Errepideak. 2019ko balantzea

Tantaka, etenik gabe

Euskal Herriko errepideetan 91 pertsona hil dira 2019an. Biktimen kopuruak gora egin du Bizkaian eta Gipuzkoan; behera, aldiz, Nafarroan, Araban eta Lapurdin

Tantaka, etenik gabe.
Ion Orzaiz.
2020ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun

Galga zapaldu ezinik. Errepideko istripuetan hildakoen kopuruak nabarmen egin du behera azken hamarkadetan, baina joera positibo hori moteltzen hasi dela dirudi. 2018koaren balantzean, jadanik, oso jaitsiera txikia antzeman zitekeen; iazkoarenean, ezta hori ere: guztira, 91 pertsona hil dira 2019. urtean Euskal Herriko errepideetan, aurreko urtean baino lau gehiago. Ez da igoera handia, eta oro har hamarkadako batez bestekotik behera daude datuok, baina agerian uzten dute erakundeek zailtasun handiak dituztela istripuak zeharo murrizteko eta gidariengan kontzientzia pizteko.

Datuak herrialdeka aztertuta, Nafarroan erregistratu da hildako kopururik handiena: guztira 28 pertsona zendu dira errepideetan, aurreko urtean baino bost gutxiago, eta 2017ko datuen pare. Historikoki, errepide istripu gehien dituen herrialdea izan da Nafarroa. Azalera handieneko lurraldea da, alde handiz, baita errepide kilometro gehien dituena ere: 3.800dik gora. Zauritu eta hildakoen kopurua, baina, lau bider handiagoa zen duela hogei urte; 2001ean, esaterako, 108 pertsona hil ziren Nafarroako errepideetan, 2019an Euskal Herri osoan hil direnak baino gehiago.

/>

Araban ere murriztu dira istripuetako biktimak: hamar hildako izan dira, 2018an baino hiru gutxiago. Hala ere, ohikoa baino altuagoa izan zen 2018ko datua, eta hamarkada honetako hildako kopuruaren batez bestekotik gora. Iazko jaitsierak ez du joera aldatu, baina duela bi urteko parametroetara itzultzea dakar.

Lapurdin eta Zuberoan ere murriztu egin dira errepide istripuak; Zuberoan, zeroraino. Ez da lehen aldia: 2011n eta 2016an ere errepidean inor hil gabe bukatu zen urtea herrialde horretan; 2017an eta 2018an, berriz, hildako bakarra erregistratu zen. Lapurdin gorabehera handiak izan dira urtez urte, baina azkeneko bi urteetako joera beheranzkoa izan da: hamasei hildako 2017an, hamar hurrengo urtean, eta, azkeneko honetan, zortzi.

Kontrako bidea egin dute Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Beherean. Deigarriena Bizkaiaren kasua da: 2018ko datua txarra izan zen, aurreko urteko hilotz kopurua bikoiztu baitzuten (hamasei). 2019an are gehiago hazi zen errepide istripuan hildakoen kopurua: 22. Gipuzkoan gorabehera handiagoak egon dira urtetik urtera, eta joan den urteko marka 2014kotik urrun dago —31 pertsona zendu ziren urte hartan—, baina igoera nabarmena da edonola ere: hemeretzi hildako, aurreko urtean baino sei gehiago. Nafarroa Beherean lau pertsona hil ziren iaz bide istripuetan: 2018an baino hiru gehiago, baina 2016ko eta 2017ko maila berean.

Kolektibo zaurgarriak

Administrazioek kezka adierazi dute datuen bilakaeragatik. Izan ere, hilen kopurua ez ezik, istripuena ere igo da 2019an. Eusko Jaurlaritzak aitortu du «igoera arina» izan dela aurtengoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errepide sarean —8.167 istripu erregistratu dira guztira, 2018an baino 332 gehiago—, baina nabarmendu du errepidean hildako gehienak (%60 inguru) «kolektibo zaurgarrietakoak» izan direla: oinezkoak, moto gidariak eta bizikleta gidariak. Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak eta Sonia Diaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak prebentzio eta sentsibilizazio programa espezifikoak iragarri dituzte, «kolektibo horien ezbehar kopurua murrizteko xedez». Nafarroako Gobernuak ere sentsibilizazio kanpaina bat eta eskoletarako egitasmo sorta bat iragarri ditu, bizikleta eta motorrekin lotutako istripuak murrizteko. 2019an, hiru txirrindulari hil ziren Nafarroako errepideetan.

Iaz, beste kezka bat ere izan zen Nafarroan: sei oinezko hil ziren, autoek harrapatuta, eta horietatik bost, Iruñean. Udalak segurtasun neurriak ezarri zituen hainbat kaletan, autoen abiadura murrizte aldera, eta, horien eraginkortasuna neurtzeko goizegi den arren, deigarria da aldea: harrapaketarik ez 2019 osoan, eta bi hildako Nafarroa guztian, 2018an baino lau gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.