Pandemia atzean uzteko uzta

Izurriaren krisiaren ikasgaia bere alde jarri nahi dute Ostatu upategiak eta Arabako Errioxako beste hainbatek, eta salmenta moldeen dibertsifikazioan sakontzea dute helburu. Toloño mendilerrotik Ebrora zabaltzen diren mahastiek «fruta osasuntsua» eman dute aurten, lehorte txiki bat gaindituz.

Ostatu upategiaren mahastietan lanean da asteotan Momar Diop senegaldarra. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
Samaniego
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Kolore eztandak bizipoza ematen du mahastitik Toloño mendilerrora begiratzean. Samaniegotik Guardiara, errenkadan doaz goiak Arabako mahastiak aparteko egin dituen mendian: San Leon, Eskamelo, Peña Roja, Artesilla... Laino bakan batzuen zeru urdinarekin nahasten dira mahatsondoen horiak, gorri ilunak eta berdeak. Mendi magalean galtzen da tempranillo, viura, garnatxa, mazuelo eta graciano aleen itsaso usaintsua, oraindik bizirik dauden garitz bakartiekin topo egitean; gorago, pinudiek osatzen dute koadroaren koloreen paleta. Edertasun horretan ari da beharrean Samaniegoko Ostatu upategiak kontratatutako lantaldea; Katalunian bizi diren senegaldarrak dira, Saenz de Samaniego familiarentzat aritzen direnak aspaldian. Eskuak ez dira geratzen han ordu askoan. Arabako Errioxa osoan errepikatzen da argazki hori egunotan: enologoek ezarritako epeetan bukatu behar du mahats bilketak, sektorearentzat funtsezkoa baita.

«Pasatu dugun urte eta erdi honen ondoren, kaos momentuen ondoren, orain esan dezakegu test izugarri gogorra izan dela guretzat, ikasgai ezin hobea», dio Mariasun Saenz de Samaniegok. Mahastitik etorri berria, Ostatu upategiko areto dotore batean eseri da patxadaz aritzeko; zuzentzen duen upategiaren harrizko pareta sendoei begira, iraganaz, orainaz eta geroaz hausnartzen hasi da. «Baikorra naiz etorkizunaz hitz egin behar badut, merkatuan eta bezeroetan ere ikusten dudalako baikortasun hori. Kontsumitzeko gogoa dago, eta jendeak, beharbada, gehiago baloratzen ditu kalitatezko produktuak orain. Enpresa gisa dugun erronka da egoera berri horretan erantzun egokia ematea».

Biltzaileen soldatak

Samaniegoko ardogileak badaki upategi guztiak ez daudela egoera berean. Pandemia iristean batzuek gertuko merkatuan baizik ez zuten saltzen, lotuegiak ostalaritzari; nazioarteko merkatuetan ere bazirenak gehiago zapaltzen ari zaizkio esportazioen azeleragailuari, baina salmenta zuzenari arreta handiagoa jarrita aldi berean. «Dibertsifikatu egin behar da; ez dago zalantzarik. Salmenta zuzena, ordea, oso garrantzitsua da, azken urteak erakutsi digunez. Garai berriari ekiteko indarra eta gogoa hartu du sektoreak, nik uste, baina oso garbi eduki behar dugu kalitatea dela hemen aldagai gakoa: ahalik eta produktu onena egin behar dugu geroa irabazteko».

Eta mahats bilketari dagokionez, prozesua erabat profesionalizatuz lortzen da ardoaren maila bikainari eustea eta hobetzea, gaitasuna duten biltzaileak kontratatuz itunak finkatutako soldaten truke. «Guk hemeretzi langile kontratatu ditugu aurten, eta horietatik gehienak gurekin aritu dira azken urteetan. Profesional onak dira. Aterpe polit bat eman diegu, telebistarekin, Internetekin eta gutxieneko erosotasun batekin, atseden orduak behar bezala egin ditzaten. Lan gogorra egiten dute, eta guk hitzarmenak jasotzen duena baino gehiago ordainduz aitortzen diegu».

Mariasun Saenz de Samaniegok garbi utzi du ez dutela jasotzen SMI Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldata. «Ez, Araban hitzarmen bat dago, eta, gutxienez, hori bete behar da. Gainera, ona da denentzat ituna betetzea, guk nahi ditugulako gure mahastiak ezagutzen dituzten biltzaileak, gure lan egiteko modua ezagutzen dutenak, eta, beraz, urtez urte gurera datozenak». Formakuntza eta soldata duinak, bi gako horiekin ekin diote bilketari Ostatu upategian eta Arabako Errioxako beste hainbatean. Eta normaltasunaren zati handiena berreskuratuta ere bai. Iazko bilketa buruhauste galanta izan baitzen upategientzat, PCR testak, talde burbuilak, protokolo zorrotzak eta beste neurriak tarteko. Aurten, txertoarekin ari dira lanean biltzaile guztiak, eta upategietan ez dago horrenbesteko tentsioa, jarduera oso bizia den arren egunotan.

Arabako Mahastiak

Ardogintzan badira prozesu batzuk mugarritzat jo daitezkeenak. Xehetasun txikienetan eragiteko gaitasuna edukitzeak edo ez, horrek egiten du aldea Ostatuko zuzendariaren arabera. «Mahatsa nola biltzen den, puskatu gabe, zapaldu gabe; nola botilaratzen den ardoa, zein kortxoarekin... hobekuntza alor guztietan egin behar dugu. Guk ezin dugu huts egin merkatura joatean. Asko garela diote, upategi asko gaudela, eta nik uste dut ez dugula beldur izan behar lehiatzeko; gure erronka dela hobetzea beti, produktu gorena lortzeko».

Baina, gero, produktu hori bereizi egin behar da merkatuan; asmatu egin behar da azaltzen ez dela dena ardo bera Errioxako sor-markaren barruan; urtekoa, ondua eta erreserbaren sailkatze soil hori baino askoz aberatsagoa dela lan moldea Arabako upategi txiki eta ertainetan. Baina eskualdeko upategi gehienen helburu den hori lortzeko modu onena zein den, horretan ez dago adostasunik. Arabako Mahastiak zigilu berriaren tramitazioa aurrera doa, eta Europako erakundeen esku dago azken baimena ematea. Errioxako erkidegoan neurriz gain aritu dira alderdi politikoak eta sor-marka bera proiektu horren aurkako kritikarekin; besteak beste «abertzaletzat» eta «baztertzailetzat» jo dute. Araban ere eztabaida bizia dago, ez baita batere erraza aurreikustea izen berriak ekar dezakeen onura edo kaltea salmentei begira.

«Errioxan beldur handia diote aldaketari, upategi txikiek burua ateratzeari. Ekimenak lurperatzen saiatzen dira lobby politiko-ekonomikoak, eta sarritan lortzen dute», dio, aho bilorik gabe, Saenz de Samaniegok. «Gu Arabako Mahastiak proiektuan hasi ginen parte hartzen, eta, gero, utzi egin genuen; arrakasta opa diot, zilegi delako negozio eredu jakin bat defendatzea. Baina uste dut iragan sendo bat dugula, marka indartsu bat, ibilbide ezaguna, eta hori guztia babestu behar dugu».

Ostatun ez daude prest «urte askoan egindako lana» bazter uzteko, baina bereizteko ekimenari uko egiteko ere ez. «Arabako Errioxa da gure marka; horixe indartu behar dugu nola edo hala, dauzkagun arma guztiekin. Negarrek eta kexuek ez digute ekarriko gure ardoa bereiztea. Geure buruei gehiago eskatu behar diegu, negozioaren atal guztietan hobetzeko eta merkatuan hobeto kokatzeko. Hori da gakoa. Arragurak ez, lan gehiago egiteak eta bikaintasunak ekarriko digu bereiztea».

Mundua da merkatua

Pandemia orainaldian ahoskatu behar den honetan, arrangura ez da ezohikoa upategien sektorean, baina Mariasun Saenz de Samaniego koherente da esplikatu berri duen estrategiarekin: «Azken urtean seko geratu ziren martxan zeuden ekinaldi batzuk, bidaiak eta abar, baina aukera berriak zabaldu ziren; miraririk ez dago, baina merkatuaren dibertsifikazioa lortzeko Singapurrera ere joango gara. Kanpora atera eta merkatua gertutik ezagutzea, saltzeko molde berriak barneratzea... hori guztia lortu behar dugu upategiok, bestela jai izango dugu. Guk, azkenerako, eta zenbait hilabetean diru sarrerak zero izanda ere, ez genuen urte txar bat itxi Ostatun».

Bada, pandemiaren mahatsa muztio ederra ematen ari da, eta 2021eko ardoak pandemia osteko merkatuetan arrakastatsu izateko oinarria badu, Iñigo Saenz de Samaniego Ostatuko enologoaren arabera. «Uste baino hobea ateratzen ari da; lehorra izan da uda, baina irailerako berpiztu da mahatsa. Pozik gaude oso fruta orekatua delako, eta, gainera, azken bi urteotakoa baino emankorragoa izango da uzta». Iazko neurri zorrotzak lausotu dira upategian, eta horrek «erraztu» egin du beharra. «Beste era batera ari gara, beste patxada batekin, eta ardo ederra aterako dugu berriro».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.