Alfredo Ramos-Miguel. Ikerlaria

«Dementzia kasu asko helduaroan kirolik ez egiteak eragiten ditu»

Helduaroan ariketa fisikoa egitea ontzat jo du EHUk parte hartu duen ikerketa batek. Alfredo Ramos-Miguel da ikerlarietako bat, eta kirola egitearen ondorioak zein diren aztertu du.

FERNANDO GOMEZ /EHU.
Miren Mujika Telleria.
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartu duen ikerketa baten arabera, zahartzaroan ariketa fisikoa egiteak eragin positiboa du garunean; eta dementzia bat garatzeko aukerak murrizten dituela frogatzen du, gainera. Ikerketa horretan hartu du parte Alfredo Ramos-Miguelek (Madril, Espainia, 1980), EHUko farmakologiako ikerlariak. 1997an hasi zuten ikerketa, eta aurten amaitu dute. Urte dezente behar izan dituzte, ez baita erraza horrelako ikerketa bat gizakiekin egitea.

Zein da ikerketaren helburua?

Alzheimerren gaitza ikuspuntu epidemiologiko eta patologikotik ikustea, gehienbat. Baina sintoma afektiboak ere aztertu ditugu. Hau da, zein ondorio afektibo dituen zahartzaroan ariketa fisikoa egiteak.

Eta zein ondorio ditu?

Ikerketa honetatik atera dugun ondorio nagusia da zahartzaroan ariketa fisikoa egiteak on egiten diola garunari; dementzia probabilitatea jaitsi egiten duela, alegia.

Eta alderantziz: sedentarismoak kalte egiten dio garunari?

Azterlanean alderdi hori ere ikertu dugu. Ez dugu helburu zehatz gisa aztertzen, baina ikertu dugu hori ere. Esan dezakegu dementzia kasu asko helduaroan kirolik ez egiteak eragiten dituela. Izan ere, alzheimer kasuen % 10 edo % 15 sedentarismoaren ondorioz azal daitezke. Orduan bai, noski, kalte egin diezaioke garunari zahartzaroan ariketa fisikorik ez egiteak.

Nola abiatu zenuten ikerketa?

Azterlanaren hasieran galdetegi zabalak egin genizkien gure parte hartzaileei, jakiteko haurtzaroa, gurasoekiko harremana eta abar nola gogoratzen dituzten. Eta, galdetegi horien guztien bidez, sintoma afektiboak eta kognitiboak ondoren ikusten denarekin erlazionatzen saiatzen gara.

Eta behin hori eginda, zer ikusdaiteke gero?

Bada, nola iristen den patologia hori pertsonaren garunera. Kasu honetan alzheimerra aztertu dugu, baina, tira, neuropatologia ugari aztertzen dira; garuneko infartuak, alzheimerra, edo garuneko edozein gaixotasun.

Egokitua behar du izan zahartzaroan egiten den kirolak?

Zalantzarik gabe. Izan ere, adin horietan handia da egon daitezkeen lesioen arriskua. Lehenik eta behin, adin horretan, pertsonen mugitzeko gaitasunak gutxituz doaz. Kontu handiz ibili behar da, ez baita gauza bera ariketa fisikoa egitea gaztaroan edo zahartzaroan. Beraz, funtsezkoa da jarduera fisikoak egokitzea lesioak saihesteko, kontuan hartuta adin horretan lesio bat sendatzea askoz ere zailagoa dela.

Gai horren inguruko informazio falta zegoela uste duzu?

Jakina. Oso informazio gutxi dator gizakiei buruzko azterlanetatik; adibidez, nola eragiten duen garunean bizitzan egiten dugun edozerk. Gaur egun ditugun datu gehienak neuroirudiari buruzko ikerketei esker ematen ditugu, garuneko eskanerrei esker. Teknologia berriek gauza asko aztertzen dituzte, baina eduki dezakegun xehetasun maila oso baxua da. Orduan, bai. Gai honi buruzko informazio falta izugarria dago, material hori lortzeko dugun gaitasuna oso txikia delako.

Orduan balio handikoa da ikerlan hori.

Bai. Maila klinikoan eta giza mailan planteatzen diren hipotesi ugari egiazta baitaitezke horrela. Izan ere, hipotesi mota horiek guztiak, oro har, animaliekin planteatu ohi dira.

Adibidez?

Aztertu nahi duguna baldin bada nola eragiten dion ariketa fisikoak osasun mentalari, animalia batzuk korrika jartzen dituzte, beste batzuk sedentario uzten dituzte. Eta hori, gizakiekin egitea baino pixka bat errazagoa da.

Eta gizakiekin egin al zen hori lehenago?

Sekula ez. Nik parte hartu dudan ikerketa 1997an hasi zen, eta orain argitaratzen ari gara. Urte mordoa igaro da, pentsa zenbat denbora behar den horrelako ikerketa bat egiteko!

Noski. Ez da erraza izango horrelako ikerlan bat egitea...

Inola ere ez. Ikerketa kimikoetan, gizakiei buruzko azterketek beti izaten dute nolabaiteko konplexutasuna. Baina, zehazki, giza burmuinean, eta batez ere garuneko laginak behar ditugunean, konplexuagoa izaten da prozesua. Parte hartzaileek garun emaile izan behar dute, edota ikertu nahi den horren emaile. Horrexek zailtzen du kontua, asko mugatzen baitu ikerketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.