Helduen euskalduntzea. Matrikulazioa

700 ikasle gehiago euskaltegian

Urriko matrikulazio datuen arabera, aurtengo ikasturtean %2 igo da ikasleen kopurua, baina jaitsi egin da Nafarroan eta Iparraldean. Eusko Jaurlaritzak euskaltegien inguruko gogoeta bat jarri du martxan

700 ikasle gehiago euskaltegian.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Ikasle gehiago dituzte ikasturte honetan euskaltegietan. BERRIAk egindako datu bilketaren arabera, 32.200 herritar ari dira euskara ikasten, joan den urtean garai berean baino 700 gehiago. %2ko igoera da. Urriaren 31koak dira datuak —euskaltegiek orduan ixten dute lehen matrikula garaia—, eta ikasturteak aurrera egin ahala areagotu egingo da ikasleen kopurua. Gorakada ez da orokorra, ordea. Gipuzkoak izan du igoerarik handiena, %6koa, eta gorantz ari dira Araba eta Bizkaia ere, %4. Nafarroako datuetan ez dago gorakadarik —%0,3ko jaitsiera—, eta Ipar Euskal Herrian galera ageri da: %5 gutxiago. Ikastaro labur batzuk hedatzen ari dira Iparraldean, eta ikasle horiek ez dira zenbatzen matrikulazio orokorrean.

Euskaltegietako ikasle kopurua 40.000 inguruan dabil urteotan. Izan dira garai oparoagoak: 1980ko hamarkadan, 50.000 ere izan ziren urte batzuetan. Azken krisi ekonomikoaren hasieran, 2010 aldean, jaitsiera sumatu zuten. Gorantz ari dira orain berriro.

Sektorean ez daude haserre datuekin. «Gehiago nahi dugu beti, baina balorazio ona egiten dugu. Hazkundea errepikatzen ari da, eta pozgarria da hori». Datu bat jarri du mahai gainean Alizia Iribarrenek, AEK-ko koordinatzaile nagusiak: hiru urtean, %17 handitu dute ikasleen kopurua. Iaztik, %6. Iazko trazan dabiltza oraingoz Nafarroako IKAn. «Euskalduntze-alfabetatzeak orokorra izan beharko luke, eta, alde horretatik, ez dira datu onak. Baina okerragoa izan zitekeen». Joxerra Olano mintzo da, sareko eleduna. Egonkortasuna goraipatu du, hain justu, HABEko zuzendari Jokin Azkuek: «Urtez urteko kopuru nagusiak egonkorrak dira, eta horregatik du berebiziko garrantzia».

Gero eta ordu gutxiago

Ikasle kopuruan bada egonkortasuna, baina aldaketa bat ari dira sumatzen: ikasleek eskola ordu gutxiago nahi dituzte. Badute kezka sektorean. Planteamendu didaktikoaren arabera, 1.500 bat ordu behar dira euskara ikasteko; zenbat eta ordu gutxiago astean, epe luzeagoa. «Jendea erretzeko modua da», ohartarazi du Olanok. Azkuek aitortu du badirela baldintza batzuk prozesua egokia izateko. «Ikastaroen iraupena eta trinkotasuna, esaterako. Ikuspegi horretatik, jardun biko ereduak egingo du aurrera etorkizunean».

Ari dira planteamenduak moldatzen euskaltegietan. «Bestelako eskaintza batzuk jarri ditugu mahai gainean: online ikastaroak, autoikaskuntza, mintzapraktika taldeak...», azaldu du Iribarrenek. «Hala ere, ohitura aldaketa ez da izan pentsatzen genuen bezain handia. Ez dira garai bateko erritmoak, astean hamar ordukoak, baina garrantzia daukate astean sei-zortzi ordukoek ere».

Etorkizunari begira

Bada lana euskaltegietan: herritar gehienek ez dute euskara ulertu ere egiten. Aldaketa sozialak ari dira islatzen. Batetik, eskolan nolabaiteko gaitasuna lortu duten belaunaldiak ari dira euskaltegian, maila sendoagoaren bila. Bestetik, migratzaileak, oinarri-oinarrizko mailetan. Iribarren: «Hasiera mailako ikasleen kopuruak igoera nahiko handia izan du. Horrek etorkizuna bermatzen du».

Etorkizuna ziurtatzeko bidean, ordea, aldaketa batzuk egin beharra sumatzen dute euskaltegiek. Nafarroari begira, sektorea «berrantolatu» beharraz mintzo da IKAko eleduna —«sekulako anabasa dago»—, eta babes publiko txikiaz ohartarazi du: «Baliabide gutxi dauzkagu, eta laguntzen sistema gainditu ezinik gabiltza». Lan baldintzak egonkortu beharraz aritu da AEK-ko arduraduna.

Aldaketa handia dator irakasleetan: askok hartuko dute erretiroa datozen urteetan. Horrekin lotuta, Azkuek aurreratu du irakasle berriak hezteko plana onartuko dutela aurki, eta «euskaltegien etorkizunaren inguruan» hausnarketa egiten ari direla: tartean dago lan baldintzen gaia ere.

Diruarekin lotuta, aurten aldaketa bat egingo du Jaurlaritzak: B2 mailara arte, azterketak gainditzean dirua itzuliko diete ikasleei. Gipuzkoako Aldundiarekin sinatu berri du horretarako ituna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.