Azterketarien laurdenek ere ez dute gainditu EGAren ordezko etsamina

Euskarazko C1 mailako azterketa librera 2.000 lagun aurkeztu dira, EGAra baino nabarmen gutxiago, eta %23k eskuratu dute titulua. Gainerako mailetako probetan ere gehienek ez dute pasatu azterketa

Azterketarien laurdenek ere ez dute gainditu EGAren ordezko etsamina.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ikasle gutxiago joan dira, baina ez dute gainditze tasa hobetu. Urtea joan da Eusko Jaurlaritzak EGA titulurako azterketak bertan behera utzi zituenetik; haren ordez, maila bereko beste azterketa bat antolatzen hasi dira. Udazkenean egin zituzten probak, eta, BERRIAk jasotako datuen arabera, titulurik gabe geratu dira azterketari gehienak, lautik hiru. Deialdi ireki bakarra egin zuten iaz, eta ia 2.000 lagunek eman zuten izena. Zerikusi gutxi EGAren datuekin: adibidez, 2014an 11.000 lagun baino gehiago joan ziren bi deialditan. Hautagaien %26k lortu zuten EGA titulua 2014an; 2019an C1, %23k.

Zalaparta handia izan da azken urteetan EGA azterketari buruz. 2015ean, PSE-EEk hauspotuta, Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu zion berrikus zitzala azterketak. Sozialistek ohartarazi zuten «orientazioa» zela EGAren arazoa: «Orientazio filologikoa».

Parlamentuaren agindua jasota, EGAren egoerari buruzko gogoeta egin zuen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, eta iragarri zuen aldaketa batzuk egingo zituela etsamina ereduan. Malgutze estiloko bat jarri zuten mahai gainean, irizpide batekin: «komunikagaitasunak» izatea pisua, «akats batzuk gorabehera». Iradoki zuten zuzenketa arindu egin behar zela: «Aztertzaileek, notak jartzeko orduan, maila bakoitzari dagozkion atazei erreparatu beharko liekete nagusiki, maila horretatik gora egiten diren akatsei gehiegi erreparatu gabe». Azterketa sisteman egin zuten aldaketa bat: proba idatzia ozta-ozta gainditu ez dutenak ahozko fasera pasatu ahal izatea, eta arlo horretako puntuazioarekin konpentsatzea idatzian falta zutena. 2016an aurkeztu zituzten neurri horiek.



Ikasleen euskara gaitasuna

Polemika sortu ohi zuten EGAren gainditze tasa apalek, baina aintzat hartzekoa da zein zen egoera. Derrigorrezko eskolaldia bukatu berri zuten ikasleak sailean joaten ziren etsaminera, 17 urterekin, hori baitzen azterketa egiteko gutxieneko adina, eta lautik hiru EGA titulurik gabe itzultzen ziren.

Bistakoa da gaitasun arazo bat: 17 urterekin EGAra joaten ziren ikasle horien gaitasuna. Ez dago datu zehatzik adin horretako gaitasunari buruz, baina bai zantzu nabarmenak. ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundeak aldiz aldiko diagnostikoetan aztertzen du DBHko bigarren mailako ikasleen euskara gaitasuna —14 urteko neska-mutikoena—, eta hara: ikasleen %46k ez dute erreferentziazko mailarik. Areago, D ereduan ere %37k ez dute eskatutako gaitasunik, ikasketak euskaraz egin arren. 2017ko ikerketaren emaitzak dira horiek.

Kontua da saltoa dagoela ebaluazio horietatik EGAra. ISEIren probetan, B2 maila hartzen dute erreferentzia gisa —Jaurlaritzak berak ere maila hori hartu du eredu gisa hezkuntza legerako dokumentuetan—, baina EGA gorago dago, hurrengo mailan: C1ean. Eta koska horretan erori egiten ziren azterketara joandako ikasle gehienak: ez zuten titulua lortzen. Kontuan izatekoa da ingelesezko Advanced tituluaren parekoa zela EGA. Hizkuntza gaitasunen Europako sailkapenaren arabera, sei mailetatik bosgarrena da EGArena: hizkuntzalarien mailako titulua soilik dago haren gainetik, C2.

Azterketak bateratzea

Eusko Jaurlaritza 1982an hasi zen EGA titulua ematen. Euskaltzaindiaren D titulua ordezkatu zuen. Iaz, ordea, EGA kentzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak —Nafarroako Gobernuak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak indarrean dute—, tituluak berrantolatuta. Bikoiztasuna zegoen: EGA Hezkuntza Sailak antolatzen zuen, eta C1 proba, HABEk. Maila berekoak biak. HABE hasia zen egiaztagiriak lortzeko deialdi askeak egiten, euskaltegiko ikasleek ez ezik edozein herritarrek aukera izan zezan titulua lortzeko, eta EGA ez zedin izan deialdi libreetan lor zitekeen bakarra. Iazko udaberrian egin zuten azken EGA azterketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Udazkenean, C1 mailako proba egin zuten. «Bikoiztasunak saihestea» aipatu zuten, eta «kalitatea hobetzea».

EGAren aldean, azterketa laburragoa da C1ekoa, eta ez du atariko probarik. EGAn, atarikoa zen lehen hesia: bostetik bik ez zuten gainditzen. Eta pasatzen zirenen erdiak idazmeneko proban geratzen ziren. Ahozkora iritsita, titulua eskuratzen zuten gehienek. C1ean, lehen proba ia denek gainditu dute, baina idatzizkoak egin du galbahea: hamarretik zazpi utzi ditu bazterrean. Eta gutxiagok gainditu dute ahozko proba.

EGA edo C1, ondorioak gisa berekoak dira. «Emaitzak, oro har, urterik urte C1 mailan ematen diren antzekoak izan dira», berretsi du Jokin Azkuek, HABEko zuzendariak. «Idazmen probaren ebaluazio irizpideen gutxienekoak gainditzeak lanak ematen dizkie azterketariei». Suspentso tasa altua da, baina kontuan izatekoa da gainerako mailetan ere antzekoa dela egoera: azterketari gehienek ez dute titulua lortzen. Hara azken deialdiko datuak: B2 %44k gainditu dute; B1, %29k; C2, %22k.

Aldaketa bat, bai, sumatu dute EGAtik: jende gutxiago joan da. 2014an, bi deialditan, 11.300 lagun; 2019an, deialdi ireki bakarrean, 2.000 lagun —euskaltegikoekin, 9.500—. Azkuek azaldu du joera bat ari dela gailentzen: «D ereduko ikasle izan, eta euskaltegira jotzen dute C1eko ikastarora, maila horretako trebetasunak lantzera, batez ere idazmen gaitasuna». Euskaltegietako deialdian ere antzekoa da gainditze tasa. Beste faktore bat ere badago jende gutxiago aurkezteko: ikasketak euskaraz egiteagatik gaitasuna aitortzen diete ikasleei —PSE-EEren gobernuak ezarritako araua da—: Batxilergoa euskaraz eginda, B2; unibertsitatea, C1.

Emaitzetan ez, baina kopuru batean bada aldea: EGA egitea 24 euro kobratzen zuten; C1, 75 euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.