Gauza bat da pandemiak eragindako krisi ekonomikoan inor ez atzean uzteko ahalegina, eta beste bat, krisitik denak batera irtetea. Adegi Gipuzkoako patronalak garbi azaldu du susperraldia hasi dela lurraldeko enpresentzat, baina ez sektore guztietan eta ez neurri berean enpresa denentzat. Patronalak helarazi duen mezu nagusia da «hazkunde handia» egongo dela 2021. urtean, besteak beste, industria dagoeneko islatzen ari delako «pandemiaren aurreko egoera» eta atzerriko merkatuak lehengoratzen ari direlako; baina hazkunde hori gertatuko da «datuak iazko beherakada historikoekin alderatuko direlako».
Eta hazkundearen neurria zehaztean eman du albistea Adegik: BPGaren %4,5 eta %6,5 artean kokatuko da ekonomiaren errebotea. Kontuan hartuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordinak %9,5 egin duela atzera 2020an, errebote hori ez da urte amaieran espero zen bezain sendoa izango; are, Eusko Jaurlaritzak azaroan ezarritako %8,6ko hazkunde helburua erdian gera daiteke, Adegiren aurreikuspenak betez gero. Azken egunetan zenbait erakunde ematen ari diren aurreikuspenek tarte zabalak erakusten dituzte, bi punturenak patronalaren kasuan, txertaketa motelarekin eta birusaren mutazioekin hauspotu egin delako ziurgabetasuna. Baina abisua hor dago: errebotea BPGaren %5 baino apalagoa izan daiteke, iaz galdutakoaren erdia baizik ez, gutxi gorabehera.
Edonola ere, «tsunami ekonomikoa» atzean uzten hasteko prozesua abiatu da, Adegiren ustez. Salmentak eta eskaerak hazten ari dira, nahiz eta susperraldia sektoreka gertatzen ari den, eta sektoreen artean ere badiren aldeak enpresen artean. Sektore batzuek besteek baino kalte handiagoak izan dituzte, eta atzean geratuko dira. Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendariarentzat, «albiste onak dira» enpresen konfiantza duela urtebetekoaren antzekoa izatea. Fakturazioa %1,2 igo da, eta eskaerak, %1,7, eta enpresa gehienek ez dute langileak kaleratzeko planik: hamar enpresatik ia bederatzik (%87) esan dute lantaldeari eutsiko diotela edo handitu egingo dutela. Bakarrik %13k uste dute lantaldea murriztuko dutela. Hala, aurten 2.000-3.000 enplegu sortuko dituztela aurreikusi du patronalak.
Industriaren indarra
Beraz, «enpresa gehienek» konfiantza berreskuratu dute, eta %75ek espero dute urtebete baino lehen lortzea erabateko susperraldia. Mugikortasunarekin eta aisiarekin lotutako sektoreak dira salbuespena: hotelak, ostalaritza, merkataritza, hegazkingintza, kultura... Horientzat laguntza zuzenak eskatu ditu Adegik: «Ahalegin guztiak egin behar dira inor ez atzean uzteko, ez pertsonarik, ez enpresarik».
Aiertzak industria jotzen du ekonomia bere onera ekartzeko sektore nagusitzat: «Ia erabat osatu dela esan daiteke». Eraikuntzarako eta industriarako zerbitzuak ere suspertzen ari dira, patronalaren arabera, «eta, neurri handi batean, leheneratu zaie jarduera maila», iazko bigarren hiruhilekoan izandako beherakada itzelaren ondoren. Baikortasunerako beste arrazoi bat ere badu Adegik: «Munduan eta Europan jokaleku ekonomiko berriak marrazten ari dira, eta Gipuzkoako ekonomia atzerriko merkatuetara oso irekita dago». Hau da, 2008ko Atzeraldi Handian bezala, orain ere espero duela enpresa esportatzaile handiek rol garrantzitsua jokatzea susperraldia indartzeko lasterketan.
Baikorregi ez ote dagoen galdetuta, Adegik uste du ez dituela aurreikuspen oso positiboak egin, gogoratu behar delako 2020ak ia %10eko zuloa egin duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGan. Jadanik argi dago 2022ra arte ez dela lortuko pandemiaren aurreko egoerara itzultzea, betiere indize makroak aintzat hartuta. Eusko Jaurlaritzak ere laster doitu beharko du 2021erako egindako hazkunde aurreikuspena (%8,6), aurtengo bigarren zatirako espero baitute erakunde gehienek jarduerek abiadura egoki bat hartzea, ez lehenago. Dagoeneko esan daiteke hirugarren olatu oldarkorrak zapuztu egin duela errebote handi baten teoria.
Baina Adegik industrian jarriak dauzka itxaropenak. «Urriaz geroztik, munduko merkataritza osatu egin da, COVIDaren eraginak atzean utzita. Europarako esportazioek iazko urtarrileko datuak gainditu dituzte aurten», azaldu du Adegiko zuzendariak. Martxo-apiriletan %29 gutxitu ziren esportazioak. «Europako Batasuneko industria ekoizpenari, berriz, bakarrik hiru puntu falta zaizkio aurreko mailara bueltatzeko». Patronalaren arabera, eskaerak gora egin du nabarmen Alemanian eta Europako Batasuneko merkatu gehienetan. «Iazko amaieran asko handitu dira».
Patronalarentzat kutsatzeak kontrolpean hartzea da lehentasuna orain, «eta txertaketak bizkortzea». Aldagai horiek gabe «ezin da bermatu ekonomiaren eta enpleguaren susperraldia». Gainera, Adegiko zuzendari nagusiak ez ditu ahantzi Europako funtsak enpresak bultzatzeko tresna gisa. «Aukera bat da guztientzat, eta ez dira ahaztu behar enpresa txiki eta ertainak. Digitalizazio eta jasangarritasun handiagoak lortzeko erabili beharko genituzke.
Aurreikuspen ekonomikoak
Adegik dio %5 baino apalagoa izan daitekeela ekonomiaren errebotea
Patronalak dio %4,5 eta %6,5 bitarte handituko dela BPGa, eta hamar enpresatik soilik batek ez diola eutsiko enpleguari. «Tsunamiaren ondoren», 2.000-3.000 enplegu sortuko dituzte Gipuzkoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu