Koronabirusa

Alarma egoera indargabetu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Jaurlaritzak «normaltasun berrian» bete beharreko neurriak aurkeztu ditu. Maskara erabiltzen jarraitu beharko da, eta zenbait jardueratan %60 izango da gehienezko edukiera

Tapia, Erkoreka eta Murga, Gasteizen, atzoko agerraldian. IREKIA.
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo baieztatu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak asteartean aurreratutakoa: «Ia ehun eguneko salbuespen egoeraren ostean, normaltasun berria bihar [gaur] hasiko da Euskadin». Urkulluk atzo goizean sinatu zuen alarma egoera amaitutzat ematen duen dekretua —gaur sartu da indarrean—, eta, beraz, indargabetu egin ditu Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak «salbuespen egoeraren testuinguruan» hartutako neurriak.

Osasun Sailak Jaurlaritzako sailburuei atzo aurkeztu zien txostenak dioenez, «osasun eta epidemiologia egoera ikusita, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gainditutzat jo daiteke hirugarren fasea». Ondorioz, Lakuak Gernikako Estatutuak ematen dizkion eskumenak berreskuratuko ditu, eta gauerdian zabaldu da Bizkaiaren eta Kantabriaren arteko muga. Hala adostu dute aste honetan Urkulluk eta Miguel Angel Revillak, Kantabriako presidenteak.

«Normaltasun berria», berriz, Nekane Murga Osasun sailburuak sinatutako agindu batek arautuko du, zeinak etapa berriko prebentzio, zaintza eta kontrol neurriak zehaztuko dituen. Erkorekak azaldu zuenez, agindu horrek «Euskadiri egokitutako araudi propio bat» ezarriko du, eta «garrantzitsu» iritzi zion aurrerantzean ere neurriak eta norbanakoen ardura mantentzeari, «birusa oraindik ere gurekin dagoelako».

Baina herritarrentzat zer esan nahi du «normaltasun berrian» sartzeak? Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuak erantzun zion galdera horri, Biziberri planak biltzen dituen neurriak azalduz: «Errealitate berrira igaroko gara, baina ez normaltasun osora. Hilabete batzuetan, gutxienez, mugak izango ditugu oraindik».

Besteak beste, gaurtik aurrera maskara nahitaez erabili beharko da gune itxietan eta garraio publikoan —Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 100 eurorainoko isunak ezar ditzakete ez janzteagatik—; pertsonen arteko distantziak metro eta erdikoa izan beharko du; eta leku itxiak gehienez ere %60 bete ahalko dira. Ez hori bakarrik: ostalaritzan eta dendetan ez da gehienezko jende kopururik izango, baina metro eta erdiko distantzia bermatu beharko da, eta haur parkeak zabalduko dira, baina ume bakoitzak lau metro karratuko gune bat soilik erabili ahalko du. Udalek betearaziko dute baldintza hori, eta aurrerantzean arreta berezia jarri beharko dute parkeen garbiketan.

Beste hainbat zehaztapen ere biltzen ditu planak, eta %60ko muga errespetatu beharko den jarduera batzuetako araudia zehazten du: jarduera kulturaletan, adibidez, eserita egon beharko da, aurrez zehaztutako eserlekuan; kirol ikuskizunetan, gune irekietan, %60ko mugaz gain, gehienez mila lagun egon ahalko dira —Tapiak ez du zehaztu zer gertatuko den futbol partidekin—; eta diskotekak zabaltzea posible izango da, baina dantzarako pistarik gabe.

Nafarroara, igandean?

Azken egunetan eztabaida sortu du Kantabriaren eta Bizkaiaren arteko muga zabaltzeak eta Nafarroakoak eta Iparraldekoak, aldiz, itxita jarraitzeak. Printzipioz, Espainiako Gobernuak eta Nafarroakoak datorren astelehenean indargabetuko dute alarma egoera, baina Arabatik eta Gipuzkoatik Nafarroara lehenago igarotzea posible izan daiteke.

Espainiako Gobernuak argitaratutako azken BOE Estatuko Aldizkari Ofizialaren arabera, ekainaren 21eko 00:00etan amaituko da alarma egoera Nafarroan; beraz, larunbatetik iganderako gauerditik aurrera posible litzateke Nafarroatik Hego Euskal Herriko beste lurraldeetara bidaiatzea, eta alderantziz. Dena den, asteburuko BOEaren zain egon behar dela azaldu zuen atzo Foruzaingoak.

Iparraldeari dagokionez, gaur dira biltzekoak Espainiako eta Frantziako ordezkaritzetako kideak, eta litekeena da bertan zehaztea muga noiz zabalduko duten. Ondo bidean, astelehenean irekiko dituzte mugako pasabideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.