Gerra Ukrainan. Negoziazioak

Bi aldeak bat etorri dira korridore humanitarioak hobetu behar direla

Errusiak erasoa «berehala» etetea eskaini du, baldin eta Ukrainak Krimearen anexioa eta Donbassko herri errepubliken independentzia onartzen baditu. Kievek ebakuazio bideak bonbardatzea leporatu dio

Hainbat zibil Ukrainako armadak eraikitako zubi bat zeharkatzen, gerratik ihesean, Irpinen, Kievetik gertu. ROMAN PILIPEY / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Errusiaren eta Ukrainaren arteko hirugarren bilera «aurrerapen txikiekin» amaitu zen atzo, korridore humanitarioen logistika hobetzeari zegokionez, biztanleria zibila ebakuatzeko; hala iragarri zuen Ukrainako ordezkaritzako Mikhailo Podoliakek. Errusiako ordezkari Vladimir Medenskik, berriz, espero du korridore humanitarioak gaur bertan martxan jartzea. «Elkarrizketek aurrera jarraituko dute». Halere, su-etenari eta segurtasun bermeei buruz ez zuten adostasunik lortu. Gai horiek ostegunerako utzi dituzte; izan ere, egun horretan bilduko dira Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov eta Ukrainako haren homologo Dimitro Kuleba, Antalian (Turkia).

Bi aldeetako ordezkaritzak bildu aurretik, Errusia «prest» agertu da erasoaldia «berehala» eteteko, baldin eta Ukrainak Moskuren eskariak onartzen baditu, Kremlineko bozeramaile Dimitri Peskovek Reuters agentziari esan dionez. Haren esanetan, lehen urratsa da Ukrainak erresistentzia armatua amaitzea. «Ukrainaren desmilitarizazioa amaitzen ari gara. Lortuko dugu». Kremlinek Kievi galdegin dio Krimearen anexioa eta Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia onartzea. «Ez dizkiogu Luhansk eta Donetsk kendu Ukrainari», azaldu zuen Peskovek. «Donetskek eta Luhanskek ez dute Ukrainaren parte izan nahi. Baina horrek ez du esan nahi suntsitu behar direnik». Azken urratsa Ukrainako konstituzioan aldaketa bat egitea litzateke, herrialdearen neutraltasuna ziurtatzeko. «Ukraina estatu independente bat da: nahi bezala biziko da, baina neutraltasun baldintzetan», zehaztu zuen.

Zibilak ebakuatzeko korridore humanitarioak irekitzea adostu zuten bi aldeek aurreko astean. Bada, Ukrainako hegoaldeko Mariupol eta Volnovakha hirietan egindako ebakuazioak bertan behera geratu ziren aurreko larunbatean, bi aldeek elkarri korridoreak zapuztea egotzita. Atzo goizean, Errusiako indar armatuakkorridore humanitarioak zabaldu zituen Kieven, Kharkiven, Sumin eta Mariupolen. Bide guztiek helmuga Errusian eta Bielorrusian zutenez, Ukrainako Gobernuak «onartezintzat» jo zuen Moskuk lau hiri horietako zibilak ebakuatzeko eratu zuen plana. «Hori zentzugabea, zinikoa eta onartezina da», idatzi zuen Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek bere Telegram kontuan.

Nolanahi ere, zenbait ebakuazio modu «baketsuan» egin ziren atzo, Kiev ondoko Irpin hirikoa kasurako. 2.000 laguneklortu zuten korridore humanitariora heltzea. Baina hango alkate Oleksandr Markuxinek ohartarazi zuen Errusiak Irpin bonbardatzen duela oraindik ere.

Donetskeko Herri Errepublikako Horlivka hiriko 200.000 zibil ere ebakuatzen hasi ziren atzo, Errusiara eramateko. Guda piztu zenetik, 181.000 pertsona inguruk ihes egin dute Donbassko bi herri errepubliketatik, tartean 48.000 haur, Tass agentziaren arabera. Orotara, 1,73 milioi herritar dira jada Ukrainatik ihes egin dutenak, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera. Gainera, Errusiak 400 zibiletik gora hil ditu, Nazio Batuen Erakundearen esanetan.

Ukrainaren arabera, Errusiak «ez du aurrerapausorik eman» frontean azken 24 orduetan. Halere, Errusiaren erasoaldiak ez du etenik, eta Moskuk Itsaso Beltzeko sarbidea trabatua dio oraindik Ukrainari. Bi aldeek borroka gogorrak izan zituzten atzo Odesan, batez ere Tusla eta Mikolaiv hirietan, Serhi Brattxuk Odesako Eskualdeko Administrazio Militarreko bozeramailearen esanetan. Horrez gain, Kharkiv eta Kiev inguruan ere borrokakareagotu egin dira azken orduetan, Vitali Klitxko Ukrainako hiriburuko alkateak atzo jakinarazi zuenez. Halaber, Klitxkok ziurtatu zuenez, Errusiako tropek Hostomelgo alkate Yiuri Prilipko hil zuten. Hori gutxi ez, eta hamahiru zibil hil ziren Makariv hirian —Kievetik 60 kilometrora—, ogi fabrika batean izandako bonbardaketaren ostean, Reutersek jasotakoaren arabera.

EBrako eskaera, abian

Errusiak hartu duen jarrera ikusita, Ukrainak, Moldaviak eta Georgiak EB Europako Batasuneko estatu kide bihurtzeko eskaera formalak izenpetu zituzten aurreko astean. Bada, atzo batasuneko 27ek adostu zuten hiru herrialde horiek blokean sartzeari buruzko irizpena eskatzea, eta EBko buruzagiek Versaillesen (Frantzia) egingo den goi bileran eztabaidatuko dute gaia, ostegunean, Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek esan zuenez.

Bestalde, Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksenek atzo iragarri zuenez, herrialdeak EBren programa militarretan parte hartzeari buruzko erreferenduma egingo du ekainaren 1ean. Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek, berriz, armakherrialdetik Ukrainara igarotzea debekatu du dekretu baten bidez. Era berean, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko indarrak Hungarian bertan aparkatzeko eta bere lurraldean soilik mugitzeko baimena eman du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.