik irakasle norbanakoa profesionalki garatzeko, balioko du irakaskuntza bera mugiarazteko eta ondorioz ikasleengan eragiteko ere.
Eta modu horretako prestakuntza eredu batek baliabideak eskatzen ditu, noski. Behar dira denbora tarte egokiak irakasleek elkarrekin gogoeta egiteko, nekez egin baitaiteke kalitatezko gogoetarik bazkalorduko tartean edota arratsaldeetan eguneko nekea aldean, baina zergatik ez gorde ikasturtean zehar dozentziarik gabeko egunak irakasleen prestakuntzari eskainiak? Eskatzen du beharren arabera irakasle batzuk liberatzea eta prestatzea gogoeta prozesu horietan lankideak laguntzeko. Eskatzen ditu baliabide teknikoak, eguneroko praktika jasotzeko aukera eskainiko dutenak. Eskatzen du kanpoko prestatzaileen aldetik entzute jarrera sakona, eskolaren eta irakasleen beharren arabera malgutasunez erantzuteko gai izango dena. Eta batez ere eskatzen du irakasleari eta irakasle taldeari aitortzea badela nor bere prestakuntza modua diseinatzeko eta bere jardunean eragiteko; eta irakasle eta irakasle taldeek sinestea irakasle on izateko ezinbestekoa dela etengabeko ikasle izatea.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN
Prestakuntza, irakasleak ahalduntzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu