gorka julio
IRLEN SAREA

Token digital ez suntsigarriak

2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Associated Pressen zutabe digital bat 153.000 eurogatik, The New York Times-en beste bat 478.000 eurogatik, NBAko jokalari baten bideo digital bat 200.000 eurogatik eta artista baten irudi digital bat 70 milioi eurogatik saldu dira. Albistetik harago, token digital ez suntsigarrien merkatuaren eztanda suposatu du horrek.

Token digital ez suntsigarriak, lan digital baten egiletza eta originaltasuna ziurtatzen duen identifikadore kriptografiko ez faltsugarri bat da. Blockchain teknologia baliatuz, lan digital bat originala eta bakarra dela egiaztatzeko balio dute, gero hori merkatuan saldu ahal izateko.

Beeple artistak 5.000 egunetaneginiko obra digitalez osatutako collage bat izan da azkena. Enkantea 100ean hasi eta aipatutako 70 milioi eurotan saldu zioten bildumagile bati.

Murgil gaitezen horrek esan nahi duen guztian. Zergatik erosi dute horrelakorik eta prezio horretan? Lan horiek erreproduzigarriak badira, kasu honetan bada zerbait erreproduzigarria ez dena, artistak hamahiru urtez egunero lanari dedikatutako denbora hain zuzen ere. Museo birtual eta akaso finko bat egin nahi omen dute erosleek, baina benetan balio du ordaindutakoa?

Sakon joz: token bidezko merkatu horrek, jadanik merkantilizatuta, berriro ere merkantilizatzea suposatzen du. Hau da, adibidez egunkari bateko zutabea jada merkantzia bat da, egileari pagatu zaio eta harpidetzaz edo erosketa zuzenaz ordaindua izan da. Metodo horrekin, bigarren aldiz saltzea dakar.

Sakonerago oraindik jotzen badugu, balioaren eta prezioaren arteko desoreka beste maila batera eramaten du horrek ere. Prezioek, zerbaiten balioa islatzen zuenaren fikzioan bizi izan bagara noizbait —zalantzagarria da—, horrek arrakala handituko du. Berdin du irabazten duten dirua batzuk dohaintza bidez ematea; neoliberalismo kapitalistaren azelerazioa deskonponsizio hutsa da. Zahartzaroa merkantilizatzeko Silver economy definizioa bezalaxe.

Sisteman, oparoa dena —digitalki kopiagarriak diren edukiak, adibidez— eskasia artifizial batean bihurtzen dugu; eta, aldiz, urria dena (lurra eta ingurunea) oparoa balitz bezala txikitu; Amaia kideak esan moduan, «horrela jarraituko dugu, kodea jaten ez dela ulertzen dugun arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.