Besarkadak eta musuak. Amaia Urzelaik eta Leire Saezek gogoan dute aurrez aurreko azken eskola eguna, martxoan. Urzelairen kasuan, ebaluazioko azken eguneko azken ikasgaia eman zuen, Biologia-Geologia. Notak banatu zituen. Ikasleak pozik, besarkadak, txaloak... Ez zekiten aurrerantzean pantaila batetik elkar ikusiko zutela. Leire Saezek ere gogoan du musu batekin agurtu zuela bere ardurapeko haurtxoetako bat, etenaren jakitun bai, baina ulertzeko gaitasunik gabe. Donostiako Zubiri-Manteo institutuko irakaslea da Urzelai. Lanaldiaren herena egiten du han, eta DBHko lehen mailako 24 ikasleko bi talderi ematen dizkie eskolak; gainerako bi herenak Bihe Institutu Publikoen Zuzendarien Elkartean egiten ditu. Saez Erandioko Altzaga ikastolako Haur Hezkuntzako koordinatzaile eta 3 urteko gela bateko 23 ikasleren tutorea da. Hik Hasi-ko kidea ere bada.
Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi zituen aurrez aurreko eskolak martxoan. Nola antolatu zineten hain egun gutxitan? Prest zeundeten?
L.S.: Gu ez gaude batere aurreratuta tresna digitaletan. Hasieratik argi genuen umeei ez geniela edukiekin matraka emango. Umeengana nola heldu aztertu behar genuen. Haur Hezkuntzan eta ikastola guztian telefonoa oso garrantzitsua izan da. Erabaki zen familia guztiei deitu behar zitzaiela, behar bagintuzten hor geundela esateko. Baita zer moduz zeuden jakiteko ere. Haur Hezkuntzan ohar bat egin genuen, familiei adierazteko indartu zezatela konfiantza beren buruarengan. Haurrek ez zutela ezer galduko eskolara ez etortzeagatik.
A.U.: Gure kasuan, ikasle guztiek zuten Chromebooka, eta antolaketa ez zen izan oso konplexua. Ikasturtearen hasieratik oinarrizko tresnak izan dira Chromebooka eta Google Suite plataforma. Aldaketarik handiena izan zen bat-batean distantzia fisiko bat zegoela, ez zegoela eskolako interakzio zuzenik. Ikastetxean erabaki zen ordutegiei eustea, ikasgai eta maila guztietan.
Geratu da ikasleren bat kanpoan, baliabide faltagatik?
A.U.: Gailua denek zuten, eta etxera eraman zuten; baina egia da ikasle gutxi batzuek ez zutela konexio onik. Kasu batean amaren telefonoaren datuekin konektatu behar zuen. Ikastetxeek nolabait hori konpondu zuten.
L.S.: Eusko Jaurlaritzatik eskatu zuten halako kasuak atzemateko, eta ikastetxeek familiei utzi zizkieten ordenagailuak.
Ikasle askoren kasuan eskola da euskararekin duten harreman bakarra. Gurasoek ez dakite euskaraz, eta ezin diete lagundu. Izan duzue halako kasurik?
L.S.: Bai. Nire gelan 23tik bost inguruk dituzte Euskal Herrian jaiotako gurasoak. Ingelesez, gaztelaniaz komunikatu behar duzu. Guraso batzuei entzun diet itzultzaileetan sartzen dituztela euskarazko testuak; beste batzuek, baldin badaude, euskarazko liburuen gaztelaniazko bertsioak ere erosten dituzte, euskarazkoak ulertzeko. Lehen ere bai. Orain gauza asko agerian geratu dira, baina lehen ere bazeuden.
A.U.: Gela bakoitzean bazeuden euskarazko errefortzu berezia jasotzen zuten hiru ikasle. Jarraipen estua egiten zieten, eta oso ondo funtzionatzen zuen. Hori zaildu egin da. Hogei ikasletik gora badituzu modu digitalean, denbora gutxi geratzen da. Ordutegietatik kanpo hartu behar izan ditugu, edo eskola bukatutakoan haiei itzuli azaldutakoa. Moldatu dira nola edo hala, baina hizkuntzarekin izan duten galera oso argia izan da. Ikasle horiek erabat galdu dute eskolak ematen duen euskarazko ekosistema. Erronka argia da eskolentzat, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarentzat eta hizkuntza politikarentzat datorren ikasturteari begira. Zer neurri hartuko dituzte eta zer baliabide jarri ikasle eta familia horiek euskararen arrakala ez izateko?
Badirudi ikastetxeok dugula euskararen normalizazioaren ardura, baina egoera honetan ikusi da ezinezkoa dela, beste era bateko elkarlana behar dela euskalduntzea ziurtatu nahi badugu eta euskararen arrakala saihestu nahi badugu. Euskarazko ekosistema aberastu behar da: aisialdia, kirola... Kalitatezko euskarazko eduki gehiago ere sortu behar dira, faltan eman baititugu.
Irakasle guztiek esan dute lehen baino lan gehiago egin dutela. Zuek ere bai?
A.U.: Bai. Lan asko egin dugu, baina ez guk bakarrik, ikasleek ere bai. Hasieran eromena izan zen. Lan karga erregulatzea eta orekatzea batez ere. Pixkana-pixkana egin genuen. Pentsa, DBHn jardun osoa daukan irakasle batek bost edo sei talde ditu, 125-150 ikasle. Nola egiten zaiei horiei jarraipena sarean lan eginda? Eta tutoreek? Ikasleez gain, harreman zuzena dute 25 familiarekin. Lan itzela izan da. Ia egun osoa ordenagailuaren aurrean. Ikasleak ere bai.
L.S.: Lan itzela egin da. Bi motatako irakasleak ikusi ditut: alde batetik, eutsi diotenak, lehen egiten zena modu digitalean egin dutenak; beste batzuek, eskolak emateaz gain, denbora hartu dute pentsatzeko zer egin, zergatik, zertarako, nola... Gainera, goitik etorri diren aginduek nekea eragin dute: berandu, kaotikoak, anbiguoak... Ordu kopurua handitu du ezjakintasun horretan etengabe erabakiak hartu behar izateak.
Nola bateratu dituzue lana, etxeko lanak eta zuen seme-alaben jarraipena?
A.U.: Hiru seme-alaba ditut, hirurak nerabeak, hirurak batxilergoan. Autonomoak izan dira.
L.S.: Nire kasuan izugarria izan da. Koordinatzailea naiz, eta goiz osoa telefonoari begira egon naiz. Etxean bost lagunek egin behar genuen telelana: bi helduk eta hiru seme-alabek. Espazio fisiko berean, gailu kopuru mugatuarekin eta konexio berarekin. Eromena da. Oso gogorra izan da.
Eskola, edukiez eta curriculumaz gain, bada harremanak lantzea, afektibitatea... Aurrez aurre, lan izugarria da. Modu telematikoan ezinezkoa dirudi. Nola egin duzue jarraipena?
A.U.: Oso garrantzitsua da alde emozional hori. Saiatu gara jakiten ikasleak nola sentitzen ziren, zer zailtasun zituzten... Ikusi dugu estimatzen zutela eguneroko konexioa, elkarren berri izatea. Batzuek esan dute ez zeudela ondo. Batzuek buelta eman diote, baina beste batzuek, ez. Hori zaindu behar da.
Zuen kasuan, Saez, heziketa afektibitatean oinarritzen da.
L.S.: Ikusi genuen hori zela zaindu behar zen gauza ia bakarra. Erabaki genuen familiei deitzea, galdetzeko. 5-6 urteko umeek ere gauza pila bat kontatu dizkigute telefonoz. Oso garrantzitsua da aldez aurretik zer harreman daukagun umeekin eta familiekin: aurrez aurreko eskoletan dagoen harremanak baldintzatuko du harreman digitala. Beti zaindu behar da, hori baita gauza guztien oinarria. Aipatu nahiko nuke kasu batzuetan sentiberatasun falta handia ikusi dudala irakasleen aldetik: ikasleei ez diete galdetu ere egin zer moduz dauden, eta, familiek esanda ere osasun arazo larri bat izan dutela etxean, jarraitu dute ikasleei ariketak eskatzen ezarritako epeetan. Oso larria da.
A.U.:: Zortea izan dugu, krisi hau iritsi baita bi ebaluazio egin eta gero. Ez geunden prestatuta, baina eskoletan elkar ezagutzen genuen, bazegoen antolaketa bat eta afektibitate bat landuta. Zer gertatuko da hurrengo ikasturte hasieran egoera hau gertatzen bada? Ez dut pentsatu ere egin nahi. Nire kasuan, ikasle batzuk beste ikastetxe batzuetatik iristen dira; ez ditugu ezagutzen.
Jaurlaritzaren aldetik babestuta sentitu zarete? Edo ikastetxe bakoitzari utzi zaio ahal zuena ahal zuen moduan egiten?
L.S.: Nire inguruan ez gara sentitu ez babestuta, ez zainduta. Ez nuke esango sarritan aldarrikatzen dugun autonomia eman zaigunik. Abandonatu egin gaituzte. Babestea eta laguntzea ez da debekatzea eta derrigortzea, baina hori da etorri zaiguna. Kontrola.
A.U.: Arazoak eta kaosa batez ere etorri ziren ikasgeletara itzultzen hasi zirenean, maiatzaren hasieran. Ikastetxeek sekulako lana egin zuten itzulera prestatzeko, baina gero ikuskaritzak ez zituen batzuk onartu. Sekulako egonezina eragin zuen zuzendaritza taldeetan eta ikastetxeetan. Ikastetxeak gehiago hartu behar dira aintzat, benetan haiek ezagutzen baitute testuingurua eta ikastetxe bakoitzaren egoera.
Hezkuntza Sailak ez du aintzat hartu hezkuntza komunitatearen iritzia erabakiak hartzeko?
L.S.: Oso gutxi. Gure zuzendaritza beti dago zer etorriko den zain, urduri. Irailean zer? Inpresioa dugu hauteskundeak tartean direla eta garrantzitsua dela haientzat normaltasun itxura ematea. Gure Haur Hezkuntzako eraikina hauteslekua da. Nola eraldatuko dugun pentsatu beharrean, hauteskundeetarako prestatzen ari dira.
Zer espero duzue irailerako?
A.U.: Inork ez daki zein izango den egoera. Prestatuta egon beharko genuke egoera ezberdin guztietarako. Zer da garrantzitsuena hurrengo ikasturteari begira? Diagnostiko bat egin behar da gertatu denari eta ikasleen egoerari buruz. Hurrengo urterako gauza horiek argi izateko, zer errefortzu beharko diren. Baina horretarako Hezkuntza Sailak marko bat jarri beharko du, bai osasun neurriei dagokienez, bai hezkuntza arrakala eragotziko duten neurriei dagokienez. Ez dakit Hezkuntza Saila bete-betean ari den horretan, egon beharko lukeen bezala. Uste dut ikastetxe bakoitzak egingo duela ahal duena. Ni beldur naiz.
Panorama beltza, beraz.
A.U.: Ez dakit nola, baina zabaldu behar da eztabaida bat gizartean, benetan hezkuntzari garrantzia eman, lehen planoan jarri. Etorriko da uda, etorriko dira hauteskundeak, eta egongo da geldiune bat; baina funtsezkoa izango da hurrengo ikasturtea nola hasiko den. Dakiguna jakinda, nola ez dugu jartzen hezkuntzaren eztabaida gizartean lehen mailan? Justizia soziala eta gizarte ekitatibo bat nahi baditugu, gure umeak eta hezkuntza zaindu behar ditugu. Eta planteatu orain zer aldatu behar dugun. Ikusi dugu argiago zer gauza aldatu behar ditugun; ba, goazen denok lan egitera, denon laguntza behar baitugu. Oso kezkatuta nago; ez dut ikusten hau serio hartzen ari direnik.
L.S.: Duela zenbait astera arte, irailera begira, beldurra sentitzen nuen. Heike Freire pedagogoaren hitzaldi bat entzun nuen eta itzela izan zen. Mundu bat zabaldu zitzaidan. Berak esaten du beldur horren aurrean eta goikoek egiten ez duten horren aurrean, jarrera aktibo bat izan behar dugula. Pentsatu behar dugula. Zer nahi dugu? Zer egin daiteke? Nola? Zeinek? Jarri martxan, ezin dugu zain egon goikoek edo ondokoek zer egingo duten. Hasi behar dugu leku bakoitzean, auzo eta hezkuntza komunitate bakoitzean pentsatzen, eta gero ikusiko dugu sokatik nola tiratzen dugun. Asko gara. Asko tiratu behar dugu, umeek eta familiek behar duten moduan, ez politikak eta merkatuak behar duen norabidean.
Errealista da aurrez aurreko eskolak planteatzea? Hezkuntza kontaktua da, harremana da.
L.S.: Kontuz ibili behar dugu. Aintzat hartu behar dugu zer ondorio duen hazten ari den haur batentzat joatea leku batera non irakasleak espetxezain bihurtuko ginatekeen. Ni ez nago prest espetxezaina izateko. Oso argi daukat.
Zer ikasi duzue batez ere prozesu honetan?
A.U.: Gauza asko. Nik behintzat ikusi dut zein garrantzitsua den alde emozionala ikasleengan.
L.S.: Gertatu zaidan gauzarik gogorrena eta hunkigarriena izan da gelako haur baten familiarentzat elikagai bankuaren laguntza eskatu behar izatea. Gurasoek lana galdu zuten. Esan ziguten ez zutela janaririk. Kasu gehiago ere izan dira. Eskolaren funtzio sozial hori. Asko ikasi dut inklusioari buruz. Ikasi dut neure buruari galdetzen zertarako behar nauten ume eta familia horiek. Zertarako behar duten ume eta familia horiek eskola. Erantzuna da elkar aberasteko. Ni asko aberastu naute familiek. Gauza asko partekatu ditugu; humanitate handia egon da.
A.U.: Agian momentua da elkarrekin amesteko zer-nolako eskola nahi dugun eta, Leirek esan duen moduan, gizarte honek zer nolako eskola behar duen.
Bihar: Iñaki Peña medikuaeta Nerea Arriola erizaina.
Koronabirusa. SERIEA. Izurriaren kantoietan (IV). Amaia Urzelai eta Leire Saez.
«Nolatan ez dugu hezkuntzaren eztabaida lehen mailan jartzen?»
Ikastetxeak ixtea izan zen COVID-19 izurriteari aurre egiteko lehen neurrietako bat. Hezkuntza komunitateak bat-batean moldatu behar izan zuen egoera berrira. Aldaketa hori zuzenean bizi izan dute Amaia Urzelai eta Leire Saez irakasleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu