Zabalik da Pandoraren kutxa

SARS-CoV-2 birusaren jatorria saguzarretan egon daitekeela zabaldu da. Susmo horrek saguzarrengan izan dezakeen kalteaz ohartarazi dute adituek. Joxerra Aihartza zoologoak, esaterako, globalizazioa jo du koronabirusaren zabalpenaren errudun nagusitzat.

Iparreko belarrihandia. Euskal Herrian aurki daitezkeen saguzarrik nabarmenetariko bat da. JOXERRA AIHARTZA.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2020ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Azken datuen arabera, COVID-19 birusak %92ko antzekotasuna du saguzarretan topatu den birus batekin. Horrek gizartearen jomugan jarri ditu animaliok. «Gakoa ez da jakitea zein den jatorrizko animalia, baizik eta nolatan izan den posible birus hori egokitzea gizakioi ere kalte egiteko», zehaztu du Joxerra Aihartza zoologo eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak. Hala ere, COVID-19ak saguzarrekin duen lotura argitu nahi izan du: «Birusa genetikoki aztertu da, eta, orain arte topatu diren birusekin konparatu ostean, antzekoena saguzarretan topatutakobirus bat omen da». Gaineratu duenez, «horrek, ordea, ez du ezer esan nahi». Izan ere, esan du halako proportzio batek ez duela zilegitasunik genetikan; besteak beste, gizakiek primateekin genetikoki %97 inguruko antzekotasuna dutelako. Azpimarratu duenez, egun oso informazio gutxi dago birusen inguruan, eta horren zati handi bat saguzarretatik eratorritakoa da; «Horra erruduntzat jotzearen arrazoietako bat».

Baina zergatik saguzarrak? Aihartzak beste bi arrazoi azpimarratu ditu: batetik, talde handitan bizitzeko joera, eta, bestetik, bizi itxaropen luzea. «Lan asko egin da saguzarrekin, eta, azkeneko hamarkadan, haien barruan bizi diren mota guztietako birus andana deskribatzea lortu da». Argudiatu duenez, saguzarrak «animalia konplexuak dira, oso», eta, era berean, talde handietan bizi direnez, logistikoki «abantaila handia» eskaintzen dute ikertzeko orduan. «Pentsa azterketa bat egiteko ehun saguzarren laginak eskuratu beharrean ehun hartzenak lortu behar dituzula; aldea dago, ezta?». Kolonia handietan bizi direnez, erraz azter daitezke, eta, hain konplexuak direnez, gai asko ikertzeko aukera ematen dute: «Horri iraupen luzekoak direla gehituta, aukera aparta ematen die birus ugariren ostalari izateko; ikerketarako modelo paregabeak direla esan genezake».

COVID-19 gaixotasunak sortzen duen kezka, ordea, bestelakoa dela uste du. Ondorioztatu duenez, helburua ez da aztertzea birusa zenbateraino den antzekoa, baizik eta jakitea zeluletan txertatzeko garatu duen mekanismoa nolatan izan daitekeen hain aproposa gizakien zeluletan txertatu ahal izateko. «Normalean saguzarrek euren birusak dituzte; behiek, eurenak; eta guk, gureak». Gogoratu duenez, «erabat normala» da: «Birusak gure baitan sartu daitezke, zeluletan txertatu eta ugaldu.Kitto. Sistema immunologikoak kontrolatu egiten ditu, eta bertan bizi daitezke kalterik eragin gabe». Birusak animalia batetik bestera «salto» egiten duenean sortzen da, berriz, arazoa. «Hori da oraindik ondo ulertzen ez duguna eta batik bat ikertzen ari dena».

SARS-CoV-2 birusari dagokionez, katuetan eta uroetan ere topatu dela baieztatu du Aihartzak, hala nola pangolin eta katajinetetan. «Esate baterako, amorrua animalietatik kutsatzen den gaixotan oso ohiko bat izan da urte luzez. Hemen azerietatik kutsatzen zen; Ameriketan, saguzarretatik ere bai». Azken urteetan halako «fenomeno» gehiago ezagutarazi direla dio. «Hantabirus batzuen jatorria saguzarretan dagoela uste da, eta gero zaldietara igaro direla, eta hortik gizakietara. NERS gaixotasuna, bestetik, dromedarioetatik kutsatu zen gizakietara, baina ez zuten haiek garatu; eta ebola ere saguzarrek tximinoei kutsatu eta tximinoek gizakiei kutsatu zietela uste da». Hau da, Aihartzak dioenez, gaixotasun batek, «oso ezberdinak» diren animalien artean «salto» hori emateko, bitartekari bat behar du halabeharrez; «bestela ezingo litzateke gizakiongana heldu».

Aitzitik, jakinarazi du animalietatik gizakietara igaro diren gaixotasun horien hastapenean mota guztietako espezieak egon direla, ez soilik saguzarrak. «Hor daude hegazti eta txerri gripeak, adibidez. Aziendetan talde handitan bizi dira animalia horiek, eta horrek handitu egiten ditu halako zerbait gertatzeko probabilitateak; gauza bera gertatu zen arratoiekin izurritearen garaian», arrazoitu du. Aihartzak dioenez, oraindik ere ez dago argi COVID-19 gaixotasuna non sortu den edo nondik egin duen salto gizakietara. «Argi dagoena da mutazio batzuk gertatzen ari direla hor, eta gugandik urrun zegoen birus bat gizakietara igaro dela, baina ez soilik gizakietara, baita mundu osora ere». Horregatik, globalizazio prozesu etengabea jo du «arrisku faktore nagusitzat».

GLOBALIZAZIOA ARRISKU

«Oso leku basati gutxi geratuko dira munduan, baten bat geratzen bada, gizakiaren eragina jasan ez duena». Gizakia munduaren «azkenengo txokoraino» heldu izanak sekula ezagutu gabeko birus poltsekin kontaktuan jartzea ekarri duela dio. Horrekin batera, globalizazioari atxikitako beste ideia bat ere plazaratu du: «Birus batek animalietatik gizakietara salto egitea ez da berria. Gauza da lehen istripuz edo mutazioz gizakietara salto egiten baldin bazuen, kasu bakartu gisa geratzen zela, eta egun, ordea, erraz zabaltzen dela mundu osoan». Are «errazago» globalizazioaren ondorioz mundu mailan dagoen animalien merkatu beltza kontuan izanda.

«Arazoa ez dira saguzarrak edo zenbat birus dituzten; arazoa gizakiok sortu dugun eredua eta garatu dugun jardun guztia da», nabarmendu du. Gizakiak sortu duen mugimendu fluxuak «arriskua» ekarri duela ohartarazi du: «Izugarrizko arazo baten erdian gaude orain, baina baziren hau aspalditik iragartzen zuten adituak». Gogoratu duenez, zientzialari askok denbora zeramaten pandemien arriskuei buruz hitz egiten. «Makina bat liburu daude gai horren inguruan; hainbat izan dira sortzen ari ginen bidearen arriskuaz mintzatu direnak, sortuko zituen arazoez eta horiei aurre egiteko genuen prestakuntza faltaz ohartaraziz; baina, gertatzen den arte...», atsekabetu da.

Azken finean, Aihartzaren aburuz, gizakia ari da «zubiak» eraikitzen birus horiek animalien artean zabaltzeko: «Globalizazioa; habitaten okupazioa; espezieen lekualdaketa, klima aldaketak eragindakoa; isileko ehizaren merkatuaren ondorioz, kontrolik gabe, munduko punta batetik bestera garraiatzen diren espezie basati eta exotikoak... Ekosistema erabat ezegonkor bat sortu dugu, eta mundu osoan zehar hedatu». Metaforari helduz, uste du gizakia «pertz erraldoi» bat ari dela «irabiatzen etengabe»: «Bertan egon zitekeen nolabaiteko oreka dinamikoa, mugikortasun txikiko salda, hankaz gora jarri dugu. Sekulako kaosa sortzen ari gara naturan, eta badirudi orain ari garela horrek izan ditzakeen ondorio larriez jabetzen; hala ere, hau guztia bagenekien; jakinaren gainean geunden».

KUTSATU: NORK NOR?

Koronabirusen hedapenaren ondorioz, munduko zenbait txokotan zabaldu egin da saguzarrenganako beldurra; izan ere, uste orokorraren arabera, haiek dira pandemiaren errudunak. Aihartzarentzat eta beste ikerlari batzuentzat, berriz, bestelakoa da kezka: «Saguzarren kontserbazioak biziki kezkatzen gaitu; hainbat dira arriskuan dauden espezieak —baita Euskal Herrian ere—, eta beldur gara, ezjakintasunak eta kontzientziazio faltak haien aurkako zalaparta bat sortu dezakeelako». Asian, esaterako, saguzarren aurkako zenbait eraso gertatu dira jada.

«Lehenik, argi utzi behar da jendeak saguzarrei buruz hitz egiterakoan uste duela animalia bakar batez ari dela; munduan, ordea, 1.300 espezietik gora daude», azpimarratu du. Hortaz, saguzarrez hitz egitea txoriez edota arrainez hitz egitea bezalakoa dela zehaztu du. «Denetarik dago; oso bizimodu ezberdineko espeziak daude, eta, beraz, generalizazioa oso arriskutsua da». Handiak eta txikiak, migratzaileak eta sedentarioak, kolonia handikoak edo txikikoak, fruitujaleak, intsektujaleak... «Aniztasuna sekulakoa da: ugaztunak eta hegalariak dira, eta, gizakien antzera, ugalkortasun baxukoak, iraupen luzekoak eta sozialki oso aktiboak.

Ostera, saguzar espezie asko galzorian daude, eta, Aihartzak dioenez, haiekin lan egiten dutenei kontrako kezka bat agertu zaie: «Orain ez ote diegu guk haiei kutsatuko jaso dugun COVID-19 birus hau?». Koronabirus horrekin zerikusirik ez zuten animaliak ere kutsatzen hasiak dira; etxeko katuak, kasurako. «Esaten dute oraingoz ez dela txakurrik kutsatu, baina, hala bada?», galdegin du. «Esan da txerriei eta oiloei ez diela eragiten, baina zer gertatzen da untxiekin eta ardiekin?», erantsi du. «Pandoraren kutxa da hau; ireki egin dugu, eta globalizazioak haren efektuak areagotu baino ez du egingo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.