Kezkak astindu ditu lurrak

Lizoainibar-Arriasgoitin geroz eta kezkatuago daude lur mugimenduez, 4,6 graduko lurrikara bat eta eta 4,4ko beste bat izan ondoren. Espainiako Sare Sismikoa neurketak egiten hasiko da inguruan

Kezkak astindu ditu lurrak.
Iker Tubia.
Lizoain
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun

Bare esnatu zen atzo Lizoain (Lizoainibar-Arriasgoiti, Nafarroa), gau mugitua izan ondotik. Herritarrek ez zuten begirik bildu gau osoan: hori argi suma zitekeen haien begi eta bisai nekatuetan. Eguerdian herritar gutxi batzuk baizik ez ziren karrikan, gehienak kanpoan zirelako, ikastegian edo lantokian. Geratu zirenek ezin izan zuten beste gairik ahoratu: lurrikara. Herritarrak kezkaturik daude, eta Lizoain inguruan neurketak eginen ditu Espainiako Sare Sismikoak.

Antonio Aretxabala geologoari elkarrizketa: «Guk ezin dugu lurrikara handirik izan, ez dugulako faila handirik»

Azken asteetan lurrikara anitz izan dira Nafarroan, eta gehienek Lizoainibar-Arriasgoitin izan dute epizentroa. Azkenengoak atzo goizaldean izan ziren: lurrikara anitz izan ziren, baina bereziki lau sumatu ziren Nafarroan, baita handik kanpo ere. Gauerdian 4,5 magnitudeko eta V intentsitateko lurrikarak gogotik astindu zuen lurra, eta 02:21ean 4,4 magnitudeko eta IV-V intentsitateko beste batek jo zuen. 01:37ean 3,8 magnitudeko eta IV intentsitateko bat izan zen, eta 00:54ean, 3,4 magnitudeko eta III intentsitateko beste bat.

Gainerakoak ere sumatu zituzten Lizoainen, , txikiagoak izanagatik ere: gau osoan 50 lurrikara inguru izan zituzten; 14:00ak arte, 71. Lau hankakoek ere sumatu zituzten: zakur batek leihotik behera salto egin zuen, eta hanka bat hautsi. Beste zakur bat lasterka atera zen gauerdiko dardara sumatu bezain pronto. Bigarren hori Aintzane Colasen zakurra zen: «Ziztu bizian atera zen kaka egitera». Haren atzetik atera zen Colas: «Gaua kalean pasatu dut; etxean sartzeak beldurra ematen zidan». Ez zen kalera ateratzea erabaki zuen bakarra izan: «Une batez pentsatu nuen: 'Espero dut foruzainak ez etortzea, sei baino gehiago gaude eta'».

Bata bestearen atzetik

Etxe barruan beldurra pasatu zuen Colasek: «Lehenbizikoan etxea higitu zen, eta izugarria izan zen: zarata, mugimendua... Gero beste bat, eta beste bat... Uste nuen inoiz ez zela geldituko». Altzariak ere mugitu ziren: «Bi eskuekin ireki behar izaten dudan armairuko ateak ireki ziren, eta barnean ziren paper guziak erori ziren lurrera».

Auzokoek bezala, Patxi Jimenezek ederki sumatu zituen dardarak: «Bideo bat ikusten ari nintzen, eta ipurdia altxatu nuen; erdi eserita nengoen, mahaiari helduta, eta ohartu nintzen besteak baino luzeago zela hori». Ez zen kalera atera, baina 03:30 arte ez zuen lortu begirik biltzea. «Lurrikara txikiak sumatzen ziren handien ondoren, bata bestearen atzetik». Beldurrik ez zuen, baina bihotz taupadak agudo azkartu zitzaizkion.

Etxe batzuetan kalteak handiagoak izan ziren. Julian Lizarragarenean pitzadurak atera ziren paretetan, barruan eta kanpoan. Euskal Herriko armarria du paratuta, eta atzean argi ikusten ziren dardarak sortutako zimurrak. Aurretik ere pitzadurak zituen etxean, beste lurrikara batzuen ondorio, baina azaldu zuen orain horiek handitu direla.

Gau txarraren ondoren, batzuk beldurturik zeuden Lizoainen, eta, gehienak, gogaiturik. «Inork ez digu deus esaten. Beldurtuta nago, beldurtuta eta haserre. Herri txikia garenez, ez digute kasurik egiten», kexu zen Colas. Jimenez lasaiago zegoen, baina kezkaturik, hala ere: «Handiago bat etor liteke? Esan zuten ez zela 4,5 baino gehiagoko lurrikararik izanen, eta honek gainditu du».

Koldo Albira da Lizoanibar-Arriasgoitiko alkatea. Lizoainen agertu zen eguerdian, furgonetarekin. Aferarekin nekaturik zegoen, eta onartu zuen deus gutxi esan zezakeela lurrikaren nondik norakoez: «Nik ez dakit nori galdetu, ez dakit zer egin. Oraingoz ez dakigu ezer. Espainiako Sare Sismikotik deitu didate esanez furgoneta ibiltari batekin etorriko direla: hemen jarriko dute». Beraz, badirudi azkenengo lurrikarek kezka sortu dutela erakundeetan ere.

Adituek diote ez dela alarmarik piztu behar, normalak direla lur mugimenduak inguru horretan. Hala ere, lurraren mugimenduek bertako herritarren kezkak astindu dituzte. Geroz eta kezkatuago daudela diote herritarrek, baita alkateak ere: «Gaur arte pixka bat urduri nengoen, baina, orain, benetan kezkaturik nago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.