Nola ikusarazi ikusezina

Desagertze berriek kartografia berriak behar dituztela diote adituek: itsas hondoan galtzen diren migratzaileek, hil eta salerosten dituzten emakumeek, pertsona diren ez-pertsona horiek. Konta daiteke kontatzen ez dena, eta erregistra daiteke arrastorik uzten ez duena. Mapatze lan horretan ari dira hainbat ikerlari eta elkarte.

SANDRA GARAIOA.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Emozioak eta gorputzak mapatzen dituzte Mexikon. Identitaterik gabekoak Brasilen. Ikusezina izan liteke izate bat, edo beste aldera begiratze bat. Zaharkituta gelditu da desagertzea kontzeptua. Badirelako berriak, eta ez direlako inon agertzen. Mapa zaharrek kartografia berriak behar dituzte, eta datu zaharrek zenbaki berriak. Erregistra daiteke arrastorik ez duena, eta konta daiteke inork kontatzen ez duena. Badaude erremintak. Horretan ari dira hainbat ikerlari eta elkarte.

Duela hilabete antolatu zuten Ikusezina ikusten izeneko jardunaldia, Donostiako Tabakaleran. Deustuko Unibertsitateko Ares proiektuak, EHUko Kontu Laborategiak eta Tabakalerako Medialabek jarri zuten gaia mahai gainean: nola kontatu eta erregistratu ia informaziorik gabe iristen diren gauzak, pertsonak, gertaerak? Nola erregistratu daturik ez duten egoerak? Zer gelditu da eskura dauden mapetatik kanpo? Zenbat pertsona desagertzen dira munduan? Zenbat gatazka ez dira agertzen albisteetan? Zerk uzten ditu arrastoak eta erakusten da, eta zer ez? Zenbat pertsona ez dira zenbatzen? Zer behar da kontatu ezin dena kontatzeko?. Gabriel Gatti EHUko soziologia irakaslearen Desaparecidos. Cartografías del abandono (Desagertuak. Abandonuaren kartografiak) liburua izan zen jardunaldien abiapuntua, eta «egiaztapen bat» jardunaldien bultzada: «Gaur egun, desagertze hitza erabiltzen da egiturazkoa eta orokortua den zerbaiti buruz hitz egiteko. Gizakiok jada ez gara gai desagertu direnak gizaki gisa izendatzeko eta sentitzeko ere. Ahaztutako herriak eta kulturak, inork kasurik egiten ez dienak, jada jendea ez den jendea, abandonatzen diren pertsonak... Desagertzea termino zaharkitua erabiltzen zen hori izendatzeko», azaldu du Gattik berak.

Galdera bat, eta erantzun posible asko: «Nola arraio egin dezaket hori guztia irudikatzeko, nola egin mapa bat, nola egin erregistro bat? Nola uler dezaket ulertu ezin dena?». Kartografia berriak behar dira: «Kontua orain ez baita mapak konkisten garaian bezala egitea. Orduan, ezagutzen ez ziren zonei buruzko mapak egiten ziren. Orain, ezagutzen ditugun baina ikusi nahi ez ditugun txoko ezkutuei buruzko mapak behar ditugu. Kartografia berriak behar ditugu, fisikoak eta teorikoak, mundua beste era batera pentsatzeko».

Desagertze laukoitza

Eta horretan ari dira hainbat ikerlari eta elkarte. Tecnicas Rudas elkarteko kidea da Itzell Sanchez, Mexikoko Narrativas y memorias de la desaparición proiektuaren arduraduna. Desagertze hitza zaharra bezain berria da han: 110.149 lagun daude desagertuta Mexikon. «Ezagutzen duzu Mexiko Hiriko Zocalo plaza? Bada, desagertutako jende horrekin guztiarekin gainezka egingo luke», azaldu du Sanchezek. Aipatu du «desagertze laukoitza» kontzeptua erabiltzen dutela haiek: desagertze fisikoa; juridikoa eta administratiboa; soziala eta sinbolikoa, eta mediatikoa. «Geure buruari galdetzen diogu ikusezinak ote diren edo badagoen gizarte oso bat, engranaje oso bat, ikusezin egin nahi dituena».

Senitartekoak, elkarteak eta komunikabide independenteetako kazetariak ari dira han «mapa berriak» egiten. «Gure mapek memoria berreraiki nahi dute, memoria bizi bat, eta errelato autonomo bat: 'Konta dezagun guk gure historia'. Zer gertatzen ari den kontatu, modu sinbolikoan, baina baita gure gorputzak eta emozioak zeharkatuz ere».

Sierra Tarahumarako kideek izaretan egiten dituzte mapak, eta lizunduta daude. «Desplazatuak dira, ez dute etxerik, eta ez dute mapa horiek non gorde ere. Lizun hori mapen osagai bat da. Mapa horietan jartzen dute euren lurrak non erre zizkieten, senitartekoak non desagertu ziren...». Artistek egindako «mapatze artistikoak» ere lantzen dituzte: «Desagertutakoen amek egindako mapa brodatuak dira, eta seme-alabak kokatzen dituzte mapan, sinbolikoki». Inon kartografia berririk egiten bada, haienean egindakoak dira: «Biolentziak gorputza zeharkatzen du lehenengo. Eta lantzen dugu nola irudika dezakegun gure gorputza mapa batean. Gure historia kontatu, gure gorputza mapa baten gisa erabilita, gure orbanak, gure ibilbideak...». Kartografia berriak: «Loa galtzearen mapa ere egiten dugu. Loa galtzea ez baita berdina pertsona arrunt batentzat, edo semea edo alaba desagertuta daukan ama batentzat. Loa joan egiten delako. Eta haiek esplikatzen dute zer den loa galtzea, zer den bilaketa, mapa horretan». Finean: «Edukiak sortzea da kontua, datuak lortzeko. Eta datuek lagunduko digute ikusi nahi ez dugun errealitate hori ulertzen».

Errealitate hori ulertu eta ulertarazi nahian ari da lanean Marcia Lika Hattori arkeologo brasildarra eta EHUko doktoretza osteko ikertzailea ere. NN No Name izenik gabekoei buruzkoa da haren ikerketa eremua. «Pertsona kontsideratzen ez diren pertsona horien ingurukoa», arkeologoak berak azaldu duenez. Izan ere, arkeologia eta desagertzea elkarren parean jarrita, Likak dio hobi komunak, diktadurak, desagertze behartuak... datozela burura, baina Sao Paulon (Brasil) kalean hilik agertutakoen inguruan egin zuen hark ikerlana. «Estatuak kalean dauden horiek kontrolatuta izaten ditu, erakundeen bidez: kartzela, gizarte zerbitzuak... Bizirik daudenean bai, baina hiltzean, erabatekoa da abandonua». Ondorio nagusia? «Heriotzarekin borrokatzen diren erakundeak erabat arduragabeak direla».

Eta «gauza asko» nahasten direla halakoetan: «Ikusten badute pertsona hori beste klase sozial batekoa dela, esfortzu handiagoa egiten dute nor den jakiteko». Aldagaiak: generoa, arraza, janzkera... «1970eko hamarkadan, oinetakoei begiratu eta hildakoak bota militarrak zeramatzala ikusten bazuten, alegia, haren klase sozialaren berri ematen zuen xehetasunen bat agertzen bazen, ahalegina egiten zuten». Izan ere, desagertzeko moduak eta moduak daudela dio Likak: «Datuekin desagertu zaitezke erakunde horien barruan, edo daturik gabe. Eta daturik gabe desagertzen zarenean, ez dago informaziorik pertsona hori bilatzeko. Horregatik diogu desagertzea mapatzeko modu berriak behar direla».

Brasilgo diktadura garaia eta gaur egungoa ere konparatu ditu: «Eta administratiboki desagertzeko modu horiek, heriotzaren burokrazia horrek... oraindik irauten du». Beste adibide bat: Sao Pauloko hilerri bat. «Hilerrian bertan galtzen dira hilotzak, hain zuzen, hilerrien ardura denean horien erregistro bat egitea. Estatuak eskubideak eta genealogia ematen dizkie talde jakin batzuei, eta beste batzuei ez. Dirua jartzen dutenek ehorztoki duin bat izango dute. Erremintez ohartu behar dugu, eta erabili. Ohartu badaudela mapatze alternatiboak, ez direnak ohikoak».

Likak dioenez, desagertze modu horiek mapatzeko era bat da arkeologia, baina beste «materialtasun» batzuekin lan egin behar da horretarako. Adibidez: «Hilerri horietako hezurrekin lan egin izan dudanean, zabor poltsak ikusi ditut hezurrez beteta. Hortxe dago errepresentazio berri bat, pertsona horiek nola sailkatzen dituzten ohartzeko».

Praktikara, erremintekin

Eta ez da dena alor teorikoa. «Marciarekin egon beharra daukat, zeren hezurtoki eta poltsa horiek mapa batean jartzekotan gelditu ginen», azaldu du Miguel Sevilla-Callejok, CSIC Zientzia Ikerketen Espainiako Kontseilu Nagusiko ikerlariak eta Zaragozako (Espainia) Grupo de Mapeado Colaborativo-Geoinquietos elkarteko koordinatzaileak. Dioenez, badaudela erremintak, eta bat nabarmendu du: Open Street Maps. «Mapen Wikipedia moduko bat da, baina, artikuluen ordez, elementu espazialak sartzen ditugu, eta karakterizatu: errepide bat, banku bat, iturri bat... Nahi dituzun elementuak sar ditzakezu datu ireki eta libreen bidez, eta kartografia kolaboratiboaren bidez».

Sevilla-Callejok dio kartografia geografoaren «lengoaia» dela, lurraldea «irudikatu» egin behar dela nolabait. «Zer da kontua? Google Mapsek interesatzen zaiona bakarrik jartzen duela bere mapetan, eta kanpoan uzten dituela beste gauza asko. Googleri interesatzen zaiona logistikaren banaketa da: jendea nola mugitu leku batetik bestera autoz. Hor baitago negozioa. Ez zaio interesatzen pertsona itsu bat leku batetik bestera nola joan daitekeen». Eta hori da, hain zuzen, haiek egiten dutena, besteak beste: «Aniztasun funtzionala duen jendearentzat egin ditugu mapak, eta ikusmen arazoak dituztenentzat. Mapetan ikusezinak diren gauzak jartzen ditugu. Adibidez: itsu bati esaten diogu non sentituko den seguru hiri batean, edo non edukiko duen itzala Zaragozan 40 gradu egiten dituenean». Aukerak kontaezinak dira: mapatu litezke emakumeentzat arriskutsuak izan daitezkeen kaleak, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aktibatuta daukaten tabernak... «Egin gabe dauden mapak existitzen ez diren errealitate espazialak dira. Hori da honen guztiaren ondorio nagusia».

Komunitate ikusezinak

Badu horren berri Juan Jose Arevalok, MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen Missing Maps proiektuaren koordinatzaileak. «Falta diren mapak» mapatzen dituzte, laguntza humanitarioa nora eta nola bidali jakin ahal izateko. «Badirudi planeta guztia kartografiatuta dagoela, baina ez da hala. Enpresa handiek ez dituzte urrutiko toki eta komunitate horiek mapatzen, ez dutelako interes komertzialik», azaldu du Arevalok. Eta ariketa bat proposatu du: «Bilatu urrutiko toki bat bi webgunetan: Google Mapsen eta Open Street Mapsen. Ireki bi pantaila ezberdinetan, eta ikusi aldea. Badago ikusezina den mundu bat, agertzen ez dena».

Missing Maps proiektuko mapak Open Street Maps plataforman erregistratzen dituzte, modu kolaboratiboan. Errepide sareak, etxebizitzak, oihanak, ura... «Azpiegiturei buruzko maparik egin ezean, komunitate batzuk ez dira existitzen. Horiek mapa batean ikusteak modua ematen du erabakiak azkarrago hartzeko, eta laguntza humanitarioa eraginkorragoa izateko. Ikusezina ikusarazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.