Koronabirusa. SERIEA. Izurriaren kantoietan (eta V). Nerea Arriola eta Iñaki Peña.

«Kaos bat zen: kaos kontrolatu bat»

Erizain eta mediku jardunbidean, gertuan ikusi dute Arriolak eta Peñak gaixotasuna; egoera aski minberak izan dituzte ondoan, eta ez dute uste birusa hutsaltzera egin behar denik. Ez lukete bueltatu nahi egunero paziente pila bat artatu behar izatera «astronauta» jantziak soinean jarrita.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
Zarautz
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Iñaki Peñak (Burgos, Espainia, 1971) Arrasateko erietxean (Gipuzkoa) dihardu, barne medikuntzan eta zainketa aringarrietan. Eskualde mailako ospitalea da, handiek baino baliabide apalagokoa: ZIU zainketa intentsiboetako unitaterik, esaterako, ez dute, eta erietxe handiagoetara bideratu behar izaten dituzte usu paziente larrienak. Peñak adierazi du horrek ekarri zizkiola COVID-19ak eragindako unerik gaitzenak; epidemiaren goraldian, gaixoak bata bestearen atzetik heltzen ari zitzaizkien zurrunbilo hartan, ospitale handiagoetara ate joka joan, eta murru nahi baino gotorragoa aurkitu zuten une batzuetan. «Kasuren batean gertatu zen gertatu behar ez zuena. Igual psikosiarengatik: izuarengatik». Nerea Arriola Urberuagak (Donostia, 1988) Donostia ospitalean dihardu, zainketa intentsiboetako unitatean. Gaitzak larri erasandako paziente asko ikusi ditu han. «Etortzen zirenak oso larri etortzen ziren». Zarautzen (Gipuzkoa) egin dute biek topaketa. Ez zuten aurrez elkar ezagutzen, baina haien hitzetan agerikoa da tunel berean egon direla.

Oldarraldi bat izan du birus honek, eta hortxe egon zarete. Zer ikusi duzue erietxeetan? Zer irudi geratu zaizkizue?

NEREA ARRIOLA (N.A.): Asko. Egoera surrealista izan zen niretzat. Egun batetik bestera pasatu ginen lan egiteko beste modu batera, eta dena geratu zen. Nik gogoan dut zainketa intentsiboetan, Donostian, hainbat egun egin genituela itxaroten. Gasteiztik zetorren informazioa entzuten egin genituen hainbat egun, eta geldirik geunden: zain. Eta hasi ziren pazienteak iristen, bata bestearen atzetik. Lehen astea horrela joan zen: pazienteak etorri eta etorri... Ikasi egiten duzu, asko, datozen neurrian. Lan egiteko metodologia guztiz aldatu zen. Nire irudipena da duela denbora pila bat gertatu zela. Eta sentipena zera da: kaosa. Emozionalki ere karrusel bat. Fisikoki ere oso nekagarria, baina, batez ere, buru aldetik: emozionalki. Orain ari gara barneratzen gertatu den hori.

IÑAKI PEÑA (I.P.): Guri antzeko zerbait gertatu zitzaigun. Gasteiz oso gertu dugu, eta zuzenean informazioa jasotzen genuen handik; atzean, Donostia. Momenturik txarrena astebete izan zen: ez zen gehiago izan. Blokeatuak genituen Donostia eta Txagorritxu [Gasteizko erietxea], biak: ezin genituen pazienteak bidali hara. Argi dago: paziente bat ez badago zainketa intentsiboetara bidaltzeko eran, kudeatu egiten duzu hori; hori da nire lana. Baina besteak? Eta Gasteiz itxita zegoen, eta Donostian beldur ziren. Egon zen aste bat zeinean ez baikenuen pazienteak nora bidali.

Egoera gogorrak ziren...

N.A: Kaos bat zen: kaos kontrolatu bat. Pertsona batzuk arnasgailuarekin, sedazioarekin, monitorizazioarekin, eta, gainera, sedazioaz haragoko botikekin... Dena kablez beteta, eta gu, astronauta batzuk bezala jantzita. Egokitzapen prozesu iraunkorrean geunden: lanari, gaixo mota horri... Paziente kritikoak kudeatzen badakigu zainketa intentsiboetan, baina hor zegoen, gainera, ingurumari hori guztia. Presio soziala zegoen, emozionala, eta, gero, gainera, pazienteak bakarrik zeuden: familiarik gabe. Sendiak ere kudeatu egin behar izan dira.

Gauza asko batera…

N.A.: Eta koronabirus hitzak daukan pisua. Hori guztia kudeatu egin behar da. Baina ikasketa prozesu bat izan da. Orain, beste oldarraldi bat badago; gutxienez badakigu zer dagoen. Segur aski, psikologikoki gogorra litzateke, baina badakizu zer dagoen. Kudeaketa aldetik, edota babes jantziak erabiltzeari dagokionez, adibidez. Jarri eta kendu, ikasi egiten da azkenean, eta era automatikoan egiten da. Baina gogoratzen naiz, lehen aldietan...

I.P.: Bai, eta betaurrekoekin ezer ez ikustea: ikaragarria da. Egoera martzianoa izan da: martzianoa. Eta bota dituzu pare bat gako. Bat da bakardadearena.

Hain justu, birusa tarteko, bakarrik egon behar izan dute paziente askok. Zuen erietxean ere bai, Iñaki? Ala zuenaren erako zentro txikiagoetan malgutasun handiagoa izan duzue?

I.P: Ospitale txiki baten alde ona, esate baterako, hori da: halako krisi batean ere, gertutasuna dugu pazienteekin, haiek bakarrik ez egoteko. Eta ni, alde horretatik, pozik nago. Eman diegu aukera hainbat familiari azken agurra egiteko... Niri zainketa aringarrietako begirada izateak ere asko lagundu dit. Beste gauza bat da. Larrimina ezberdina da.

Donostia ospitalea handiagoa da. Bakarrik hilko zen jendea…

N.A.: Gehienak, gehienak. Uste dut azkena hil zen gizonaren kasuan utzi zitzaiela alabei sartzen. Familiarengatik; bera ja sedatuta zegoen. Aurretik egon zen triste. Eskatzen zuen bakarra zen norbaitek berari eskutik heltzeko: hori bakarrik nahi zuen. Erizain gisa, etsigarria zen. Batetik, ezin zarelako egon hainbeste denbora babes jantzi batekin; bestetik, ez daukagulako jenderik. Ez dugu izan erizainen lanaren parte diren behar horiek asetzeko adina jenderik. Dena zen klinika, klinika, klinika...

Eta zaintzaren alde hori bigarren mailan geratu da?

N.A.: Bai, eta aldi berean, ez. Baina ikusi da erizainen lana zein inportantea den antibiotiko bat jartzeaz, intubazio batean laguntzeaz edo monitoreak ikusteaz aparte ere. Zeren pertsona horiek bakarrik baitzeuden, eta behar zuten konpainia, esplikatzea, animoak ematea... Hori ere gure lana da.

ZIUetan, bestela, badituzue bideak jendea bakarrik ez hiltzeko. Ezohikoa izan da hau...

N.A.: Normalean, ikusten bada pazientea ez aurrera eta ez atzera dagoela, familiarekin hitz egiten da: prestatu egiten da. Deitu egiten zaie, eta egoten dira pazientearekin egon behar duten astia. Batzuk, bost minutu, eta beste batzuk, ordu pare bat; batzuek ikusi nahi dute amaiera, eta beste batzuek, ez. Aukera hori badago; bakoitzak kudeatzen du nahi duen eran.

I.P: Kasuok bereziak egin ditu kutsatzeko arriskuak. Hori ez da gertatzen normalean.

Zuek sentitu duzue kutsatzeko beldurra?

N.A: Hasieran, igual. Gero, gaitzarekin lan egiten duzunean, errespetua diozu, baina beldurra kentzen diozu. Nik, ni kutsatzekoa baino gehiago, gurasoak kutsatzeko beldurra izan dut. Hori zen nire kezkarik handiena. Gurasoak kutsatzea, edo maite dudan jendea. Eta gero beldurra inguruan ere ikusi dut, lankideen artean eta. Batez ere, erizain helduagoetan: bikotekide helduak zituztenak, edo guraso helduak, eta haiek zaindu beharra.

I.P.: Beldurra nik ere ikusi dut inguruan. Nire kasuan, ez.

Gripe baten antzekoa zela esan zen…

I.P: Eta ez da. Ez da gripe bat: argi eta garbi. Ez du zerikusirik.

N.A.: Gripe batek ez dio horrelako jipoia ematen gorputzari. Eta urtero izaten ditugu gripe garaian gripearekin ZIUan hiltzen diren adinekoak. Baina, kasu honetan, jendea gaizki: oso-oso gaizki...

I.P.: Eta oso azkar. Hori da diferentzia nagusietariko bat. Hau une batetik bestera zen. Bat-batean, 39 graduko sukarra eta... Denborarekin ikasi dugu nola doan: ostikoka ikasi dugu.

N.A.: Bai. Eta izan ditugu kasuak emozionalki oso gogorrak. Nik baditut zenbait kasu buruan ez zaizkidanak inoiz ahaztuko: izen eta abizenekin. Batzuk, zorionez, atera dira, baina beste batzuk, ez.

I.P: Nire lehen kasua izuak jota hil zen. Etxean zegoen, larrimin momentu bat izan zuen, eta erietxera. Ospitalera heldu, eta sagu tranpa batean sartu zen... Derrepentean, denok astronauten moduan jantzita haren inguruan. Oihuka hasi zen, hil egin nahi zuela. Azkenean, sedatu egin genuen... Hori bai, lortu genuen semeak haren ondoan egotea, babes jantziak soinean zituztela. Hortxe egon ziren. Paziente hori 24 orduz lagunduta egon zen. Material faltarik-eta ez dugu izan guk horrelakorik egiteko. Are gehiago: babes jantziak senideekin batera janzten genituen. Hori niretzat polita izan da. Medikua eta senitartekoa, elkarren ondoan. Zergatik ez? Gauza asko izan dira berriak eta itsusiak, baina hori, adibidez ,niretzat oso hippya izan da. Horiek dira, hain justu, ospitale txikien onurak.

ZIUetatik at geratu diren pazienteez ere erruz hitz egin da krisi honetan, eta edadeak horretan izan dezakeen pisuaz; aintzat hartuta, gainera, erasokorragoa dela gaitza adinekoekin. Baina ez da guztiz berria, ezta? Zainketa intentsiboetarako eriak hautatzea ohiko lana da medikuentzat. Ez da erraza izango...

I.P.: Entrenatuta gaude. Baina zenbaitetan gogorra da. Eta adina? Bai, adinarekin arrisku handiagoa duzu. Carlos Soria mendizalea hor duzu, 84 urterekin 8.000koetan; salbuespena da. 84 urterekin, normalena da eritasunen bat izatea. Baina hori bizitza normalean horrela da. Etortzen direnean gure erietxera, eskualdekora, galdera maiz hor dago: «Zergatik dago hemen? Zergatik ez Donostian edo Txagorritxun?». Eta esan behar da: «Bada, hemen dago, txarto ipintzen bada ez dugulako hara bidaliko».

Baina hori ez du koronabirusak ekarri, eta adinari bakarrik ez zaio erreparatzen halakoetan...

I.P:Hori da. Hori esan egin behar da, oso inportantea da.

N.A.: Nik ez dut erabaki hori hartzen, ez dagokit. Nire lana beste bat da. Baina, bai, ZIUetan beti erabaki da nor bai eta nor ez. Ez bakarrik adinarengatik edo pluripatologiengatik. ZIUko egonaldi bat gogorra da, oso gogorra, eta mundu guztia ez dago prest hori eramateko, eta agian alzheimerra daukan 95 urteko pertsona bati sufrimendu handia eragingo diozu. Egia da borroka egin behar denean borroka egin behar dela: jo eta su. Baina oso gogorra da.

Beldurra sortzen du gaur egun koronabirusa hitzak?

N.A.: Bai, bai. Eta nik ere badiot: beldurra diot. Errespetua eta beldurra. Guri orain esaten badigute COVID-19 positibo bat sartu dela, denok jarriko gara alerta.

I.P.: Hori horrela da. Izango da beste hitz tabu horietako bat, minbizia bezala edo. Baina hori hor dago, eta, gainera, ezin da beste modu batean izan.

Zer-nola ikusi dituzue hartu diren bakartze neurriak eta hori arinduz joateko pausoak?

N.A.: Ulertuta zaila dela erabakiak hartzea, ni, osasun arloko profesional gisara, frustratuta sentitu naiz, adibidez, hedabideetan informazioa kudeatu den erarekin. Nik ez nien albisteei erreparatzen; asko estresatzen nintzen: ez dakit zenbat kutsatu berri, ez dakit zenbat ez dakit zer... Derrepente, ordea, hortik pasatu gara arintze neurrietara: dena normala dela esatera. Eta ez da normala. Ez dut esan nahi gaizki egon behar dugunik, baina ez da normala. Eta esplikatu egin behar zaio jendeari zergatik ezin diren, esate baterako, jendetzak bildu.

I.P.: Baina igual bada garaia #etxeangeratu traola horretatik #etxeanezgeratu dioenera pasatzeko. Adineko jende pila bat geratu da hor, fobia pila bat azaldu dira, eta aldatu egin behar da hori. Ezin da oraindik esan: «Etxean geratu». Jendeari esan behar zaio ez geratzeko etxean, ez beldurtzeko.

N.A: Nik arduradun politikoei eskatuko nieke koherentzia handiagoa, eta komunikatiboki hobetzea pixka bat. Oso anbiguoak iruditzen zaizkit. Normaltasun berria kontzeptuak berak jendea nahasi dezake. Ez da normala. Egoera berri bat da: izan daitekeena ona, polita, zeinean geratu zaitezkeen lagunekin...

Gozamena ere izan dezake…

N.A.: Bai, noski.

I.P.: Gauza batzuk aldatu egin behar dira. Niri deigarria egiten zait, adibidez, hau [ondoan haur parke bat hesituta dago]... Ze tontakeria! Tontakeria bat da. Aurten igual atrakzio parke batera ezingo gara joan. Baina horko parke horretara zergatik ez? Zergatik ez?

Txaloak jaso dituzue; heroi ere deitu zaituztete…

I.P: Heroi izatearena, erabili den hizkuntza belikoa... Ni kontzientzia eragozlea izan nintzen, orain inork soldadua naizela esateko; ez, mesedez. Orain, izan dira une politak. Hemen, etxean, nire gauzak egiten, eta derrepentean, zortzietan, txaloak, kalera hurbildu, eta jendea txaloka: alde batetik oso polita izan da.

N.A.: Egia da gauza horiek badutela puntu emozional hori. Baina ni ateratzen nintzen txalotzera autonomoei, jendeari... Izan ere, bazen ekintza kolektibo bat.

I.P: Eta esfortzu kolektibo bat.

N.A:Ni horrekin geratuko naiz. Eta gu ez gara soldaduak; ez gara heroiak. Langileak gara; ez gehiago eta ez gutxiago: langileak. COVID-19arekin, edo gabe; guk gure lana egiten jarraitzen dugu, gauden departamentuan gaudela.

Hutsuneak atzeman dituzue?

N.A: Pertsonalean inbertitu behar da, trebakuntzan, erizaintzaren espezializazioan: gure karrerak espezializazioak behar ditu... Niri orain intentsiboetako kontratua amaituko zait, eta igual erditzeetako gela batera joan behar dut.

Horrek dakarren lanerako zailtasuna areagotu egingo zen horrelako krisi batean...

I.P.: Gazte-gazteak, imajinatu...

N.A. Etortzen zen jende berria, munduko borondate on guztiarekin. Eta, adi, oso ondo egin da lan. Egoera kontuan hartuta, oso ondo egin da lan. Baina bestelako egoera batean jende horri babes bat ematen diozu, eta orain ezin genuen. Eta, jakina, arnasgailuez asko hitz egin da. Baina nork hitz egiten du arnasgailu horiek kontrolatuko dituzten pertsonez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.