Salneurrien garestitzea. Inflazioa

Inflazioak %5,2ra egin du salto

XXI. mendeko inflazioaren marka berdindu du urrikoak, energia garestitu delako. Soldatak prezioen oso azpitik igotzen ari dira, eta negoziazio kolektiboa zailduko dute datorren urtean

Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Beste garai bateko zenbakietara itzuli da inflazioa. Urrian, Hego Euskal Herrian, prezioak duela urtebete baino %5,2 garestiago zeuden. Halako igoera soilik behin ikusi da mende honetan, 2008ko udan —%5,2 2008ko uztailean—, petrolioaren gorakadak inflazioaren sukarra bat-batean igo zuenetik: orduan berehala jaitsi zen, Lehman Brothersen porrotak atea ireki ziolako Atzeraldi Handiari, eta harekin inflazio txikiaren eta inflazio negatiboaren aro luze bat zabaldu zuelako.

Orduan bezala orain ere energia izan da prezioak igotzearen erantzule nagusia. Petrolioa izan zen 2008an, eta gasa eta argindarra 2021ean. INE Espainiako estatistika erakundearen arabera, argindarra, gasa eta beste erregaiak %47,3 garestitu dira azken urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %49,6 Nafarroan. Argindarra bera %62 garestitu da azken urtean Espainian —INEk ez du ematen Hegoaldeko daturik—.

Igoera horren zati handi bat urrian gertatu da, eta elektrizitateari lepora dakioke hilabetean izan den inflazioaren igoeraren (%1,8) erdia.

Are gehiago, bere eragina handiagoa izango zatekeen baldin eta Espainiako Gobernuak argindarraren faktura jaisteko zenbait neurri hartu izan ez balitu: hala nola BEZa eta argindarraren gaineko zerga jaistea. Neurri horiek gabe, Espainian %6,1era iritsiko zatekeen inflazioa (%5,4an geratu da).

Gas eskari handiaren eta eskaintza txikiaren ondorioz garestitu da nagusiki argindarra, baina baita petrolioa garestitu izanaren ondorioz ere, hura ordezkatu duelako argindarra sortzeko iturri gisa. Petrolioaren prezioa bikoiztu egin da azken urtean —40 dolarretan salerosi zen iazko urrian, eta 80tik gora aurtengoan—, eta, horren ondorioz, gasolina inoizko garestien egon zen urrian: 1,50 eurotik gora salerosi zen Euskal Herriko zerbitzugune gehienetan.

Energia garestitzeak bete-betean eragiten die ekoizpen kostuei, baina oraingoz ez du isla zuzenik izan beste produktu eta zerbitzu askoren inflazioan. Horrela, elikagaiak duela urtebete baino %1,1 garestiago daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %2,1 garestiago Nafarroan. Jantzien prezioa, berriz, %0,8 handitu da Nafarroan, eta %1,1 beste hiru lurraldeetan.

Soldatak, azpitik

Hurrengo hilabeteetan iazko mailaren oso gainetik jarraituko dute prezioek, neurri handi batean iaz koronabirusak eragindako krisiaren errebote baten ondorio direlako: iaz asko jaitsi zen eskaria, eta, aurten berreskuratu denean, ekoizpen sistema ez da gai izan hari erantzuteko. Baina ez da baztertu behar igoera pixka bat apaltzea; izan ere, badirudi energiaren prezioak goia jo duela. Gasa merkatu egin da Errusia Europa mendebaldeko biltegiak motel betetzen hasi denetik, eta argindarra ez da urriko marketara ailegatu.

Edonola ere, ez da jaitsiera ikusgarririk espero, eta litekeena da horrek erosteko ahalmenaren galera ekartzea herritar gehienentzat. Horrela, 2021ean indarrean dauden lan hitzarmenetako langileen soldatak %0,91 igo dira batez beste irailera arte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Aurten berritutakoen batezbestekoa apur bat handiagoa da: %1,27, hain zuzen.

Igoera apala da, eta Tomas Arrieta Lan Harremanen Kontseiluko presidenteak urriaren amaieran BERRIAri eskainitako elkarrizketan nabarmendu zuen iaz inflazio negatiboa izatearen ondorio dela hori. Izan ere, hitzarmen gehienetan aurreko urteko KPIa hartzen da erreferentzia gisa, eta, hortaz, aurtengo gorakada handia ez lukete datorren urtera arte berreskuratuko. Eta hor sor daiteke arazo bat datorren urteko negoziazio kolektiboan, litekeena baita enpresa eta sektore askotan erresistentzia handiak egotea soldaten igoera handi baterako. Pentsioak %2,5 dira igotzekoak, eta %2 soldata publikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.