Algortako Portu Zaharra (Bizkaia), 1972ko abuztuaren 12a. Herriko jaietako lehenengo eguna da, eta Antzarrak kuadrillak ardoa zerbitzatzeari ekin dio, Etxetxu eraikinaren atarian inprobisatutako tabernan. Txikiteroak dira lehen bezeroak, eta, ardoari zurrutada pare bat eman bai, baina ez dira edaria bukatzeko gai: «Arratoiak hiltzeko pozoia dirudi!». Orduan konturatu dira Antzarrak kuadrillakoak ardoa ozpindurik dagoela. Jakin badakite horrelako edaririk inork ez duela erosiko, baina ezin dute ardoa bota. «Festak finantzatzeko saldu behar genuen, eta horretarako konponbidea bilatzen hasi ginen», kontatu du Agustin Martinez Txintxu Antzarrak taldeko kideak. «Tabernan geneuzkan osagai gutxiekin koktel bat egitea otu zitzaigun, baina izen erakargarri bat behar genuen»; horra hor kalimotxo.
50 urte dira Portu Zaharreko jaietan 16 eta 19 urte bitarteko gazteek kalimotxo hitza asmatu zutela. Garai hartan bezain gazteak ez badira ere, Martinezek ongi gogoratzen du izena nondik datorren: «Koktelaren izena bilatzen ari ginela, berandu zetozen bi kide sartu ziren tabernan». Kalimero zen bata; Motxongo bestea. «Oihuka hasi zen norbait: 'Kali eta Motxo datoz!'». Kalimotxo. «Guztioi gustatzen zitzaigun». Behin izena lortuta, koktelaren osagai sekretuak bainuontzi batean nahastu zituzten: ardo ozpindua, Coca Cola, izotza, eta laranja eta limoi azalak. «Bero handia egiten zuen, eta jendeak gogoz eskatzen zuen kalimotxoa». Are gehiago: «Urte horretan gehien eskatu zen edaria izan zen».
Mundu osora
Edonork daki egun kalimotxoa zer den, baina sortu zen garaian ez zen batere ezaguna. «Sanferminetara joan, eta kalimotxo bat eskatu genuen txosnetan. Inork ez zekien zer zen», azaldu du Martinezek. Urtebete geroago, sanferminetara bueltatu zirenean, txosna denek eskaintzen zuten kalimotxoa.«Nazioarteko ateak ireki zizkigun», oroitu du Martinezek.
Kalimotxoa hain nazioarteko bihurtu zen, ezen Coca Colak hitza berea balitz bezala erregistratu baitzuen. Pepsik, bestalde, 2017ko iragarki batean erabili zuen termino hori: 1893. The kalimotxo. Eta, hori gutxi balitz, Kaliforniako enpresa bat Motxo izeneko edaria saltzen hasi da AEBetan. Dudarik gabe, kalimotxoaren ospea hazi besterik ez da egiten: «Leku askotan egondakoa naiz ni, eta edonon ezagutzen dute kalimotxoa orain. New Yorkeko egunkarietarako elkarrizketak ere egin ditut, eta, behin, nazioarteko kalimotxo koktel lehiaketa batera gonbidatu ninduten».
Antzarrak taldeko kideek inoiz ez zuten pentsatu nazioartean hainbesteko oihartzuna izango zutenik, baina jaiak salbatzeko edari gisa jaio zenak ahaztezin bihurtu ditu haiek guztiak. Hala, 50. urteurrenaren harira, Getxoko herriak omenaldi bat egingo die bihar 15:30ean, Algortako Portu Zaharrean. «Getxoko Udalak eman dezakeen saririk garrantzitsuena da Aixerrotako errotaren figura». Hori nahiko lukete jaso, hain zuzen, Antzarrak kuadrillakoek. «Bestela, omenaldira ez joatearekin mehatxatzen dute», esan du Martinezek, irribarrez.
Etxetxu eraikin historikoa
Biharko omenaldia ez da Antzarrak kuadrillaren eta kalimotxoaren omenez egiten den lehenengoa. Duela urte batzuk, Ignacio de la Torrek eta Natxo Ugartek Etxetxu eraikina erosi zuten, kalimotxoaren inguruko museo bat egiteko helburuarekin.
Etxetxuk izugarrizko garrantzi historikoa du herrian oraindik ere: «400 urte baino gehiago ditu. Arrantzaleen kofradia, lemarien eskola eta udaletxea ere izan zen», azaldu du Ugartek. Orain, eraikinaren goialdea apartamentu turistiko bihurtu dute jabeek, baina ez dute bertan behera utzi nahi behealdeko atarian museoa irekitzeko proiektua. «Lasaitasunez hartu nahi dugu proiektua, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatzen dizkigun baldintzak betetzeko».
Zer erakutsi nahi duten, ordea, argi dute: «Auzoaren historiaren nondik norakoak, bertako tradizio arrantzalea...». Eta, nola ez,kalimotxoa sortu zenekoa.
Kalimotxoa, nazioarteko edari
50 urte dira Antzarrak kuadrillak kalimotxoa sortu zuela, Algortako Portu Zaharreko jaietan. Egindakoa eskertzeko, omenaldi bat egingo diete abuztuaren 12an, Getxon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu