Migrazioak. Erreskate ontziak

Porturatzeko baimenaren zain jarraitzen du 'Aita Mari' ontziak

Beste erreskate bat egiteko asmoa agertu du Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEaren itsasontziak, baina Libiak ez dio utzi. Mediterraneoan 360 bat errefuxiatu daude lehorreratzeko zain

Igor Susaeta-Iosu Alberdi
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Aita Mari ontziak 78 errefuxiatu erreskatatu zituen Mediterraneo itsasoan, herenegun arratsaldean. Itsas Salbamendu Humanitarioa GKE gobernuz kanpoko erakundearen itsasontziak Maltako uretan erreskatatutakoak lehorreratzeko portu seguru bat eskatu zien Maltari berari eta Italiari, baina atzo, edizio hau ixteko orduan, bi herrialde horietako batean porturatzeko baimenaren zain jarraitzen zuen.

Eta atzo, baimenaren zain zegoen bitartean, beste erreskate bat egiteko abisua jaso zuen, azken 24 orduetako hirugarrena. Horrenbestez, 45 bat migratzaile zeramatzan ontziaren bila jo zuen —horietako lau, adingabeak—. Baina GKEak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, operazioa bertan behera utzi behar izan zuen, Libiako Armadaren aginduz. Militarrek jakinarazi zioten haiek bilatuko eta erreskatatuko zituztela errefuxiatuak. «Azkenean, eskifaiaren segurtasuna bermatzeko, uko egin diogu arriskuan zegoen ontziaren bila joateari. Iraganean, itsasoan galdurikoentzat arriskutsuak izan diren istilu batzuk gertatu izan dira kostazain libiarrekin», argudiatu zuen GKEak.

Gauzak horrela, Aita Mari-k iparralderako noranzkoa hartu du. Bilaketa bertan behera utzi aurretik, Iñigo Mijangos GKEaren presidenteak adierazi zuen ontziak Maltarako bidea hartzeko asmoa duela, eta han porturatzeko eskatuko duela berriro —Italiaren hegoaldean dago Malta—. Azaldu zuen hura dela aukerarik onena; hura dago gertuen, eta EB Europako Batasunak berak onartu izan du hango portuak direla, Italiakoekin bat, porturatzeko leku seguru bakarrak Mediterraneoan erreskate lanetan aritzen diren ontzientzat. Libiakoak ez dira seguruak; hain zuzen, Mediterraneoan erreskatatzen dituztenetako asko Libiatik abiatzen dira.

Itsas Salbamendu Humanitarioak herenegun egin zuen lehen eskaera, eta Maltako agintariek mezua jaso zutela adierazi zioten arren, erantzunik ez du jaso oraindik. Italiari ere egin zioten eskaera, erantzunik gabea hura ere.

Zailtasunak ez zaizkio hor amaitzen Aita Mari-ri. Daniel Rivas ontzia kudeatzen duen GKEaren bozeramaileak jakinarazi zuenez, Espainiako Gobernuak isunekin «mehatxatu» ditu, tokiko agintariekin koordinatuta lan egiten ez badute eta koordinazio hori gabe pertsonak Espainiara eramaten badituzte. Rivasek gehitu zuen gobernuak gogorarazi diela «lehorreratzeko akordioak» izan behar dituztela Maltarekin eta Italiarekin. Rivasek oroitarazi zuen, ordea, Italiako eta Maltako autoritateekin koordinatuta ari direla lanean.

Joan den irailean Italian gobernua aldatu eta gero —Matteo Salvini aurreko Barne ministroak migratzaileentzat «itxita» nahi zituen portuak—, Maltak eta Italiak berak konpromisoa hartu zuten Mediterraneoan erreskatatutakoak kuota automatikoki kokatzeko sistema baten bidez, baita Alemaniak eta Frantziak ere.

Izaskun Arriaran tripulazioko kideak Euskadi Irratian nabarmendu zuenez, Italiako eta Maltako gobernuekin adostutako baldintzak betetzen dituzte. Aita Mari-k eta bi gobernuek hitzartu zuten ontziak baimena izango zuela Italiako eta Maltako ur eremuetan erreskatatutako migratzaileak portu seguruetan lehorreratzeko. Halere, Rivasek onartu zuen bestelako bidea ere har dezaketela agintariek, eta ondorio larriak izan ditzakeela erreskateak: esaterako, GKEa 900.000 euroko isunarekin zigortzea.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak atzo adierazi zuenez, Jaurlaritzak ezin du harreman diplomatiko zuzenik izan, baina esan zuen Aita Mari-ko 78 migratzaileak portu segurura iristeko «kontaktuak» egiten ari direla. Gainera, «babesa» agertu zien eskifaiako kideei.

Azken egunetan mugimendu handia egon da Mediterraneoan, Libiako kostaldearen parean. Aita Mari-k erreskatatutakoez gain, beste 215 ontziratu ditu Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterranee GKEen Ocean Viking-ek —atzo iluntzean bi ebakuatu behar izan zituzten osasun arazoengatik—, 73 Open Arms-ek, eta 70 Maltako kostazainek. Horrez gain, 74 lagun euren kabuz iritsi dira Lampedusa uhartera (Italia). Bestetik, hirurehundik gora atzeman dituzte Libiako eta Tunisiako kostazainek.

111, Alborango itsasoan

Espainiako Itsas Salbamenduak 111 pertsona erreskatatu zituen atzo Alborango itsasoan. Jakinarazi zuenez, GKE batek abisua eman zion, adieraziz bi ontzi atera zirela Maroko iparraldeko hondartza batetik. Erreskatatutakoak Saharaz hegoaldeko afrikarrak dira, eta tartean daude 26 emakumezko eta bi adingabe. 58 pertsona zihoazen ontzi batean, eta 53 bestean. Osasunez ondo daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.