Gerra Ukrainan. NATOren goi bilera

NATOren bide orri berrian Errusia da aliatuentzako «mehatxu zuzenena»

Mendebaldeko aliantza militarrak datorren hamarkadarako kontzeptu estrategikoa onartu du. Kremlini egotzi dio aliatuen «segurtasun ingurunea» aldatzea, eta Txinari, berriz, «desafio egitea»

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia eta Joe Biden AEBetako Gobernuko presidentea elkarrekin hizketan, atzo, Madrilen. LAVANDEIRA JR / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Errusia NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen «bazkide estrategikoa» zen 2010ean, Mendebaldeko aliantza militarrak aurreko kontzeptu estrategikoa onartu zuenean. Bien arteko harremana, ordea, gaiztotuz joan da. Horrenbestez, datorren hamarkadan NATOren jarduna gidatuko duen bide orriaren arabera, Errusia bilakatu da «aliatuen segurtasunerako mehatxurik zuzenena eta esanguratsuena». Madrilen goi bilera bat egiten ari da aliantza —gaur bukatuko da—, eta 30 aliatuek atzo onartu zuten estrategia berria, argudiatuz, besteak beste, Errusiak Ukrainan hasitako inbasioak bakea «txikitu» duela, eta «aldatu» egin duela aliatuen «segurtasun ingurunea».

Mendebaldeko aliantza militarrak egozten dio Kremlini «kontrol zuzena» eduki nahi izatea «hertsatzearen, subertsioaren, erasoen eta anexioaren» bidez, eta iruditzen zaio «jarrera militar» horrek, haren «erretorikak», eta «helburu politikoak lortzekoindarra erabiltzeko erakutsitako prestasunak» urratu egiten dutela «nazioarteko ordena», zeina «arauetan» oinarrituta dagoen. Nolanahi ere, aliantzak azpimarratu du ez duela «konfrontaziorik» nahi, eta ez dela «mehatxu bat» Errusiarentzat.

NATOren iritziz, Moskuren helburua da «ekialdeko eta hegoaldeko herrialdeak ezegonkortzea». Horiek horrela, konpromisoa hartu du Europa ekialdean «borrokarako prest» egongo diren «tropa indartsu» gehiago hedatzeko. Ez dute zenbakirik zehaztu, baina, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak herenegun adierazi zuenez, asmoa dute Errusiarekin muga egiten duten estatuetan 300.000 militar inguru «alerta gorenean» ezartzeko. 2014an, Errusiak Krimea anexionatu zuen, eta 2017an NATOk tropak hedatu zituen Estonian, Letonian, Lituanian eta Polonian. Errusiak Ukraina inbaditu eta gero, tropak handitu egin dira, eta, gainera, Errumaniara, Bulgariara, Hungariara eta Eslovakiara ere iritsi dira. AEBetako presidente Joe Bidenek atzo jakinarazi zuen baliabide militar gehiago bidaliko dituela Europa ekialdera.

Sahel aurrenekoz aipatuz

Txina aurrenekoz aipatu dute NATOren kontzeptu estrategiko batean, eta aliantza militarrak leporatzen dio Pekini aliatuen «segurtasunari eta balioei desafio egitea». Testuak azpimarra egin du, bide batez, Errusiaren eta Txinaren arteko «elkartze estrategikoan».

Afrikako Sahel eskualdeari ere —Saharako desertuaren eta kontinentearen erdialdearen artean dago— aurrenekoz egin dio aipamena NATOren bide orri batek, esanez hango egoerak «zuzenean» eragiten diola NATOren «segurtasunari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.