Koronabirusa

Ebaluazioak itxialdi aurreko notetan oinarritzeko agindu diete ikastetxeei

Hirugarren hiruhilekoak pisu txikiagoa edukiko du kalifikazioetan, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak iragarri dutenez. «Errefortzu eta errepaso» planak landuko dituzte udarako eta irailerako

Martxo erdialdetik itxita daude ikastetxeak, eta etxetik ari dira lanean ikasleak eta irakasleak. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Aste Santuko oporren ondoren, ikasketetara itzuli dira Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ikasleak —maiatzaren 4ra arte oporrak dituzte Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleek, udaberriko oporrak—. Ikasketetara bueltatu dira, baina eskolara ez. Etxean ari dira ikasleak eta irakasleak martxo erdialdetik, eta, ikasturtea aurrera doala, ezinegona gero eta handiagoa da: nola bukatuko ote den aurtengoa, ebaluazioak nola egingo ote dituzten, eta datorren ikasturterako lotura nolakoa izango ote den. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskolei agindu diete har ditzatela oinarri lehen bi hiruhilekoak: itxialdi aurreko ebaluazioak izan ditzatela ardatz.

Atzo, bi gobernuek argibide dokumentu bana bidali zuten ikastetxeetara. Azken asteetan mugimenduak izan dira ikasturte bukaerari dagokionez. Joan den astean, esate baterako, Espainiako Hezkuntza Ministerioak proposatu zuen ikasmailen errepikapenak mugatzea eta errekuperazio eskolak ematea. Nafarroako Gobernuak bat egin zuen horrekin, eta ministerioaren irizpideetan oinarrituta taxutu du dokumentua. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ohartarazi zuen ordurako ari zela prestatzen ikastetxeetarako planteamendu bat, eta horrekin aurrera egingo zuela. Finean, nolanahi ere, Madrilek proposatutako neurrien gisakoak jarri ditu mahai gainean Cristina Uriarte sailburuak ere, nahiz eta badauden ñabardurak arlo batzuetan.

Hona bi gobernuek emandako jarraibideen nondik norakoak:

Nolakoa izango da ikasleen ebaluazioa?

Ikas-prozesua goitik behera aldatu da asteotan: Internetez ari dira lanean ikasleak eta irakasleak. Horrek eragina izan du edukietan eta gaitasunetan: erritmoa ez da aurrez aurreko eskolen berbera. Horregatik, ebaluazioari begira, gobernuek ikastetxeei eskatu diete zehazteko zein diren gainditu beharreko «gutxieneko alderdiak», ikasturtea gainditzeko lortu beharrekoak. Jaurlaritzak egin du maila batzuetarako proposamena, baina Uriartek nabarmendu du zentroen «autonomia pedagogikoa» errespetatuko duela.

Ebaluazioa nola egin, aukera bat baino gehiago ageri dira txostenetan: ikasleen lanak, bideokonferentzia bidezko aurkezpenak, banakako tutoretzak... Hala ere, Jaurlaritzak eskolei aukera emango die «hirugarren ebaluazio espezifiko bat» egiteko: hirugarren hiruhilekoko gaitasunak aztertzeko izan daiteke, edo ikasturte amaierako ebaluazio labur bat egiteko. Nolanahi ere, pisu handiagoa izango dute aurreko bi hiruhilekoek. «Lehen bi ebaluazioetan lortutako lorpenak hartuko dira kontuan, eta hirugarren hiruhilekoan lortutako lorpenak soilik gehituko zaizkie ebaluazio horiei. Kalifikazioa zehaztuko dute». Hots, itxialdi aurreko ebaluazioak izango dira azken notenoinarri; oraingoa, hobetzeko soilik. Nafarroak ere hori agindu du.

Ikasmaila batzuetan, ebaluazioa ez da gainditu ala ez gainditu soilik: garrantzi handia du kalifikazioak, zenbakiak. Batxilergo amaieran, adibidez: unibertsitateko karreretan horren araberakoa da sarbidea. Nola jarri notak? Oinarria lehen bi hiruhilekoak izango dira. Haietan helburuak bete ez, baina orain lortu dituztenek 5 izango dute; orduan helburuak lortu eta orain gutxienekoa egin dutenek, ongi edo oso ongi; eta hirugarren hiruhilekoan hasieratik jarritako helburuak bete dituztenek, oso ongi edo bikain.

Errepikapenak, zer?

Egunotan maiz aipatu da ikasturtea errepikatzearen auzia. Izatez, azken urteetan gero eta eztabaida handiagoa dago neurri horren egokitasunari buruz, aditu ugarik uste baitute ez dela eraginkorra. Madrilek planteatu zuen errepikapenak «salbuespena» izatea. Jaurlaritzak ere bide beretik jo du, baina gogorarazi du hori ez dela nobedadea, orain arte ere ezohikoa zela errepikatzea, nahiz eta ez diren ikasle salbuespenak: Jaurlaritzaren beraren azken datuen arabera, Lehen Hezkuntzako ikasmailetan %2 inguruk errepikatzen dute, eta DBHn eta Batxilergoan, gehiagok, %10 inguruk.

Irakasleen erabakia izango da, beraz. Errepikatzekotan, txosten bat egingo dute, ohiko gisan, eta ikuskaritzak aztertuko du. Hark baieztatu beharko du errepikapena ez dela ezohiko egoeraren ondorio, «hezkuntza ez-presentziala eskuratzeko izan dituen zailtasunen» emaitza. Orain arteko arauei eutsiko diete, beraz: DBHn, adibidez, hiru ikasgaitan ebaluazio negatiboa bada, ezin da igaro. Nafarroan ere gisakoa izango da jarraibidea, eta han ere ikuskariek aztertuko dute kasu bakoitza.

Dena landu behar da?

Asteak dira eskolak itxi zituztela, eta Internet bidez ari dira ikasle eta irakasle gehienak. Ezohikoa da egoera erabat, espero gabea, prestatu gabea. Zaila da curriculuma betetzea. «Ikasgai instrumentalak lehenestea» aipatu du Jaurlaritzak: alegia, hizkuntzak, matematika eta zientzia. Ikasgaien barruan ere gai zentralak identifikatzeko eskatu du. «Dagokion irakasle taldeak edo sail didaktikoak lehentasuna emango die ikaskuntza helburuei, edota egokitu egingo ditu curriculuma emateko egungo inguruabarretara». Curriculumean «malgu» jokatu behar dela azaldu du Nafarroako kontseilariak, Carlos Gimenok: «Berrikusi egin behar dira programazio didaktikoak».

Nola uztartu ikasmailak eta landu gabeko gaiak?

Gai batzuk landu gabe geratuko dira, edo azaletik emanda. Egoera horretan, ikasmaila batetik besterako jauzia leuntzeko, Jaurlaritzak eskolei agindu die «koordinazioa planifikatzea» maila batzuetako eta besteetako irakasleen artean, «udako oporretarako eta irailerako errepaso eta errefortzu proposamenak diseinatzeko». Nafarroako Gobernuak ere aurreikusi du errepasoak egin beharko dituztela udan eta irailean.

Lehentasun bat izango da: asteotan zailtasun bereziak dituzten ikasleak. Etxeko eskolaldiak, izan ere, areagotu egin ditu ikasleen arteko desorekak, familien egoeraren arabera. Horiek arintzeko funtzioa ere izango du errepasoak.

Eta irailean, zer?

Ikasturte hasiera gorabeheratsua izango da. Batetik, errepaso lana egin beharko dutelako eskoletan, eta curriculum aldetik egokitzapenak egin beharko dituztelako. Bestetik, epeak hankaz gora daudelako: matrikulazio prozedurak etenda daude, adibidez. Ikasturtea ohiko eran martxan jartzeko aurreikuspena dute erakundeek.

Ekainean aldaketarik izan daiteke eskoletan?

Atea ez dago itxita. «Nik ez dut itxaropena galtzen», adierazi du Uriarte sailburuak. Prest dute eskolak berriro zabaltzeko planteamendu bat, eta lau ikasmaila lehenetsiko dituzte, «kritikoak» direlakoan: DBHko laugarrena, Batxilergoko biak eta Lanbide Heziketako lehena. Nafarroako Gobernuak ere aukera zabalik utzi du eskoletara bidalitako jarraibideetan. Bi kontseilariek nabarmendu dute osasun agintarien erabakia dela. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, maiatzaren 11n zabalduko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.