Harria biribil eta piririka. Aranzadi zientzia elkarteko eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko aditu talde batek jakin du izan zela Jaizkibel mendian (Gipuzkoa) errotarri industria oparo bat, eta iritsi zirela han egindako geztera izeneko zorroztarriak XVI. mendeko Ameriketara. Biribildu egin nahi dute, ordea, harri horien piririkaldia, eta Jaizkibelen egindako errotarriak ere Ameriketara bidali zituztela baieztatu nahi dute orain.
Javi Castro, Yoseba Alonso eta Iñaki Sanz-Azkue Aranzadiko ikerlariek eta Denis Alvarez EHUkoak osatzen dute lantaldea, eta Hondarribiko Udala da babeslea —Josu Narbarte arkeologoa batuko zaie orain—. «Javi Castrok urteak daramatza Euskal Herriko errotarri harrobiak ikertzen, eta hark eman zigun pista», azaldu du Iñaki Sanz-Azkuek. Eta dokumentu zahar bat zen pista. XVI. mendean Isasti izeneko pasaitar batek egindako aipua, non Jaizkibeli buruz nabarmentzen zuen hareharri ona zeukala errotarriak egiteko. «Hondarribian harri mimarriya deitzen diote, lantzeko erraza delako», argitu du Sanz-Azkuek.
Hasi ziren pista hari tiraka eta Jaizkibelera jiraka. «Begiak zorroztu eta bila hasi ginen. Baina ez zegoen dokumenturik, ez zegoen ahozko ondarerik...». Ez zuten ezer topatu, harik eta Maximo Sagarzazuren mapekin topo egin zuten arte. «Sagarzazu familiak erakutsi zizkigun: Hondarribiko udalerriaren mapa toponimoz eta zehaztasunez betea. Haietako batean, eta itsasoaren ertzean agertzen zen: Errotarri».
Hantxe pista ezin hobea, eta harantz ikerlariak. «Baina ez genuen ezer topatu. Etsita, kilometro bateko pasiera eman genuen inguruan, eta, bat-batean, bidearen ertzean, errotarri erdi bat puskatuta. Zer-nolako kasualitatea! 'Hemen badago zerbait'». Eta ez zen pista bakarra izan. Ordurako dokumentu zaharretan aztarrika hasita zeuden, eta XVI. mendeko testamentu batean topatu zuten datu «harrigarri» bat: Joanes de Aldasoro izeneko batek zioen ehun errotarri zituela Hondarribiko Santa Engraziako ermitaren ondoan eta beste ehun Jaizkibelen. «Hor hasi zen festa. Kontuan hartuta gaur egun errotarri horietako bakoitzak 3.000 euro balioko lituzkeela, atera kontuak. Zerbaitek ihes egiten zigun».
Errotarri erdi bat, mapa bat, testamentu bat, eta mendi bat landaretzaz josia. Nondik hasi? «Beste mapa zahar batean ikusi genuen inoiz egon zela Jaizkibelen Santa Barbara izeneko ermita bat. 'Harginen zaindaria da Santa Barbara', bota zuen Javi Castrok. 'Baina zer egiten zuen han goian mendian?', esan genuen guk».
Bertara joan eta egun berean topatu zituzten bi errotarri oso-osorik. «Ikaragarria da zenbat jende pasatzen den paraje horretatik eta nola inork ez dien erreparatu harri biribil horiei». Haien segidan iritsi ziren beste guztiak. Zazpi errotarri harrobi topatu dituzte orotara, industria oparo baten seinale.
Hurrengo «ezustekoa»
Baina dokumentu zaharren errepasoak eman zuen hurrengo «ezustekoa». Zabra izeneko itsasontzi mota baten inguruko dokumentua zen —halakoak garraiatzeko erabiltzen zen itsasontzi txiki bat da zabra—. Dokumentuan jartzen zuenez, Hondarribitik Sevillara zioan ontzi hori errotarriz kargatuta. «Hor konturatu ginen horrenbeste errotarri ez zirela bertarako, ez zegoelako horrenbeste errota eta horrenbesteko beharrik. Arakatu ditugu Hondarribiko artxiboa, Oñatikoa, Tolosakoa... Eta 25 itsasontzi topatu ditugu, errotarriekin atera zirenak Sevillara, Cadizera, Kanarietara, Madeirara, Lisboara eta Galizara». Leku horietan jada errotarriak bazeudela jakinda, zergatik bidali Jaizkibelgoak hara? «Gure hipotesia da toki horietatik —Sevilla, Cadiz, Kanariak...— ateratzen zirela Ameriketara zihoazen naoak, eta hara bidaltzen zituztela Jaizkibelgo errotarriak».
Hipotesi hori indartzen duen beste dokumentu bat ere topatu dute, gainera. «Jaizkibelen, geztera izeneko zorroztarri erdi bat topatu genuen, eta dokumentu horretan hitzez hitz esaten da bertako geztera harriak eramaten zirela Sevillara eta handik Ameriketara. Hori ziurtatu dugu, eta errotarrien inguruko dokumentu bat falta zaigu orain».
Sevillara begira jarrita daude, horrenbestez. Taldeak beste urtebetez jarraituko du ikerketarekin, eta Indietako Artxiboan egingo dituzte kontsultak —80 milioi dokumentu daude bilduta han—. «Mundu bat ireki zaigu. Ikusi dugu XVI. mendeko Hondarribian arrantzaz eta nekazaritzaz gain bazegoela errotarrien industria bat ere».
Arkeologia
Errotarriak piririka
Aranzadi zientzia elkarteko eta EHUko aditu talde batek zazpi errotarri harrobi aurkitu ditu Jaizkibelen. Industria oparo baten aztarnak dira, eta XVI. mendean Ameriketara iritsi zirela baieztatu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu