Prezioak. Inflazioa 2019ko abenduan

Prezioak %1,2 igo ziren iaz, pentsioak eta soldata gehienak baino gutxiago

Pentsioak %1,6 handitu zituzten 2019an, eta indarrean dauden lan hitzarmenek %2,01eko igoera finkatu dute. Erregaiek eta elikagaiek eragin dute inflazio gehien; argindarra, berriz, merkatu egin da

Prezioak %1,2 igo ziren iaz, pentsioak eta soldata gehienak baino gutxiago.
Iker Aranburu.
2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Zenbaki bakar batek interpretazio kontrajarriak izan ditzake. Inflazioarena da horietako bat: Hego Euskal Herrian prezioak %1,2 igo ziren iaz, behar baino gutxiago Europako Banku Zentralaren arabera, baina guztiz balekoa herritar gehienentzat, haien sariak prezioak baino gehiago hazi baitira, eta erosteko ahalmena irabazi baitute. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina hortik gorakoa izan daitekeela pentsa daiteke, erreferentzia gisa hartuta INSEEk Frantziarako emandakoa, %1,5ekoa.

Inflazioak urteak daramatza EBZk egokitzat jotzen duen mailatik behera —%2tik gertu, baina hortik behera—, bai eurogunean, bai Hego Euskal Herrian. Lau lurralde horietan, 2016an baizik ez zen gerturatu banku zentralen nahietara (%1,6), baina, orduz gero, hortik beherako maila batean egonkortu da: %1,1 2017an eta 2018an, eta %1,2 iaz. Are txikiagoa izan zen ekonomia atzeralditik kostata atera nahi zuen urteetan: -%0,8 2014an, eta %0,2 2015ean.

Banku zentraleko ekonomisten arabera, igoera apal horrek erakusten du ekonomia ez dagoela osasun betean, are gutxiago kontuan hartuta jarduera indartzeko 2,6 bilioi euro jaulki dituela zorra erosteko programaren bidez. Inflazio apalak mugak jartzen dizkio bere diru politikaren eraginkortasunari, eta tresnarik gabe utz dezake egoera ekonomikoak okerrera egingo balu.

Pentsioak, %1,6

Baina EBZko ekonomisten arazoei baino norberaren patrikari gehiago begiratzen dionak badu beste kezka bat: bere hileroko saria inflazioaren azpitik handitzea, eta, hortaz, erosteko ahalmena galtzea. 2019an, gehiengoak ez du izan halakorik Hegoaldean.

Batetik, Hegoaldeko 650.000 pentsiodun ingururi pentsioak gutxienez %1,6 igo zizkieten 2019ko urtarrilean —ia 700.000 pentsio daude, baina batzuek bi jasotzen dituzte—. Pentsio txikiak %3 handitu zituzten, eta alargun batzuei gehiago, hildako bikotekidearen pentsioaren zatia %52tik %60ra handitu baitute azken bi urteetan. Kopuru horiek guztiak hitzartu zituzten PPk eta EAJk, jeltzaleek Mariano Rajoyren gobernuaren 2018ko aurrekontua onartzearen truke, eta Pedro Sanchezek konpromiso hori errespetatu zuen Moncloara iritsi zenean. Gobernua osatu berri du Sanchezek, eta haren lehen iragarpena izango da aurten pentsioak %0,9 handitzea, eta 2021eko apirilean konpentsatzea azkenean inflazioa hortik gorakoa bada.

Soldatak, %2tik gora

Bestetik, indarrean dauden lan itunek inflaziotik gorako soldata igoerak ezarri zituzten iaz. Lan Harremanen Kontseiluak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako emandako azken datuen arabera, indarrean dauden itunek %2,01eko soldata igoera ekarri diete langileei. Gehiago igo dira soldatak 2019an bertan hitzartutako itunetan: %2,31.

Hori bai, igoera horiek ez zaizkie itunpeko langile guztiei aplikatu: LHK-k berak dio urriaren amaieran hiru lurraldeetako langileen %15ek hitzarmena iraungia zutela, eta beste %35,8 berritzeko zain zeudela. Hitzarmena indarrean zutenak langileen %49 ziren, baina kopuru horrek gora egin du urtearen amaieran, berritu egin baita Bizkaiko metalgintzakoa, guztietan handiena.

Hegoaldeko 130.000 langile publikoekere erosteko ahalmena irabazi dute. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, esaterako, %2,25 handitu zizkieten sariak beren langileei 2019 hasieran, eta udan, beste %0,25.

Erregaien ondorioa

Petrolioaren gorabeherek eragin handia izan dute inflazioaren bilakaeran. Erregai merkeagoa dela eta, beheranzko joera izan du KPIak urtean zehar, baina abenduak joera hori irauli du: prezioak %0,2 merkatu dira hilabete horretan, baina, iaz %0,6 jaitsi zirenez, urte arteko inflazioa %0,8tik %1,2ra igo dute.

Inflazioari behera eragin dio, berriz, argindarra merkatu izanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.