Motorra eta argiak itzali, eskuko frenoa jarri, irratia piztu, eta, norberaren besaulkian, autoko kristalaren beste aldeko pantaila erraldoian argitzen diren irudiei so egin. Lasai, ondokoari molestatu gabe, eta pandemia garaietan garrantzitsuagoa den ezaugarri batekin: segurtasun distantzia mantenduz. Zinema ikusteko beste modu bat eskaintzen dute auto zinemek, eta badirudi COVID-19ak aukera berri bat eman diezaiokeela izarren azpian eskaintzen den zinemari. Norberak etxetik baitarama bere eserlekua.
Kabriolet zatarrean eta pantailaren aitzakiarekin sexu erasoa egin zion Dannyk (John Travolta) Sandyri (Olivia Newton-John) 1978. urteko Grease musikalean. 28 urte beranduago, Pixarren Cars filmaren bukaerako kredituekin batera, auto bizidunak filmak ikusten ageri dira, nola ez, auto zinema batean. Euskal Herrian ez dira ohikoak izan, baina, AEBetatik ailegatutako filmen ondorioz, ez dira arrotzak ere. Pantaila handian askotan agertu dira horrelako aretoak, maiz kutsu intimo edo erromantiko batez inguraturik. Baina Euskal Herrian bada auto zinema bat, eta Getxon (Bizkaia) dago.
Getxo auto zineman dena prest zuten maiatzaren 14an krispetak prestatu, motorrak berotu eta udaberri giroa aprobetxaturik autoetako ikusleei filmak eskaintzeko. Ezin izan dute ireki, aitzitik. Eusko Jaurlaritzak konfinamendua arintzeko lehenbiziko fasearen interpretazio murritza egin du, eta edozein aretotan kultur ekitaldiak egitea debekatu du. Beraz, film emankizunak atzeratu behar izan dituzte Getxon.
«Asko harritu ginen, gure negozioaren idiosinkrasiarengatik. Garai honetan, negozio seguruenetako bat da, ez baitago inolako kontakturik jendearen artean». Javier Castaños Getxo auto zinemaren jabeetako bat da, eta ez zaio ongi iruditu Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakia: «Izapide nahaspila baten modukoa da. Denak zaku berean sartuta gaude, eta ez digute esaten zergatik ezin dugun ireki». Bigarren fasean jarri dute orain itxaropena. Berriz ere ezustekorik ez bada, hurrengo fasean irekitzeko aukera izan beharko dute, beste zinema eta kultur aretoek bezala.
Pandemia garaietan, auto zinemaren alde agertu da Castaños: «Jendearen arteko distantzia mantentzea garrantzitsua da, eta hori erraz egin daiteke auto zineman. Sarrera Internet bidez erosi, zure autoan sartu, filma ikusi, eta alde egiten duzu». Horregatik, jende gehiago espero dute aretoa irekitzen dutenean. Hori bai, araudiari jarraikiz, edukiera murriztu beharko dute, hidrogela paratu komunetan, eta langileek eskularruak eta maskarak izanen dituzte. Terraza ere itxita egonen da, eta, ondorioz, tabernako janari eta edariak autoan hartu ahal izanen dira soilik.
AEBetatik Getxora
Auto zinema 1930eko hamarkadan sortu zuen Richard M. Hollingsheadek, AEBetan. Drive-in Theatre aretoa Camden hiriko Admiral Wilson bulebarrean eraiki zuen, 30. errepidean. Etxeko lorategian zenbait proba egin ondoren erabaki zuen negozioa martxan jartzea. Komedia batekin estreinatu zuen zinema areto berritzailea, Fred Nibloren Wives Beware filma izan baitzen autoan sartuta ikusgai izan zen lehenbiziko filma, 1933ko ekainaren 6an. Hollingsheadek umorerik ez zuen falta, hala baitzioen aretoko sarreran zegoen kartelak: «Familia osoa ongi etorria da; ez du axola haurrak zeinen zaratatsuak diren».
Dena den, bi hamarkada beranduago ailegatu ziren auto zinemak gailurrera. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan jende anitz joaten zen filmak autotik ikustera; 1958. urterako, 4.063 auto zinema zeuden AEBetan. Poliki-poliki gainbehera hasi zen 1970etik aurrera, eta, gaur egun, bestelakoa da egoera: mundu osoan 300 areto inguru daude. Gehienak AEBetan eta Australian daude, baina badira Europan, Mexikon eta Argentinan ere.
Euskal Herrian ez dira ohiko aretoak izan auto zinemak. Getxokoa duela bost urte ireki zuten, eta ordutik «lan handia» eta «eguneroko borroka» izan dira haien oinarria, Castañosek kontatu duenez: «Sektore zaila da, baina guk aisialdi alternatiba ona eskaintzen diogu jendeari». Haien eskaintzaren oinarria estreinaldiak dira, oraingo filmak. Hala ere, tarteka klasikoak ere ematen dituzte, «ongi funtzionatzen baitute». Auto zinemaren ezaugarri nagusietako bat «intimitatea» da Castañosen arabera, nor bere autoan baitago. Familian joateko egokia ere badela uste du: «Haurrentzat plan dibertigarria da, eta, gainera, berdin du zarata egiten badute, autoan daudelako».
Getxoko auto zinemak 120 autorentzako tokia du. Soinuarena omen da jende asko harritzen duten kontuetako bat. Izan ere, kalitate handiko soinua dela azaldu du Castañosek, zinemarako prestatua baita. «Ez da irrati soinua». Hori bai, nork bere irratia erabiltzen du filmeko solasaldiak eta soinu bandak ongi aditzeko, FMko 106,7 frekuentziaren bidez. Pantaila ere handia dute: 9x23 metrokoa, eta zinema digitaleko proiektorea erabiltzen dute irudiak pantailaratzeko.
Kantauri itsasoan ohikoa da euria, eta hori ere kontuan hartu dute Getxoko auto zineman: euritik babesteko biserak dituzte. Autoaren sabaian jartzen dira, eta, horrela, ez dira haizetako garbigailuak erabili behar. Beraz, ezker-eskuin mugitzen diren garbigailuek ez dute filma ikusteko edo aditzeko arazorik ematen.
Ireki zutenetik ez dituzte soilik filmak eskaini; bestelako ekitaldiak ere antolatzeko aprobetxatu dute kalean duten aretoa. «Orain beste ekitaldi batzuk antolatzeko aukera irekiko da: kontzertuak, ikuskizunak... Lehen, tarteka egiten genituen, baina, agian orain, maizago egingo ditugu». Castaños edozeri irekirik dago. Baina, batez ere, irekitzeko gogoz: «Lehenbailehen ireki nahi dugu».
Zinea autoko besaulkitik
COVID-19aren pandemia dela eta, zinema aretoak itxita daude. Distantzia neurriak mantentzeko modu egoki bat auto zinemak izan daitezke. Euskal Herriko auto zinema bakarra Getxon dago, eta, dagoeneko irekitzeko asmoa bazuten ere, Eusko Jaurlaritzak ez du baimenik eman. Hurrengo fasean irekiz gero, jende anitz espero dute. Are, zinemaz gainera, bestelako ekitaldiak egiteko prest dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu