Kultura tradizionala

Beren mamoxarroez harro

Mamoxarroen museoa irekiko dute gaur Unanun, inauteri tradizionalari balioa emateko. Liburu bat ere aurkeztuko dute Alvaro Bermejok eta Joseba Urretabizkaiak.

Mamoxarroa eta mutua dira Unanuko inauterietako pertsonaiak, eta haien jantziak ikusgai paratu dituzte museoan. Irudian, mamoxarroa. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iker Tubia.
Unanu
2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Herri txikia izanagatik, kultura aberatsa du Unanuk (Nafarroa). Kale estuetan barrena zabaltzen dira kriskitin hotsak inauterietan, eta, halako batean, zarta! Hurritzarekin kolpe bat lurrean. Mamoxarroak eta mutuak dira, izua zabaldu eta puskak biltzeaz arduratzen direnak. Oraindik urruti dira inauteriak, baina herritarrek balioa eman nahi diete negua ailegatu aurretik. Mamoxarroen museoa inauguratuko dute gaur herrian, 18:00etan, baita liburu bat ere: Mamoxarroak. Las máscaras de Unanu (Mamoxarroak. Unanuko maskarak). Alvaro Bermejoren testuak eta Joseba Urretabizkaiaren argazkiak biltzen ditu liburuak (Xibarit, 2021).

Herritarrak aritu dira museoa atontzeko lanetan. Angel Auzmendi aritu da lanen buru, auzoko besteekin batera. Esan duenez, nahiko lukete proiektu garatuagoa egin Lizarragako hiru herrien artean. Oraingoz, mamoxarroen museoa irekiko dute. Bermejo eta Urretabizkaia jarri ziren harremanetan harekin, maskarengatik galdezka. «Mamoxarroen katolak [maskarak] inportanteak zirela esaten ziguten», zehaztu du. «Katolak nonbait gordetzekoak zirela esan ziguten, beirate batean-edo. Baina ez genekien non jarri; elkartean jende asko ibiltzen da». Azkenean, apaizaren bulego ohian jarri dute erakusketa.

Areto txikia da, korridore bat eta gela bat dituena. Gelan, inauterietako bi pertsonaien jantziak ikus daitezke: mamoxarroa eta mutua. Bien artean, sei maskara; herrian gordetzen diren katolarik zaharrenak. Horretaz gainera, inauterietako argazkiak ere paratu dituzte, puska biltzea edo mamoxarroen lasterraldiak erakusten dituztenak. Korridorean, Unanuko bestatan ateratako argazki zaharrak daude ikusgai. Auzokoei eskatu zizkieten, eta 200 baino gehiago lortu dituzte. «Ez dugu garai bateko inauterietako argazkirik, ez zelako argazkilaria etortzen. Festetan bai, dirua egiteko balio ziolako, baina badirudi inauteriak ez zirela errentagarriak», azaldu du Auzmendik.

Maskara horiek dira museoan dauden gauzarik baliotsuenak. «Balio ekonomikorik ez dakit baduten, baina emozionala, handia», zehaztu du unanuarrak. Orain arte maskara horiek ibili dituzte inauterietan; ez zieten bestelako baliorik aitortzen, eta dagoeneko hondatzen hasiak ziren. Bermejok gomendatu zien gordetzeko: «Bagenekien zaharrak zirela, baina ez genion garrantzirik ematen, eta oso hondatuak daude».

Hemendik aurrera horiek ez dira karrikara aterako. Lehenago, hamabi ziren, baina erdiak galduak daude. Material finekoak dira jatorrizkoak; ez, aitzitik, ondoren egin zituztenak. Galdutakoen ordez sortutako katolak txapa lodiarekin eginak dira, eta deserosoak direla kontatu du Auzmendik, aurpegian zauriak egiten dizkietela gazteei. Horregatik, orain beira zuntzarekin eginen dituzte. Lehenbizi, zortzi, eta emaitzarekin kontent badira, denak horrelakoak izanen dira.

Katola horien atzetik ailegatu ziren Bermejo eta Urretabizkaia Unanura: «Mamoxarroak ezagutzen nituen; beti aditu izan nuen antzinako maskara horien berri, baina inoiz ezin izan nituen bertatik bertara ikusi», kontatu du Bermejok. Uste du katolak Goi Erdi Aroan eginak direla, burdinazkoak baitira, eta erritu horiek burdinaren eta artzainaren kultuei loturik egon daitezkeela. «Herrian ez zioten baliorik eman, eta horregatik galdu dira erdiak», zehaztu du. Ez daki denak garai horretakoak diren edo geroago eginak, baina orduan sortuko zituzten katolak, historialariaren aburuz.

Inauterien garrantzia

Bermejok azaldu du duela ehun urte ttuntturroak ibiltzen zituztela mamoxarroek, nahiz eta gero zintadun txapelengatik aldatu zituzten: «Ttuntturroak, txintxarriak, zapiak, mutua buru joatea... Errituan denak du sinbologia bat, nahi bada interpretatiboa; aieruak dira, baina inguruko antzinako kulturekin alderatuta, ikusten duzu nola bat egiten duten. Horregatik du Unanuko inauteriak sekulako balioa».

Baliteke unanuarrek garrantzi berezirik eman ez izana maskara zahar horiek gordetzeari, baina, azken batean, urtero ibiltzen zituzten. Inauteriak garrantzitsuak dira herrian, eta auzokoek asko bizi dituzte. Are, 36ko gerrak ere ez zituen gelditu. «Tradizio handia dago hemen. Gerra garaian beste herrietan galdu egin ziren inauteriak, eta hemen segitu zuten», kontatu du Auzmendik. Dirudienez, Guardia Zibila ere agertu zen urteren batean, eta baten bat atxilo eraman kuartelera.

Gaurko inaugurazioan, liburuaren egileak eta Fernando Hualde ariko dira liburua aurkezten. Museoa 18:00etan inauguratuko dute, aurreskuarekin eta Oberena dantza taldearen emanaldiarekin. Gero, mokadutxo bat eginen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.