'Brexit'-a. Erresuma Batuko Parlamentuan bozketa

Parlamentuak akordiorik gabeko 'brexit-a baztertzera behartu du Boris Johnson

Erresuma Batuko lehen ministroak ez du bozak urriaren 15era aitzinatzeko babesa lortu. Itunik ezean, EB uzteko epea luzatu beharko luke Johnsonek

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa keinuka, Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako burua hitz egiten ari zenean, atzo, parlamentuan. JESSICA TAYLOR / EFE.
mikel rodriguez
2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak datorren astetik aitzinera parlamentuaren jarduna hilabeterako etetea erabaki zuen joan den astean, oposizioari tarterik ez uzteko brexit-erako eguna —urriaren 31— baino lehen gobernuaren planak eragozteko. Erabaki horrek oposizioko alderdi guztiak eta Alderdi Kontserbadoreko disidente batzuk batu ditu, eta, elkar hartuta, Benn legea onartu zuten atzo parlamentuan. Horren arabera, lehen ministroak ezinen du herrialdea EB Europako Batasunetik atera Bruselarekin itun bat adostu gabe. Porrotaren ondoren, Johnsonek hauteskundeak aitzinatzeko eskatu zion parlamentuari, baina ez zuen behar adinako babesa lortu.

Izan ere, bozak aitzinatzeko lehen ministroak parlamentarien bi herenen babesa behar zuen—650etik 434rena—; nahitaezkoa zuen, hortaz, gutxienez Alderdi Laboristaren baiezkoa, baina oposizioko alderdi nagusiak aurka bozkatu zuen. Jeremy Corbyn laboristen buruak adierazi zuenez dutela hauteskundeetara deitu nahi itunik gabeko irteera eragozteko legeak tramite guztiak igaro arte. Tramite horiek gaur jarraituko dute, Lorden Ganberan. Han ez da trabarik espero, eta erreginaren onespena jaso ondoren sartuko da indarrean —heldu den astelehenean, Erresuma Batuko hedabideen arabera—.

Parlamentuak atzo onartu zuen legearen arabera, gobernuak ez badu urriaren 19rako akordio bat egiten EBrekin—urriaren 17an eta 18an elkartuko dira EBko estatuetako agintari gorenak Europar Kontseiluan—, brexit-aren epea luzatzeko eskatu beharko dio Bruselari.

Johnsonen arabera, parlamentuak eman dion mezua izan da EBrekiko negoziazioak «bukatutzat» ematen dituela, eta lehen ministroa «behartu» nahi duela «nazioarteko negoziazio batean amore ematera». Bozketen aitzinetik, Johnsonek berretsi zuen EBtik akordiorik gabe ateratzea ez dela haren lehentasuna. «Gobernu honek itun bat eginen du Bruselan ditugun lagunekin. Akordio bat eginen dugu». Corbynek, ordea, ez zion sinesgarritasunik eman. «Aipatzen dituen negoziazioak iruzur bat baino ez dira. Denbora agortzea da egiten ari den gauza bakarra».

Johnsonek 24 orduan hiru bozketa galdu ditu parlamentuan—lehen ministro denetik egin diren lehenbizikoak—, eta lehenbiziko bien kasuan parlamentuan gehiengo osoa galdu duelako izan da. Herenegun, 328 parlamentarik bozkatu zuten parlamentuak agendaren kontrola hartzearen alde, eta 301ek aurka. Atzo, 327k babestu zuten Benn legea, eta 299k egin zuten kontra.

Tory disidenteen botoekin

Alderdi Kontserbadoreak 317 parlamentari irabazi zituen 2017ko bozetan, eta Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren hamar diputatuen babesari esker zuen gehiengo osoa. Azken bozketen ondoren, 289 diputatu kontserbadoreren babesa du Johnsonek, DUPeko hamarrenarekin batera. Theresa Mayk lehen ministro zenean Johnsonen eta brexit gogorraren aldekoen disidentziari aurre egin behar izan zion bezala, orain Johnsoni brexit gogorraren aurkakoak matxinatu zaizkio.

Errebolta 21 legelarik piztu zuten herenegun arratseko bozketan, atzoko parlamentuko egitaraua onartu ala ez erabakitzeko egin zenean. Oposizioko alderdiek aurkeztu zuten proposamena, eta 21 toryk alde bozkatu zuten, alderdiaren irizpidearen aurka. Johnsonen erantzuna berehalakoa izan zen: alderditik kanporatu zituen guztiak.

Horien artean daude Philip Hammond, David Gauke eta Rory Stewart ministro ohiak, eta Nicholas Soames, 1990ko hamarkadan gobernuko kide izan zena eta Winston Churchill lehen ministro historikoaren biloba izateagatik ezaguna dena. Kanporatutako kontserbadoreek parlamentari kargua mantendu dute oraingoz, baina independente gisa parte hartu zuten atzoko bozketetan. Alderdi Kontserbadoreak hilaren 29tik urriaren 2ra arte eginen du urteroko konferentzia. Gertakari erabakigarriak espero dira datozen egunotan, baina aurreikusi liteke hautsak harrotuta dituztela hasiko dutela bilkura.

Urriaren 15a zen Johnsonek proposatutako epea hauteskundeak aitzinatzeko, eta, itxura guztien arabera, helburu hori lortu beharko du EBri luzapenik ez eskatzeko —gehiengo osoa lortzen badu, noski—. Hala ere, brexit-aren prozesuak erakutsi du ia deus ezin dela ziurtzat jo, eta parlamentuaren atzoko erabakiak ez du guztiz ezabatu itunik gabeko brexit-a gertatzeko aukera. Sajid Javid Ekonomia ministroak Komunen Ganberan erran zuen gobernuak aitzinetik iragarritakoa baino 2.213 milioi euro gehiago bideratuko dituela itunik gabeko brexit-ak sor litzakeen zailtasunei aurre egiteko, eta Europako Batzordeak, berriz, hainbat funtsetako dirua erabiltzea proposatu du larrialdi neurritzat; horien artean, hondamendi naturalei aurre egiteko funtsarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.