Burezur bat. Edo, hobe esanda, bekoki bat. Oihal batekin estalia dago begietatik behera; ezin da jakin ea zerbait gehiago duen azpialdean ala ez, burezurrak jarraipenik duen ala ez. Kuxin gorri baten gainean dago, eta urre koloreko hariz bordatuta; dotorea da. Burezurraren inguruan, koroa antzeko bat du, masailezurraren alde batetik bestera, burugain guztia hartuz. Gorria da hori ere, eta, kuxinaren eran, hariz eginiko irudiak ditu. Santuenak dirudite lehen begi kolpean. Hain zuzen, horrelakoak dira Arabako Arte Ederren Museoan, Gasteizen, ikusgai dauden Martiodako (Araba) erlikietako batzuk. Hala ere, bidaian aurrera egin beharra dago zehazki zer diren jakiteko.
Mendeetan atzera egin behar da erlikien jatorrira bidaiatzeko; elezaharretara. Santa Ursula printzesa britainiar kristau bat zen; paganoa zen printze batekin ezkontzeari uko egin zion, eta Erromara abiatu zen, 11.000 birjinarekin erromes. Hala ere, hunoek martirizatu egin zituzten: bizia kendu zieten beren ideiengatik, Kolonian (Alemania). Tebasen (Egipto), berriz, erromatar legio bat egon zen, 6.600 soldaduk osatutakoa. Kristau bihurtu ziren, eta jainko paganoak gurtzeari uko egiteagatik martirizatu zituzten, III. mendean.
Bi kondaira horietako hezurrak biltzen omen dituzte Martiodako erlikiek. Egindako ikerketen arabera, XVII. mendearen lehen erdialdean Flandriako artista batek egindako lanak dira, Martiodako San Joan Ebanjariaren elizan gordeta egon direnak eta Arabako Zaharberritze Zerbitzuak biziberritu dituenak.
Zerbitzu horretako arduradunetako bat da Cristina Aransay; zaharberritze prozesuan aritu da lanean, eta adierazi du «ohiz kanpoko multzo apartekoa dela» erakusketan jasotakoa, eta erlikia ontzia osatzen dutela: «Erlikia, nolabait esanda, gaur egunera iritsi den hezurra edo hezur zatia da, baina erlikia ontzi bihurtzen dute ehunekin, perlekin, zilarrezko orriekin edo bestelako materialekin apaintzen dutenean». Kasu honetan, bi elezaharrekin lotutako multzo bana dago erakusketan, eta guztira hamazazpi erlikia daude. Lehen multzoan, burezur zatiak dira nagusi, eta, gainera, horietako batzuk hezur zati txikiz osatuta daude. Hasieran badirudi osorik daudela, baina ez da horrela: «Ez da burezur oso bat, soilik ikusten diren hezurrez osatutako bat baizik; horregatik daude oihalekin estalita».
Bigarren multzoan ere badira burezurrak, baina era ezberdin batean aurkeztuak. Estalita egon beharrean, ingurua bestelako osagaiekin daukate atonduta, hala nola aldaka edo femur zatiekin eta alanbrez edo zetaz egindako lore eta landare txikiekin, lorategi bat izango balitz bezala. Aldare bat ere izan zitekeen, gurtza leku bat, baina ez du irudi erlijiosorik. Ez, behintzat, kazetariak hauteman dezakeenik, gainaldean duen gurutze batez gain. Izen batzuk ere ageri dira, paper txiki batzuetan eta latinez. Oro har, misteriotsua da aretoko giroa, eta bertako musikak erlikiek bere horretan duten misterioari eusten dio, pausoz pauso ikuslea ezkutuan dagoen zerbait argitzen ariko balitz bezala.
Lehengoak eta oraingoak
Erlikiak dauden aretoan, haien lehengo egoera azaltzen duten irudiak ere badaude. Txikituta zeudela dirudi, eta hala baieztatu du Aransayk ere. «Hasieran, kontserbazio egoera nahiko tamalgarria zen; ez zeuden ondo gordeta eta zainduta: azaleko zikinkeria ugari zuten, egurraren zati bat ere janda zegoen, eta onddoen, intsektuen eta karraskarien eraso biologikoak jasan zituzten». Zehazki, Martiodako San Joan Ebanjelariaren sakristian zeuden gordeta, badira horren erakusle diren irudiak ere jasoak, eta 2015ean berreskuratu zituzten, zaharberritzeari ekin ahal izateko. Zenbait teknika erabili dituzte ordutik gaur arte.
Ikerketak egiten aritu ziren lehen urteetan. «Ehunekin, hezurrekin, metalekin, eskuizkribuekin eta beste material askotarikoekin egin genuen topo, eta horietako bakoitza bereiz ikertu beharra zegoen; horretan aritu ginen lehen hilabeteetan, eta gero planteatu genuen zaharberritzea ikuspegi zientifiko eta metodologiko batetik», azaldu du arduradunak. Materialak ezagutzen aritu ziren, gerora tratamendu egokia aplikatu ahal izateko, eta, besteak beste, erradiografiak eta eskanerrak egin zituzten. Baita azterlan antropologiko bat ere; horri esker jakin zuten hezur gehienak 21 eta 55 urte arteko gizonezkoenak zirela. Horrez gain, bi hezurren datazioa ere egin zuten, eta ondorioztatu zuten ikertutako bi horiek, bederen, III. mendekoak zirela.
Zaharberritzearen arduradunari garrantzitsua iruditzen zaio erlikia multzo horiek ikusgai egotea, Arabako ondarearen parte direla iritzita. «Ezagutzen ez zen ondare bat zen, gurtzarako itxia baitzegoen gordeak zituen eliza, eta bertan zeuden; erakusteko nahia dugu». Erakusketa, beraz, urtarrilaren 16ra arte egongo da museoan, eta gero lekualdatzea da asmoa. «Ez dugu kokaleku jakin bat, baina bi baldintza bete beharko lituzke: publikoa izatea eta kontserbatzeko baldintza egokiak edukitzea».
Martiodako erlikiak ikusgai
Hezurrek, oihalek eta hariek osatzen dute Martiodako erlikia ontzia. Zaharberritzeari ekin zioten 2015ean, eta orain Arabako Arte Ederren Museoan daude lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu